Osakidetzak informazio eguneratua eskaintzen die emakumeei haien osasunaz zaintzeko klimaterioan eta menopausian

0
PRUEBA

MAIATZAREN 28A, EMAKUMEEN OSASUNAREN ALDEKO EKINTZAREN NAZIOARTEKO EGUNA

  • Profesionalek baliozkotutako datuak hartzen ditu barne, etapa hori identifikatzen jakiteko eta bere kausak ezagutzeko, eta aholkuak ere ematen dira bizitza osasungarria mantentzeko eta gaixotasun kronikoen arriskua murrizteko
  • Informazioa Osasun Eskola+ plataforma berrian dago eskuragarri, zeina diseinatuta baitago pertsonek beren osasuna zaintzen inplika daitezen eta erabakiak hartzen parte har dezaten

Maiatzaren 28an, asteazkenean, Emakumeen Osasunaren aldeko Ekintzaren Nazioarteko Eguna da; hortaz, Osakidetzak gogorarazi nahi dizu menopausiari eta klimaterioari buruzko eduki eguneratua jarri duela zure eskura, emakumeek bizitzako etapa horretan beren osasuna zain dezaten. Informazioa eskuragarri dago Osasun Eskola+ plataforma berriaren bidez. Plataforma horrek informazioa eta tresnak eskaintzen ditu bakoitzak bere osasuna zaintzen inplikatu ahal izateko eta erabakiak hartzen parte hartu ahal izateko.

Klimaterioaren eta menopausiaren inguruko eduki berriak informazio erabilgarria eta ulerterraza ematen du, formatu eskuragarri eta diseinu erakargarriarekin. Adituen diziplina anitzeko talde batek sortu ditu materialak, azken ebidentzia zientifikoen arabera.  «Klimaterioa, berez, bizitzako etapa naturala da, ez da gaixotasun bat edo patologia bat, prozesu fisiologiko bat baizik. Emakume bakoitzak hainbat modutan bizi dezake une hori,» azaldu du Begoña Belarrak, erizaina eta Osasun Eskola+ plataformaren edukien arduraduna denak.

Hala, Osakidetzak klimaterioaren eta menopausiaren oinarrizko alderdiak azaltzen ditu plataforma honen bidez. Klimaterioa, berez, menopausiaren aurreko, bitarteko eta ondorengo bizi-etapa da, eta, hilekoen amaierarekin lotura izateaz gain, beste aldaketa fisiko, sozial eta emozional batzuekin ere badu zerikusia. Menopausia, bestalde, menstruazioa behin betiko desagertzea da; hilekorik gabe 12 hilabete igaro ondoren gertatzen da, hura eragiten duen beste kausarik ez dagoenean. Emakume gehienek 45 eta 55 urte bitartean izan ohi dute.

Plataformaren bidez, etapa horretan gaudela eta horren arrazoiak identifikatzen irakasten da, eta zainketak eskaintzen dira, fase horretan bizitza osasungarria izateko eta gaixotasun kronikoen arriskua murrizteko. Zainketen artean, besteak beste, elikadura, ariketa fisikoa, loa, zoru pelbikoaren zaintza eta osasun emozionala jorratzen dira. Etapa honetan izaten diren sexu-harremanak ere lantzen dira, baginako osasun egokia izateko aholkuen bidez, adibidez.

Azkenik, klimaterioak eta menopausiak emakumearen bizi-kalitateari nabarmen eragiten diotenean jarraitu beharreko tratamendu farmakologikoei buruzko zalantzak argitzen dira, eta egon daitezkeen arriskuak ere azaltzen dira.

OSASUNA ZAINTZEKO PLATAFORMA BERRIA

Informazio hori guztia Osasun Eskola + plataforman dago. Plataforma digital berria herritarrek beren osasuna zaintzeko duten gaitasuna hobetzeko sortu da.  Besteak beste, kontsultan bertan profesional sanitarioei edukia agindu edo preskribatzeko aukera ematen die (ikastaroak, tailerrak, multimedia-materiala…), pazienteek eta familia zaintzaileek ezagutza gehiago izan ditzaten eta beren gaixotasuna hobeto kudea dezaten.