Finantzaketa Jasangarriaren Espainiako Behatokiak (OFISO) Eusko Jaurlaritza saritu du finantzaketa jasangarrian egindako bideagatik eta izandako lidergoagatik. Eusko Jaurlaritzak 2018an hasitako bidea aitortzen da; izatez, joan den otsailean bonu jasangarrien bederatzigarren jaulkipena egin da, eta urte horietan guztietan guztira 5.700 milioi euroko jaulkipena egin da. Gainera, inbertsiogileen eskaria jaulkipen bakoitzean eskainitakoa baino handiagoa izan da.
Arantza Larrauri Finantza Politikako eta Gizarte Aurreikuspeneko zuzendariak jaso du saria, Ogasun eta Finantza Sailaren izenean, sektore anitzeko foro horrek urtero egiten duen topaketaren barruan. Behatoki horrek finantzaketa jasangarriaren merkatuaren bilakaerari buruzko informazioa, eztabaida eta topaketa sustatzen ditu.
Larraurik aitortu duenez, sari hau “motibazio berezia da karbono gutxiagoko eta erresilientzia handiagoko ekonomia bateranzko trantsizioa gidatzeko gure misioan aurrera egin dezagun, baita azpiegituren garapena finantzatzeko gure konpromiso irmoari euts diezaiogun ere. Apustu horrek, ingurumena errespetatzeaz gain, erronka globalen aurrean gure ekonomiak duen erresilientzia indartuko du”. Helburua etorkizun jasangarriago eta ekitatiboago baten alde egitea da.
Foro horretan finantza-sektoreko 250etik gora profesional eta lider bildu dira, eta Finantza Politikako zuzendariak Eusko Jaurlaritzaren lidergoan jarri du arreta, “2030 Agendaren Garapen Jasangarriko Helburuekin bat egiten duen eraldaketa hirukoitz batean: soziala, energetiko-ingurumenekoa eta digitala”, eta ez du ahaztu erronka hori geure gain hartzeak berekin dakarrena: “Euskadi jasangarritasunaren erreferente izan dadin nahi dugu, garapen ekonomikoa modu arduratsuan, ekitatiboan eta ingurumena errespetatuz sustatuko duen erreferente”.
OFISOren urteko seigarren topaketa honetan Estatuko finantzaketa jasangarriaren hedapen-joera berretsi da, joan den urtean % 8ko hazkundea izan baitzuen. Eta, hori guztia, txostenetan aitortu denez, oraindik ere ziurgabetasun-giroa eta ingurune geopolitiko konplexu eta gatazkatsua nagusi izan arren. Ingurumen-politiketarako ondorio nabarmenak dituen testuinguruan gertatu da hori guztia; esate baterako, 2024an Ameriketako Estatu Batuen bonu jasangarrien merkatuak izandako uzkurdura, “isiltasun berdea” deiturikoa.