Jaurlaritzak berrikuntzarekin konprometitutako eta mundura irekitako hezkuntzaren alde egindako apustua mabarmendu du Begoña Pedrosak

0

Bederatzi euskal etxek jaso dute eTwinning Schools saria hezkuntza berritzaile batekiko konpromisoagatik eta bi euskal irakaslek jaso dute Estatuko saria gaurko lehiaketan.

Orain arte, 2.011 irakaslek eta 514 ikastetxek hartu dute parte eTwinning proiektuan. Hezkuntzako sailburuak herrialdeen arteko elkarlana azpimarratu du, beste errealitate batzuetatik ikasteko bide gisa; “erakusten diguzue ikastea elkarlanean aritzea, hunkitzea, elkar errespetatzea eta elkarrekin haztea ere badela”, adierazi du.

Begoña Pedrosa Hezkuntzako sailburuak eTwinning proiektuaren 20. urteurrena ospatzeko jardunaldietan parte hartu du gaur. Ekitaldia Donostiako Aquariumean egin da, eta eTwinning Schools 2025-2027 Euskadiko zortzi ikastetxeren zuzendaritzen lana ere aitortu da bertan. Era berean, estatu mailako saria jaso dute Euskadiko bi irakaslek.

eTwinning Europako Batzordearen Eramus+ ekimena da. Hezkuntza, prestakuntza, gazteria eta kirol esparruetako mugikortasun-programa europarraren parte da. Helburu nagusia da Europar Batasunean ikastetxeen arteko lankidetza sustatzea, informazioaren eta komunikazioaren teknologien (IKT) bidez. “Hezkuntza ulertzeko modu bat ari gara ospatzen gaur: munduari irekia, lankidetza oinarri duena” nabarmendu du Pedrosak.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntzako sailburuak esker onak eman dizkie zuzendaritza-talde eta irakasleei: “eskerrik asko erakusteagatik irakasle eta ikasleek ilusioz eta helburu berdinaz lan egiten dutenean ikaskuntza-esperientzia partekatua, bizia eta eraldatzailea bihurtzen dela”. Aldi berean, ikastetxeen jarduna nabarmendu du, “egunero metodologia berritzaileen alde egiten baitute, egungo erronkekin lotutako eskolaren alde, eta inor atzean utzi gabe etorkizunari begira dagoen hezkuntzaren alde”.

Ekitaldian zehar, ikaskuntza-esperientzia errealen berri eman da, ikaskuntzak “egindako bidea baloratzen denean eraldatzailea dela frogatzen duten adibideak: nola egin duzuen lan elkarrekin, nola lagundu duzuen, erronkei nola aurre egin diezuen eta nola aberastu zareten elkar prozesuan zehar”, amaitu du Pedrosak.

Sailburuak eTwinning europar komunitatean euskal ikastetxeen parte-hartzea areagotu izana nabarmendu du. Azken urteetan aurrerapausoa eman da internazionalizazioan. Orain arte, 2011 irakaslek hartu dute parte, 1.603 proiektu egin dira, eta 514 ikastetxek hartu dute parte. Orain arte 4 aintzatespen jaso dira estatu mailan, eta gaur beste bi. Europa mailako sariak, aldiz, 17 dira.

Proiektu berritzaileak ezartzeko lidergoaren erakusgarri

Gaurko ekitaldian, zuzendaritza hauek aintzatetsi dira: IES Urbi BHI (BASAURI) Jon Mendiolagoitia/ SAN FELIX IKASTOLA (ORTUELLA) Aitor Elorriaga/ Colegio de Berrio-Ochoa Hermanos de la instrucción Cristiana (BILBO) Emilio de la Fuente / OROKIETA HERRI ESKOLA (ZARAUTZ) Maider Cachón/ IES MIGUEL DE UNAMUNO BHI (BILBO) Ana Mendizabal, IES ETXEBARRI BHI (ETXEBARRI) Ainhoa Artesano/ IES KOLDO MITXELENA (VITORIA-GASTEIZ) Nora Madariaga/ IES BOTIKAZAR BHI (BILBO) Idoia Pujana/ IKASBIDEA IKASTOLA (Durana) Ana Arregi.

Halaber, Vitoria-Gasteizko IES KOLDO MITXELENA BHIko Sheila Madrazoren eta Basauriko IES URBI BHIko Karmele López de Abetxukoren lana aintzatetsi da, Europa mailan lankidetza-proiektuak garatzen egindako lan nabarmenagatik.

Hezkuntzako sailburuak guztiak zoriondu ditu, eta nabarmendu du aintzatespen horrek indartu egiten duela Euskadik hezkuntza-proiektu berritzaileak ezartzeko eta irakaskuntza internazionalizatzearen aldeko apustuan duen lidergoa. Eusko Jaurlaritzaren konpromisoa da “bikaintasuneko hezkuntza sistema baterantz aurrera egitea, gero eta inklusiboagoa, berritzaileagoa, konektatuagoa eta gizatiarragoa izango dena”, amaitu du.