Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak patataren laborantza berreskuratzea proposatu die Arabako nekazariei, Hazitarako Patataren Plan Sektorialean lantzen ari diren neurrien aurrerapen gisa, eta 6,78 milioi euroko hasierako aurrekontua bideratuko du 2025/20256 aldian. Gaur arratsaldean, Amaia Barredo sailburua hazitarako patataren esparruko elkarteekin bildu da Lakuan, eta Hazitarako Patata Aktibatzeko Plana aurkeztu die.
“Hazitarako patata funtsezko osagaia da nekazaritzako ekoizpen-katean, eta kontsumorako patataren laborantzaren oinarria”, adierazi du Amaia Barredok sektoreko ordezkariekin egindako bileran. “Euskadin, bereziki Araban, patataren ekoizpena esanguratsua izan da tradizioz, nahiz eta azken hamarkadetan behera egin duen landutako azalerak”.
Plan berriaren helburua da hazitarako patataren laborantza suspertzea, Araban landutako hektarea-kopurua handituz eta sektorearen balio erantsia eta etorkizuneko bideragarritasuna hobetuz. “Hazitarako patataren laborantzak Araban gaur egun duen egoerak erronka- eta aukera-konbinazio bat jartzen du agerian”, esan die Amaia Barredo sailburuak Lakuan Nuestra Señora de Ocón Cooperativa, Alavesa de Patatas SA, Sociedad SAN VITOR, UDAPA Sozietate Kooperatiboa eta Arabako Foru Aldundiko ordezkariei.
Araba historikoki nabarmendu izan da hazitarako patataren ekoizpenean, bertako baldintza agroklimatiko egokiei eta nekazaritza-tradizio luzeari esker. Hala ere, 90eko hamarkadatik, labore horretara bideratutako azalerak behera egin du, eta 1985ean 5.600 hektarea izatetik 1995ean 700 hektarea baino gutxiago izatera eta 2024ko azken kanpainan 440 baino gutxiago izatera pasatu da. Murrizketa hori gorabehera, Arabako patataren kalitateak hobetzen jarraitu du, berrikuntza-ekimenek lagunduta.
Eusko jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren datuen arabera, 2024an Euskadik hazitarako patata ereiteko 440 hektarea zituen, guztiak Araban. Ekoizpen osoa 7.000 tonakoa izan zen.
Erreleboa
Arabak kalitatezko hazitarako patata ugaltzeko baldintza geografiko eta klimatiko egokiak ditu, eta patata hori ezartzeko ofizialki baimendutako nekazaritza-eremu bakarretakoa da. Labore horretarako erabilitako azalerak behera egin du. “Joera horri buelta eman behar zaio”, esan du Barredok. Sektoreak belaunaldi-errelebo faltari eta ekoizpen-kostuen, bereziki intsumoen eta energiaren kostuen, igoerari egin behar die aurre.
Gainera, ekoizleek beren gain hartutako arriskua handia da; izan ere, ekoizpena litekeena da ziurtatzerik ez izatea baldin eta birosi tolerantziak gainditzen badira, eta arrisku hori areagotu egiten da zorrien presio handiaren eta EBn neonikotinoideak debekatu izanaren ondorioz. Arabako hazitarako patataren ekoizleek “Europako beste herrialde batzuetatik etorritako oinarrizko patata ugaltzen dute (% 80). Euren helburua patata ziurtatua lortzea da, ondoren kontsumorako patataren ekoizleei saltzeko. Oinarrizko patataren eskariaren % 6ri baino ez zaio erantzuten bertako oinarrizko eta oinarri aurreko patatarekin. 1990eko hamarkadan, Arabak oinarrizko patataren % 60 hornitzen zion bere buruari.
Araban ugaltzen diren barietateak libreak deiturikoak dira, egungo merkatuaren joerarekin kontrajarrita, balio erantsi handiagoko barietate babestuen ugalketa nagusitzen baita. “Hazitarako patata ekoizteko baimendutako entitateek funtsezko zeregina dute ekoizpen-katean; izan ere, nekazariek kontsumorako patatak ereiteko erabiltzen duten material begetala, hazia, sortzeko ardura dute”, adierazi du Amaia Barredok.
