Galtzaraborda estaltzeko eraikuntza-proiektuaren lizitazioa argitaratu eta Gaztañoko trenbide-pasagunea kentzekoa esleitu du Euskal Trenbide Sareak
Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren Sailak eta Errenteriako Udalak bi erakundeen arteko lankidetza-protokoloa sinatu dute astelehen honetan, udalerrian Euskal Trenbide Sarearen (ETS) eta Euskotrenen trenbide-sarearen hiri-integrazioa hobetzeko. Bileran, Susana García Chueca Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak Aizpea Otaegi alkateari azaldu dio zer aurrerapen egiten ari diren 2026an Donostiako Altza eta Errenteriako Galtzaraborda geltokien arteko lurpeko pasantea martxan jartzeko lanetan, baita ETSk udalerrian garatzen dituen gainerako proiektuetan ere.
2026an Donostialdean Topoaren trenbide-pasantea martxan jartzeak ekarriko duen egoera berriaren aurrean, herrian dauden azpiegiturak egokitzea da protokoloaren helburua. Horri esker, maiztasunak hobetu egingo dira: 15 minututik 7,5 minutura igaroko dira Errenteria osoan eta, hala, inguru horretan tren-konektibitate handiagoa izango dute Gipuzkoako hiriburuarekin eta gainerako sarearekin. ETS-Euskotreneko hiru tren geltoki –Galtzaraborda, Errenteria erdialdea eta Fanderia– eta erdigunearen eta Gaztañoren arteko trenbide-pasagune bat ditu udalerriak.
Galtzarabordako geltokiaren eremuan trenbideak estaltzea zehazten da akordioan, eta, hortaz, herritarrentzako espazio bat sortuko da. Aldi berean, tren-zerbitzuaren inpaktu akustikoak murriztu egingo dira. Obra honen eraikuntza-proiektuaren idazketa martxoan lizitatu du Eusko Jaurlaritzako Euskal Trenbide Sarea (ETS) erakunde publikoak. Tren-azpiegituraren iragazkortasuna hobetzeari eta irisgarritasuna hobetzeari esker, Alaberga eta Galzaraborda auzoak hobeto lotuko dira igogailu baten bidez. Eremu horretako geltokia zaharberritzea ere jasotzen da protokoloan.
Errenteriako geltokiaren eta Pablo Iglesias hiribidearen inguruan, bai eta Gaztaño auzoarekin duen lotunean ere, pertsonen segurtasunerako garrantzi handiko elementua den egungo trenbide-pasagunea kentzeko lanak egitea aurreikusten da. Eraikuntza-proiektua ETSk esleitu zuen joan den maiatzean.
“Bi aldeko konpromisoa da; izan ere, nahiz eta Errenteriakoa hirigintza-jarduera bat den, eta ez dakarren irabazirik tren-sarerako bidaiari kopuruari dagokionez, begi onez ikusten dugu Eusko Jaurlaritzak ahalegina egitea tradizioz trenbideek markatutako eremuak birsortzeko”, zehaztu du García Chuecak, “Eusko Jaurlaritzak abian jarri ditu protokolo honetako proiektu nagusiak, herritarren bizi-kalitatea ingurune atseginago batean hobetzeko”-.
Bestalde, alkateak adierazi duenez, “erakundeen arteko lankidetza funtsezkoa izango da Topoak udalerritik igarotzean sortzen dituen inpaktu akustiko eta urbano handiak konpontzeko. Inguruko beste udalerrietan egindako lanak ikusita, Errenteriaren unea da, kalitatezko soluzioak inplementatu eta Topoaren ingurunea eraldatzeko unea, hala pertsonentzako espazio publikoa irabazita. Horretarako, lankidetza-protokoloa mugarri eta tresna garrantzitsua izango da, irtenbideak Errenteriako Udalak eta Eusko Jaurlaritzak elkarrekin landuko baitituzte, kaltetutako eremuetako herritarren iritzia kontuan hartuta”.
Protokolo horren bidez, bi aldeek adierazten dute garraio publikoa eta mugikortasun jasangarria, hiri-konexioen hobekuntza eta trenbidearen iragazkortasuna eta hiri-integrazioa sustatu nahi dituztela Errenteriako hiri-ingurunean, bai Errenteriako eta Galtzarabordako geltokien artean, bai Fanderia auzoaren inguruan ere. Helburu horiek lortzeko, diziplina anitzeko lantaldeak sortuko dira. Protokolo horren baitan, ETSk eraikuntza-proiektuak diseinatu eta idatziko ditu eta udalaren proposamenak aztertuko ditu; Errenteriako Udalak, berriz, ETSrekin definituko ditu beharrezkoak diren urbanizazio-jarduketak, horiek lortzeko behar diren lurrak emango ditu eta ETSk egiten dituen proposamenak aztertuko ditu.
Protokoloak lau urteko indarraldia izango du, eta urtero luzatu ahal izango da. Gainera, esku-hartzeko guneetan hitzarmen espezifikoak egiteko aukera ematen du, ezarritako helburuak lortzeko helburuarekin elkarrekin lan egiteko.