Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialaren Liburu Zuria txosten sakona da, sektoreak Euskadin duen egoera, bilakaera eta erronkak aztertzen dituena. Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko Sailak egin du, Hirugarren Sektore Sozialaren Euskal Behatokiaren esparruan, eta datu kuantitatiboak zein kualitatiboak biltzen ditu, erakunde sozialen ikuspegi integrala emateko.
Datuak
Euskadik 4.259 erakunde ditu (1,9 erakunde 1.000 biztanleko). Erakunde horietan 45.624 pertsonak lan egiten dute eta 168.291 boluntarioren lana bideratzen da. Sortzen duten bolumen ekonomikoa 2.045 milioi eurokoa da, Euskadiko Barne Produktu Gordinaren % 2,4 hain zuen ere. Zifra hori Hirugarren Sektore Sozialak Estatuan duen eragin ekonomikoaren gainetik dago (BPGaren % 1,4).
Ohikoena erakunde bateko boluntarioen kopurua 10 eta 50 pertsona artekoa izatea da eta horietatik % 62,1 emakumeak dira. Erakundeek ordainpeko langileak dituzten kasuen % 70etik gorakoan ordainpeko pertsonen kopurua 10 pertsonatik beherakoa izaten da. Horrez gain, arlo horretan, sektoreak feminizazio argia erakusten jarraitzen du, enplegatutako pertsona gehienak,
% 74, emakumeak baitira.
2021etik 2023ra bitartean, sektoreak hazkunde etengabea izan du. Euskadik 4.259 elkarte eta fundazio ditu gaur egun, orain dela lau urte baino 300 gehiago. Gainera, sektorean inplikatutako pertsonen kopurua nabarmen hazi da, bai enpleguan, baita boluntariotzan ere.
Bizkaiak Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialaren (EHSS) zatirik handiena kontzentratzen jarraitzen du, 2.395 erakunderekin ( % 56,2), ondoren Gipuzkoa dator 1.231rekin ( % 28,9) eta Araba 633rekin ( % 14,9). Hala ere, biztanle bakoitzeko erakundeen dentsitateak alde txikiagoa du: 2,10 Bizkaian, 1,91 Araban eta 1,71 Gipuzkoan.
Boluntariotza ekintzak ardatz dituzten erakundeak dira, irabazi-asmorik gabekoak, pribatuak, autogobernatuak eta autogestionatuak. Haien egoitza zein jarduera Euskadin errotuta dituzte eta erakunde horien helburu nagusia zaurgarritasun, bazterkeria edo mendetasun egoerei aurre egiten dieten pertsonen, familien, kolektiboen edo komunitateen gizarteratzea da. Baita garapenerako lankidetza eta eskubide horien benetako egikaritzea sustatzea ere. Gizarte-ekintza eraikitzeko eta elkartasuna zein bizikidetza sustatzeko oinarrizko zutabea da.
2015ean hasi zen Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialaren diagnostikoen serie historikoan Liburu Zuria katebegi berri bat da. Izan ere, 2025ean hamar urte beteko dira lehen Liburu Zuria argitaratu zenetik. Hamar urteko aldaketa esanguratsuak dira Euskadiko gizarte-erakundeentzat, aurrerapen handiak egin baitituzte beren egituran eta sektore barruko lankidetza-prozesuetan. Era berean, gizartea eraldatzeko funtsezko eragile gisa duten aitorpena eta babesa zabaltzen ere ikusi dute, euskal administrazio publikoek eta herritarrek bultzatutako arau-esparru eta esparru estrategiko baten bidez.
Erronkak
Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialaren etorkizunari begira, hamabi erronka zehaztu dira Liburu Zurian:
1. Sektorearen eredu komunitarioa eta nortasun kolektiboa finkatzea.
2. Ongizateari egindako ekarpena ikusaraztea eta haren ekarpen soziala eta
ekonomikoa.
3. Gero eta konplexuagoak diren errealitate berrietara egokitzeko gaitasuna bultzatzea.
4. Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialaren gaitasun kritikoa eta gizartean duen eragina sustatzea.
5. Boluntariotza indartzea, komunitatearen zutabe gisa.
6. Pertsonak atxikitzea eta erakartzea belaunaldien arteko erreleboari aurre egiteko eta emakumearen lidergoa indartzeko.
7. Iraunkortasunean eta finantzaketan aurrera egitea.
8. Gizartearen ekarpenarekin bat datozen kudeaketa eta antolaketa-eredu berritzaileak sustatzea.
9. Jarrera proaktiboa eta ekintzailea bultzatzea.
10. Eragile guztiekin harreman eta lan-esparru mistoak finkatzea.
11. Barne-lankidetzan aurrera egitea eta sektorearen zilegitasun soziala indartzea.
12. Ongizatearen Agendari laguntzea, EHSSren agenda propioarekin.
Jardunaldia
Euskadiko Hirugarren Sektorearen Liburu Zuria aurkezteko Kursaal Jauregian (Donostia) egin den jardunaldian sektoreko elkarte eta kolektiboetako 100 ordezkarik baino gehiagok hartu dute parte. Jardunaldiaren helburu nagusia Liburu Zuri berrian jasotako sektorearen datu nagusiak ezagutaraztea izan da, baita diagnostikoaren ondoriozko erronkak eta orientabideak azaltzea ere. Era berean, EHSSk dituen erronkei buruzko gogoeta egin da, gizarte-erronka berrien larrialdiak eta, ondorioz, politika publikoak eta zaintza-sistemak egokitzeko beharrak markatutako eraldaketa-testuinguruan. Hona hemen jardunaldiaren egitaraua:
09:45 – 10.00h. Partaideen harrera
10:00. Irekiera
10:05-10:15. Jardunaldiaren aurkezpena Nerea Melgosaren eskutik (Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburua)
10:15-11:15. Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialaren Liburu Zuriaren aurkezpena Iker Fernández eta Lucia Merinoren eskutik (Hirugarren Sektore Sozialeko Behatokia)
11:15-11:55. Mahaingurua «EHSS erronka sozial berrien aurrean: erantzun berritzaileak eta eragileen arteko lankidetza». Bertan parte hartuko dute Ignacio Fariñak (Eusko Jaurlaritzako Etorkinen Harrera eta Integrazioko zuzendaria), Karmele Acedok (Gizarte Zerbitzu Integratuen Taldeko CEOa), Noelia Moyanok (Bogan Taldeko Garapen Teknikoko Zuzendaritza) eta Aitziber Zubillagak (Emaus Gizarte Fundazioko zuzendari nagusia).
11.55h. Jardunaldiari amaiera Itziar de la Peñak (Eusko Jaurlaritzako Hirugarren Sektore Soziala eta Gizarte Ekintza Sustatzeko zuzendaria) emango dio.
12:00etan Networkinga eta kafea






