Osakidetzak jauzi teknologiko handia eman du, egokitze-erradioterapia sartu duenez, tratamendu onkologikoan teknikarik berritzaile eta eraginkorrenetako bat. Basurtuko Unibertsitate Ospitalea teknologia hori erabiltzen duen Osakidetzako sare osoko lehenenengoa da, eta tratamenduaren planifikazioa denbora errealean doitzeko aukera ematen du, pazientearen gorputzak egunero izaten dituen aldaketen eta tumorearen bilakaeraren arabera. Urtean 2.000 paziente inguruk jaso ditzakete abangoardiako teknologia horren onurak.
Bereizmen handiko irudien erabilerari eta software espezializatu bati esker, egokitze-erradioterapiak doitasun eta segurtasun kliniko handiagoa eskaintzen du, doitasun dosimetrikoa optimizaturik, toxikotasuna gutxiturik, ehun osasuntsuak babesteko eta emaitza terapeutikoak hobetzeko aukera ematen duela.
Gainera, teknikak erradiazio-dosia tumorera hobeto bideratzea ahalbidetzen du, tratamenduan zehar beste organo batzuk kaltetzea saihesturik, helburua gainerako ehun osasuntsuetan kalteak albait txikienak izatea da eta. Horren ezarpenak sendotzen du Basurtu Estatuan teknika horretan aitzindari diren ospitale publikoen artean.
«Teknologia horrekin pauso sendoa ematen dugu doitasunezko onkologiarantz. Tratamendua paziente bakoitzaren eguneroko errealitatera egokitzen dugu, eta horrek eraginkortasuna hobetzen du eta albo-ondorioak gutxitu«, adierazi du Francisco Javier Fuertesek, Onkologia Erradioterapikoko zerbitzuburuak.
Osakidetzak teknologia- eta prestakuntza-inbertsio handia egin du modalitate hori sartzeko, eta Europako estandar aurreratuenekin lerrokatu da. Ekimena kokaturik dago berrikuntza-estrategiaren eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren 2030erako Plan Onkologiko Integralaren barruan. Planak osasun-sistema publikoaren konpromisoa indartzen du, arreta pertsonalizatua, eraginkorra eta ebidentzia zientifikoan oinarritutakoa emanda, eta euskal herritarrei balioa ematen die osasun-emaitza hobeei dagokienez.
Teknika berri honekin «osasun publikoaren aldeko apustua egiten segitzen dugu, gaur egungo osasun erronkei aurre egiteko, gure pazienteei balioa eta bizi-kalitatea emango dieten teknologiak eskuraturik«, nabarmendu du Jesús Larrañagak, Bilbo-Basurtuko ESIko Zuzendari Gerenteak.
Teknika hori eskuraturik, Osakidetzak bere lidergoa indartzen du eremu onkologikoan, eta erreferente denez sendotzen da medikuntza pertsonalizatuan eta abangoardiako osasun-teknologian.