Bilboko Harreragunek, bere hasierako sei hilabeteetan 1.960 etorkini arreta eskaini die

0

Bilbon migratzaileen harreran, informazioan eta orientazioan espezializatutako zerbitzu publikoak aurreko azaroan ireki zituen ateak.

Harreragune migratzaileak hartzeko, informatzeko eta orientatzeko zerbitzu publiko espezializatua da. Eusko Jaurlaritzak eta Bilboko Udalak sortu dute, eta Zehar Errefuxiatuekin erakundeak kudeatzen du. Helburua da Bilbora iristen diren migratzaileei hirian ezartzeko prozesuan laguntzea, baita eskubideak eta aukerak berdintasunean eskuratzen laguntzea ere. Harreragunek Bilboko edozein adin, genero, jatorri edo egoera administratibotako pertsonak artatzen ditu. Harreragunek migratzaileen trebetasunak, ezagutzak eta esperientzia bultzatzen dituen ikuspegi batetik lan egiten du, hirian haien bizi proiektua eraikitzen laguntzeko.

«Udal gisa, Eusko Jaurlaritzarekin eskuz esku, eta Zehar Errefuxiatuekin bezalako erreferente sozialen kudeaketarekin, argi eta garbi kulturarteko hiria kudeatzeko gure erantzukizun publikoa onartzen dugu. Gure eskumeneko lege-esparruan egiten dugu, esperientzia onenetatik ikasi nahi dugulako, inspiratzen gaituzten udal-jardunbideei jarraituz (Bartzelona, Milan, Londres…), baina, batez ere, konbentzimendu demokratiko eta etikoagatik egiten dugu. Jarrai dezagun Bilbo abegikor, justu eta anitza eraikitzen» adierazi du Iñigo Zubizarreta Giza Eskubideen, Bizikidetzaren, Lankidetzaren eta Kulturartekotasunaren zinegotziak.

Zerbitzu hori Harrerako Euskal Ereduaren hedapenean kokatzen da, eta Migraziorako Euskal Itun Sozialean hartutako erakunde arteko konpromisoei erantzuten die. Ekimen horrek, eskubideen ikuspegitik, inklusioa eta kultura arteko bizikidetza sustatzen ditu Euskadin.

«Euskadi migrazio-prozesuekin lotura handia duen herrialdea da. Mendeetan zehar, urrutiko lurretan ekiteko gaitasuna izan dugu, baina baita gure artean bizitza hobetu nahi zuten pertsonak hartzekoa ere. Ondo dakigu bide horretan urratsak ematen hasten den pertsona batek norbait ezagutzea eta informazioa zein orientazioa jasotzea ezinbesteko dituela. Hau da Harreraguneko gunea: harrera, entzutea, informazioa eta orientazioa. Harreratik abiatuta, herritarrekiko prozesuak eta parte-hartze soziala errazteko gai bagara, herrialde hobea eraikiko dugun uste sendoak bultzatzen gaitu «adierazi du Ignacio Fariña Eusko Jaurlaritzako Etorkinen Harrera eta Integraziorako zuzendariak.

Datuak

2024ko azaroaren 18tik 2025eko maiatzaren 15era bitartean, 1.960 pertsonak izena eman dute Harreraguneko datu-basean, eta datu-basearen erabiltzaile bihurtu dira. % 62 gizonak izan dira eta % 38 emakumeak. Artatutakoen % 36k 26 eta 35 urte bitartean zituen, % 26k 36 eta 45 urte bitartean, eta 18 eta 25 urte artean % 21ak. Bestalde 46 eta 55 urte bitartekoen kopurua %12koa izan da. Arreta jasotako pertsonen jatorria 70 herrialdetakoa izan da eta jatorriari dagokionez herrialde nagusiak Maroko, Kolonbia, Aljeria, Venezuela eta Peru izan dira.

Arreta eta kontsultak

Harreragunen, pertsonek ez dute aurretiko hitzordurik behar eta arreta jasotzeko batez besteko itxaronaldia 9 minutukoa da. Era berean, azpimarratu behar da arreta-denboraren batez bestekoa 34 minutukoa izan dela. Zerbitzuan egindako eskaera nagusiak gai juridikoekin, sozialekin, oinarrizko premien estaldurarekin, etxebizitzarekin, erroldatzearekin, prestakuntzarekin, enpleguarekin, osasun-arretarekin, ikasketen homologazioarekin, gaztelania ikastearekin… lotuta egon dira.

Zerbitzu espezializatuak

Harreragunera hurbiltzen diren etorkinei arreta ematen dien taldea bi legelarik, lan-orientatzaile batek, gizarte-orientatzaile batek eta psikologo batek osatzen dute.

Laguntza juridikorako zerbitzua (2 legelari). Lehen seihileko honetan, 953 arreta eman zaie 628 pertsonari. Gehienak prestakuntzaren araberako sustraitzeari buruzko kontsultak izan dira, baita egoitza- eta lan-baimen batean aldatzeko aukerari buruzkoak ere. Gainera, atzerritarrei buruzko araudi berriari eta nazionalizazio-prozesuari buruzko kontsultei erantzun zaie.

Lan-prestakuntzarako arreta-zerbitzua (lan-prestakuntzarako orientatzaile bat). Lehen seihileko honetan 516 arreta eman zaie 416 pertsonari. Jardueren % 78 prestakuntza gaiekin lotuta zeuden, eta % 22 enplegu gaiekin.

Familiak berrelkartzeko laguntza-zerbitzua (psikologo 1). Zerbitzu hori 2025eko martxoaren 11n jarri zen martxan. Orain arte 19 familiari eman zaie arreta. Artatutako kasuen % 63an, familiek beren ondorengoak elkartu zituzten. Beraz, haiekin, elkartu ondorengo fasean lan egin da. Bestalde % 37 oraindik beren ondorengoak elkartu gabe zituzten familiak ziren, eta haiekin elkartze aurreko fasean lan egin da.

Prestakuntza-saioak eta informazio-topaketak

Asteazkenero, 09:30etik 12:30era, gaztelania ikasteko ikastaro bat ematen da, eta, bestalde, hainbat tailer eskaini dira: osasunerako sarbidea, hezkuntzarako sarbidea, tailer sozialak, berrelkartze prozesuak azaltzeko informazio-saioak, besteak beste.

Era berean, Harreragunetik bultzatutako beste lan garrantzitsu bat beste erakunde publiko zein elkarte pribatuekin egindako informazio- eta hedapen-bilera ugariei buruzkoa izan da, komunikazio-bide egonkorrak irekitzeko eta pertsona migratuei erantzun desberdinak emateko ahaleginak koordinatzeko. Guztira mota honetako 77 topaketa formalizatu dira Harreraguneko jardueraren lehen sei hilabete hauetan.