Justizia eta Giza Eskubideen sailburuak “indarkeria mota guztiak deslegitimatzen dituen memoriarekiko” konpromisoa berretsi du biktimen aurrean

0

María Jesús San José Justizia eta Giza Eskubideetako sailburuak ETAk eta Komando Autonomo Antikapitalisteko hildakoen senideen eta terrorismoaren biktimen kolektiboen aurrean berretsi du “indarkeria mota guztiak deslegitimatzen dituen memoriarekiko” konpromisoa, “memoria kritikoa, erlatibismorik eta ekidistantziarik gabea” zehaztuta. Halaber, “herrialdearen memoria kolektiboaren parte izango den” memoriaren aldeko konpromisoa ere badela adierazi du.

San José sailburuak erabat argitu gabeko kasuetako ETA talde terroristaren eta Komando Autonomo Antikapitalisteko biktimak oroitzeko eta aitortzeko koadernoen beste entrega batean parte hartu du gaur goizean Gasteizko Goiuri Jauregian. Biktimen senideak, erakundeetako ordezkariak eta biktimen elkarteak bildu dira omenaldi hunkigarri horretan. Ekitaldi berri hau Eusko Jaurlaritzaren ekimenaren laugarren edizioaren parte da, eta dagoeneko ia 200 koaderno argitaratu dira 2021etik. Oraingo honetan 29 dokumentu berri egin dira, eta horietatik lau gaur entregatu dira eskura.

Giza Eskubideen eta Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzak Terrorismoaren Biktimen Elkartearekin (AVT) batera bultzatutako Oroitzapenerako eta Aitorpenerako Koadernoetan biktima bakoitzaren historia pertsonala, hilketaren testuingurua, espediente judizialen egoera eta familiek emandako material grafikoa jasotzen dira. Sailburuak berak sinatutako mezu instituzional bat ere badakarte; Eusko Jaurlaritzaren onarpen ofiziala adierazten du eta atentatu bakoitzaren bidegabekeria azpimarratu.

Egia jakiteko eskubideari ekarpena

Koaderno hauek “omenaldi sinboliko bat baino askoz gehiago” direla azpimarratu du Justizia eta Giza Eskubideen sailburuak. “Erreparazio-ekintza dira, egia jakiteko eskubideari ekarpena egiten dute, eta oroitzapenean eta balio demokratikoetan hezteko tresna dira”.

Ildo horretatik, konpromisoa berretsi du “memoria kritiko batekin, ekidistantziarik gabe, biktimarioak zuritzea eta ahanzturarik onartuko ez duena. Oroitzapen horrek argi eta garbi esaten du hiltzea gaizki egon zela, bidegabea izan zela, kalte konponezina eragin zuela eta kausa bakar batek ere ez duela izua erabiltzea justifikatzen”.

San Josék adierazi duenez, oroitzapen-ekitaldi horren esanahi gizatiar eta sozialarekin batera, “konpromiso utziezina berresteko gaude hemen: terrorismoaren biktimei etengabe laguntzea”. “Badakit halako ekitaldiek ezingo dituztela zuen senidek itzuli, baina atsekabean lagun diezazuekegu eta hala egin behar dugu”, berretsi du. Gaineratu duenez, “zuen senideen historia kontatzea bermatu nahi dugu, haien bizitza ez dadila hilarri bateko data bat besterik izan, eta haien duintasuna ez dadila itzalean geratu. Zuen memoria herri honen memoria kolektiboaren parte da”.

Eta amaitzeko, erantzukizun partekatuaren eta itxaropenaren mezua zabaldu du. “Gaur eraikitzen ari garen Euskadik itxaropenez begiratzen dio etorkizunari, baina memoriari uko egin gabe. Izan ere, memoriatik, justiziatik eta egiatik soilik adieraz dezakegu ozen: inoiz gehiago ez”, amaitu du.

Ekitaldian erakundeetako ordezkari ugari izan dira, hala nola, Arritxu Marañón Giza Eskubideen, Memoriaren eta Bizikidetzaren sailburuordea, Alfonso Gómez Justiziako sailburuordea, Ainhoa Zugasti Giza Eskubideen eta Biktimen Arretarako zuzendaria, Alberto Alonso Gogora – Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendaria, Marisol Garmendia Gobernuak Euskadin duen ordezkaria, Barne Ministerioko Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko zuzendari nagusia, Montserrat Torija; Ramiro González Arabako Ahaldun Nagusia, Maider Etxebarria Vitoria-Gasteizko alkatea, baita hainbat lurraldetako biktimen dozena bat elkarte baino gehiagoren ordezkariak ere.