
Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak Euskal Unibertsitate Sistemako ikerketa-taldeentzako dirulaguntzen deialdi berria aurkeztu du gaur goizean Bilboko Ingeniaritza Eskolan. Ekitaldian Juan Ignacio Pérez Iglesias sailburuak, Adolfo Morais sailburuordeak eta Amaia Esquisabel Zientzia Politikarako zuzendariak parte hartu dute.
Datozen lau urteetarako 50 milioi euroko aurrekontua izango du guztira, aurreko deialdia baino (42 milioi izan zituen) %20 inguru gehiago, eta 4.000 ikertzaile baino gehiagoren lana indartzeko balioko du. Ekimen hau euskal unibertsitate-sistema sendo, berritzaile eta nazioartean lehiakorra bultzatzeko tresna bihurtu da.
Ikerkuntzaren kalitatea bultzatu
Deialdiak ezagutzaren arlo guztietako proiektuak finantzatuko ditu — zientzia esperimentalak, gizarte-zientziak, arteak eta humanitateak, ingeniaritza, arkitektura eta osasun-zientziak —, euskal unibertsitateen ikerketa-lanari laguntza estrategikoa eta egonkorra eskainiz.
Gaur egun 223 ikerketa-talde finantzatzen dira. Funtsak handitzearekin batera, 250era iristea aurreikusten da, proiektu kontsolidatuen jarraitutasuna zein kalitate handiko ekimen berriak sartzea erraztuz. Arreta berezia jarriko da proiektuen koherentzian eta ikertzaile-taldeen profilean, eta bikaintasuna lehenetsiko da merezimenduen bolumenaren gainetik.
Emakume ikertzaileen lidergoa bultzatu eta dibulgazioa indartu
Deialdi honetan genero-oreka handiagoa bilatuko da, eta, bereziki, proiektuen buru diren emakume ikertzaileen lidergoa bultzatuko da. Era berean, gizartean ezagutza zabaltzeari garrantzia emango zaio ebaluazio-irizpide gisa, eta dibulgazio zientifikoa egiteak duen balioa aitortuko da.
Burokrazia gutxiago
Edizio honetako funtsezko hobekuntzetako bat karga burokratikoa murriztuko dela da, bai eskaera-fasean, bai ebazpen-fasean. Horrek prozesua arindu eta parte-hartzea erraztuko du. Gainera, ikerketa-taldeen kalitate zientifikoa eta ibilbide kontsolidatua lehenetsiko dira merezimenduen bolumenaren gainetik, eta, horrela, bikaintasuna ardatz duen ikuspegia indartuko da.
Euskal Unibertsitate Sistemako (EHU, UD eta MU) ikerketa-taldeek uztailean zehar eskatu ahal izango dute finantzaketa.
Etengabeko igoera 2007tik
Programa hau 2007an martxan jarri zenetik, euskal unibertsitate-sistemaren eragin zientifikoa nabarmen hazi da. Orduan finantzatutako taldeek urtean 1.500 argitalpen indexatu inguru sortzen zituzten, eta gaur egun 5.500 baino gehiago dira. Aurrerapen horrek, ekoizpen zientifiko handiagoa ez ezik, emaitzen kalitatean eta inpaktuan hobekuntza nabarmena ere islatzen du.
Aldi berean, aurrekontu-ahaleginak goranzko joera argia izan du: 2007-2010 aldiko 26,5 milioi euroetatik 2026-2030erako aurreikusitako 50 milioi euroetara, eta horrek agerian uzten du Eusko Jaurlaritzak unibertsitate-ikerketarekin duen konpromiso iraunkorra.