Merkatuak
“Hala ere –gaineratu du Nekazaritzako sailburuak–, Euskadiko gaur egungo testuinguruan eta, zabalago, Estatuaren gainerakoan, batez ere oinarrizko patataren ugaltzaileak izanik, merkatu gehiena enpresa gutxi batzuen esku biltzen da, horietako asko Herbehereetan, Frantzian eta Alemanian kokatuak; inportatutako materialarekiko mendekotasuna handia da; azpiegitura espezializatuak falta dira; oztopo arautzaileak eta teknikoak daude; eta klima-aldaketari lotutako hainbat baldintza.
Euskal Autonomia Erkidegoan, hazitarako patata ekoizteko baimendutako entitateek Europako araudiak ezarritako baldintza jakin batzuk bete behar dituzte: beharrezkoa da entitateak hazitarako patataren ekoizle-titulua izatea, aurretik haziaren kontrolak eta landako ikuskapenak egitea, hazi ziurtatua ereitea eta hazitarako patata lantzeari, biltegiratzeari eta kontserbatzeari dagokienez aplikatzekoa den araudia betetzea.
Arlo horretako entitate nagusietako bat NEIKER da, eta kalitate handiko hasierako materiala ekoizten du, gainerako entitateek ugaltzeko erabil ditzaketen mini-tuberkuluak, alegia. Era berean, hazitarako patata ziurtatuaren entitate ekoizle gisa aitortuta daude Udapa S. Coop., Alavesa de Patatas, San Vitor eta Nuestra Señora de Ocón.
Espezializazioa
Euskadin, oinarrizko patataren ekoizpenaren espezializazioa % 6an mantentzen da Alavesa de Patatas eta NEIKERek sostengatuta, mini-tuberkuluak ekoizteaz arduratzen baitira. Europa iparraldeko herrialdeak dira espezializazio horri eutsi diotenak, batez ere enpresa pribatuek barietate berriak lortzeari lotuta.
Amaia Barredok aipatu duen beste analisi-elementu bat barietateak Euskadiko baldintza agronomikoetara egokitzearena izan da, eta, horien artean, klimari dagozkionetara. “Horrela, hazitarako patataren garapen genetikoa funtsezkoa da nekazaritzako autosufizientzia indartzeko, laborearen jasangarritasuna hobetzeko eta barietateak eskualde bakoitzeko baldintza agroklimatiko espezifikoetara eta kontsumitzailearen orientazio kualitatibora egokitzeko”, adierazi du Barredo sailburuak.
Barredok “Edurne” barietatea aipatu du estrategia horren adibide nabarmen gisa; Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundeak (NEIKER) garatu du UDAPA kooperatiba arabarrekin lankidetzan. “Edurne” azal fineko eta haragi hori argiko patata da, eta frijitzeko nahiz egosteko gaitasun bikaina erakutsi du. Barietate hori Arabako soroetan egin da, eta egokitzapen agronomiko ona erakutsi du. Ugalketaren lehenengo urteetan dago oraindik, eta azken kanpainan 34.500 kilo zigilatu dira.
Planaren justifikazioa
“Dena den, gaur egungo egoerak aukera-elementu batzuk ere baditu, eta erabakitasunez jardutea komeni dela berresten dute. Lehenik eta behin, lurraldeak hazitarako patatan diharduen kooperatiba-egitura sendo eta finkatua du, eta sektorearen hazkundearen aldeko konpromisoa duela adierazi du, epe ertainerako inbertsio-plan anbiziotsu batekin. Instalatutako gaitasun horri esker, ekoizpena, prozesua eta merkaturatzea eraginkortasunez antola daitezke, balio erantsia jatorrian sortuz.
