Mikel Torres Lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak goi mailako kualifikazioaren aldeko apustua egin du, aurre egin behar diogun trantsizio hirukoitzean “aurrerapauso handi” gisa: “Energetiko-klimatikoa, teknologiko-digitala eta demografikoa, Euskadiko sektore ekonomiko guztiekin lankidetza zuzenean garatzen diren gure enplegu programak bultzatzearekin batera”.
Mikel Torresek nabarmendu du Euskadin sortzen diren enplegu berriei egokitutako prestakuntza espezializatuko ekintzak eskaintzeko laguntzak eskaintzeko eta emateko xedea duela Lanbidek. Prestakuntza ekintza horien bidez, Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak lortu eta erraztu nahi du langabeak produkzio sistemak eskatutako lanpostuetan laneratzea.
Gaur, astelehena, aurkeztu den Basque Hydrogenen Prozesu Jarraituko Instalazioko Operadore ikastaroa Lanbidek diseinatu eta kudeatutako enplegu politika aktibo horien barruan dago. Abanto-Zierbenako Energy Intelligence Centerren gaur goizean egindako aurkezpenean, Torres Lehendakariordeak zoriondu egin ditu ikastaroan parte hartuko duten gizon eta emakumeak, bai eta “prestakuntza handia duen eta parte hartzaileak lan merkatuan integratuko dituen ekimen publiko-pribatu honetan esku hartu dugunak ere”.
Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak azpimarratu duenez, “ekintza horren onurek ez dute aipatutako alderdietan soilik eragingo, euskal gizarte osora ere zabalduko dira, haien lanak bizi garen ingurunea eta etorkizunerako nahi dugun industria deskarbonizatzeko balioko baitu”.
Gainera, borondatea agertu du lankidetza publiko-pribatu hori askoren artean lehena baino ez izateko. “Gure sailarentzat eta Lanbiderentzat pozgarria da BH2C Hidrogenoaren Euskal Korridorearen garapenaren baitan dagoen proiektu estrategiko horretan laguntzea eta parte hartzea. Hidrogenoaren ekosistema sortzea eta energiaren, industriaren, bizitegien eta mugikortasunaren sektoreen deskarbonizazioan aurrera egitea du helburu. Espero dut etortzeke dauden ondokoen lehen lankidetza izatea”.
Prestakuntza programa horien helburua da langileen produktibitatea, enplegagarritasuna eta diru sarrerak hobetzea, pertsonen garapenaren bidez eta lan eskaintza eta eskaria hobeto egokituz. Kontratazio konpromisoak dituen prestakuntza programaren kasu espezifikoan, ikuspegi mistoa erabiltzen da: alde batetik, ikasgelako prestakuntza ekintzak, trebetasun espezifikoetan oinarritzen direnak, eta, bestetik, lan kontratuen bidezko lan esperientziak. Horregatik, garrantzitsua da prestakuntza zentroaren eta prozesuan parte hartzen duten pertsonen % 50, gutxienez, kontratatzeko konpromisoa hartzen duen enpresaren arteko lotura.
% 73,26koa izan da 2024. urteko kontratazio konpromisoen ekintzetako laneratze tasa, hau da, deialdi bakoitzeko derrigorrezkoa baino % 50 handiagoa. Horregatik, prestakuntza ikastaro horietan parte hartzeak eragin positiboa du eta handia du onuradunen enplegagarritasunean.
Prestakuntza duala
Prestakuntza duala da Basque Hydrogenen Prozesu Jarraituko Instalazioko Operadore ikastaroa, gaitasun handikoa eta 900 ordu ingurukoa, ordaindutakoa eta praktikak dituena: 174 ordu ikasgelako prestakuntzakoak eta 716 praktikakoak. STEAM espezialitateetako goi mailako heziketa zikloetako tituludunei dago zuzenduta, eta familia hauetarikoren batekoak izan behar dute: elektrizitate-elektronika, fabrikazio mekanikoa, kimika, instalazioak eta mantentze lanak lanbide-arloak. Aldez aurretik Lanbiden inskribatuta egon behar dute interesdunek.
Praktikak Petronorren findegiko instalazioetan egingo dira. Instalazio horiek, neurri batean, etorkizunean lan egingo duten instalazioaren antzekoak izango dira, hau da, 10 MW-ko Erregai Sintetikoen eta Elektrolizagailuaren Plantaren antzekoak. Instalazio hori Bilboko Portuko lurretan eraikitzen ari dira gaur egun, eta datorren urtearen erdialderako egongo da prest.