Dana-k kaltetutakoei laguntzen parte hartutako euskal GKE eta elkarteei Euskadik eskerrak eman dizkie

0

Azken bost urteetan, Euskadiko Hirugarren Sektore Soziala eta Eusko Jaurlaritza elkarlanean aritu dira funts biren bitartez hamar bat programa hedatzeko, COVID-19aren pandemiaren inpaktu sozialari eta Ukrainako gerrak Euskadin izan dituen ondorioei erantzuteko.

«Euskadi solidarioa da eta elkartasuna modu antolatuan adierazten du. Hala erakutsi du historikoki. Azken adibidea oso berria da, 2024ko urriaren 29tik 2025eko apirilera arte, euskal elkartasun antolatua Valentziako probintzian egon da, DANAk zuzenean kaltetutako pertsona, familia eta komunitateekin batera» adierazi du Nerea Melgosa Gazteria, Ongizate eta Erronka Demografikoko sailburuak.

Kaltetutako eremuetan zehazki, Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialeko 4 ordezkari egon dira, elkarteekin, tokiko erakundeekin eta auzokoekin lankidetzan. Galdakaoko Boluntarioen Gizarte Elkartea (GBGE), DYA, Gurutze Gorria eta Caritas izan dira.

  • DYA, lehenengo 3 asteetan, hasierako larrialdiari aurre egiteko logistika eta osasun baliabideak emanez.
  • Caritas eta Gurutze Gorria, kaltetutako 69 udalerritan, baliabide ekonomikoak eta materialak emanez, Gurutze Gorriaren kasuan beste autonomia-erkidego batzuetatik joandako langile espezializatuak ere bidali dituzte.
  • GBGE, azarotik apirilera bitartean Paiportan egon da. Bertan, hainbat lan egin ditu udalarekin lankidetzan, hala nola laguntza humanitarioko biltegi zentralen kudeaketa integrala, herritarrei laguntza banatzeko hainbat gune sortzea eta mantentzea, korapilo logistikoak ezartzea, boluntarioen koordinazioa eta biztanleentzako doako ikuztegi industrial bat instalatzea.

Gainera, Euskadin elkartasuna koordinatu, lagundu eta bideratzeko lan talde bat aktibo egon da. Talde hori Eusko Jaurlaritzaren Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografiko Sailak dinamizatu du. Talde hori lehen aipaturiko lau erakunde horiek eta beste sei elkartek osatzen dute eta Boluntariotzaren Euskal Kontseiluaren batzorde iraunkorra osatzen dutenak dira.

Boluntariotzako hiru euskal agentziak dira (Bizkaia Gara, Gizalde eta Batekin), baita Euskalerriko Eskautak, Bosko Taldea Federazioa eta SECOT ere. Horietako bazkide batek GBGErekin kolaboratu du boluntario gisa Paiportan. Taldeak informazio, orientazio eta komunikazio-ekintzak garatu ditu elkartasuna, materiala eta pertsonen kolektiboa modu antolatuan bultzatzeko eta bideratzeko.

Hori guztia Segurtasun Saileko Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzarekin etengabe koordinatuta egin da, eta, haren bitartez, EAEko gainerako administrazio publikoekin, guztiak larrialdiei aurre egitearekin lotuta, bai eta hirugarrenekin lankidetzan ere.

“Auzolanaren espirituaz ari gara, alegia, gure gizartean oso errotuta dagoen jarrera, gure kulturaren eta nortasunaren erakusle dena. Auzolana delako komunitatearen ongizatea norberaren gainetik jartzea eta hori izan da, hain zuzen zuen ekarpena: elkarrekin lan egitea besteen ongizatea bilatuz” esan du Segurtasun saileko Babes Zibileko sailburuordeak, Joana Egiluzek.

Adibidez, Euskadiko Elikagai Bankuen Federazioarekin lan egin da, kudeaketa antolatua egiteko eta dohaintzen aurrean sortutako stock-ak aprobetxatzeko eta bidalketak koordinatzeko.

«Gaur, ekainak 3, elkarte horien lana aitortzeko  ekitaldi bat egin dugu, DANAk kaltetutako pertsona, familia eta komunitate valentziarrekin Euskadin eta Valentzian konpromisoa hartu duten boluntario eta profesional guztiak gogoan hartzekoa. Elkartasun antolatua, eraginkorra, egonkorra eta ezinbestekoa da, batez ere gizartea polarizatu eta tenkatu besterik egiten ez duten eragileek modu faltsu eta artifizialean zalantzan jartzen dutenean», azaldu du Nerea Melgosa sailburuak.