Horri gehitu behar zaio gero eta handiagoa dela estatuan eta nazioartean patata-hazi ziurtatuaren, jatorri trazagarria duen eta elikagaien segurtasun- eta jasangarritasun-irizpideen arabera ekoitzitako patata-haziaren eskaria. Joera horrek merkatu-aukera berriak irekitzen ditu bere kalitateari esker dagoeneko ospea finkatuta duen Arabako ekoizpenarentzat. Modernizazioa aukera bat da profil profesional berriak, gazteagoak eta teknifikatuagoak, erakartzeko, modu horretan belaunaldi-erreleboa bultzatuz beteranoa den sektore batean.
“Erakunde-esparrua ere aldekoa da. Plana nekazaritzako, ingurumeneko eta landa garapeneko politikekin eta Belaunaldi Erreleborako Euskal Estrategiarekin lerrokatzeak finantzaketa-tresnak eta laguntza teknikoa eskuratzeko aukera ematen du, eta horrek ezarpena erraztu dezake. Hazitarako patata bultzatzeak aukera argia sortzen du tokiko ekonomiaren garapenean; izan ere, biztanleria landa-ingurunean finkatzeko, enplegu egonkorra sortzeko eta lurraldean ekonomia dibertsifikatuagoa eta erresilienteagoa sustatzeko aukera ematen du”, azaldu du Amaia Barredok.
Helburuak
Helburu orokorrak landutako azalera gehitzera bideratuta daude: Araban hazitarako patata ekoizteko erabiltzen diren hektareak % 50 gehitzea, bost urteko epean. Hori lortzeko, ustiategi berriak sartzea, nekazariei laguntza teknikoa ematea eta baldintza agroklimatiko egokiak dituzten eremuetan laguntza espezifikoa ematea bultzatuko da. Bai eta laborearen kalitatea eta errendimendua hobetzera ere, nekazaritza-jarduera aurreratuak ezartzea sustatuz, produktibitatea, landare-osasuna eta produktuaren balio erantsia areagotzeko.
Helburu espezifikoak sektorearen balio-katea indartzera bideratzen dira batez ere. Nekazarien, kooperatiben, NEIKER bezalako zentro teknologikoen eta administrazioen arteko lankidetza estua sustatzea kate integratu eta efizientea garatzeko; ekoizpen-sektorearen formakuntza eta aholkularitza espezializatua bultzatzea; laborearen ezagutza zientifiko eta teknologikoa indartzea; barietate berrien ekoizpena gidatzea; eta nekazaritza- eta ingurumen-jasangarritasuna sustatzea.
Amaia Barredok sektoreari aurkeztu dizkion neurriak hiru jarduera-ardatz nagusitan egituratzen dira –Ezagutza, Inbertsioak eta Sektorea aktibatzea–, Arabako lurraldearen ezaugarrietara egokitutako ekoizpen-eredu efiziente, jasangarri eta lehiakorra garatzeko zutabe osagarri gisa pentsatuak.
Neurri horien bidez, 2029rako 8.200 hektarea baino gehiago lortu nahi dira, eta, horrekin, labore horrek Araban duen eragin ekonomikoa bikoiztu nahi da.
“Horrekin batera, nekazaritzako errentagarritasuna hobetuko da, ohiko kontsumorako patata baino prezio hobean saldutako tona gehiago izango direnez, eta horrekin hektareako marjina gordina handituko da. Eragin ekonomikoaz gain, hazkunde hori funtsezko aurrerapen estrategikoa da Arabako nekazaritza-sektorearentzat; izan ere, tokiko balio-katea indartzen da, kooperatibak, aukeraketa-zentroak eta enpresa hornitzaileak bultzatuz; inportatutako haziaren mendekotasuna murrizten da ekoizpen-subiranotasun handiagorantz eginez eta arrisku fitosanitarioak minimizatuz”, adierazi du Amaia Barredok.
Sailburuaren ustez, “Planak nekazaritzako errentagarritasuna hobetuko du, kontsumorako patatak baino balio erantsi handiagoa duen laborea baita; posizionamendu lehiakorra lortuko du Estatuko merkatuan hazi ziurtatuaren hornitzaile gisa; eta belaunaldi-erreleboa bultzatuko du nekazaritzan, labore teknifikatu eta profesionalizatu batean aukerak sortuz”.