Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak 2025. urterako “Gastrobikain” laguntzetarako deialdia egingo du

0
Basque Culinary Center in San Sebastian

Gobernu Kontseiluak oniritzia eman dio Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren aginduari, zeinaren bidez ezartzen eta deitzen baitira 2025erako “GASTROBIKAIN” gastronomia-kalitatearen sustapenerako programako minimis-araubidean laguntzak.

Gastronomiaren sektorean estrategikotzat jotzen diren ekimen gastronomikoak diruz laguntzea da xedea. Horretarako, bi motatako laguntzak proposatzen dira: batetik, gastronomian titulatu berri diren gazteentzako laguntzak, duela gutxi titulatutako langileek negozio gastronomiko berriak egin ditzaten, eta, bestetik, bikaintasuna sendotzea, ospe handiko gastronomia-negozioen eskutik.

Agindu honetan jasotako laguntzak finantzatzeko baliabide ekonomikoak Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako kredituetatik aterako dira soil-soilik. Kreditu horiek, 2025eko ekitaldirako, 750.000 eurokoak dira; horietatik 250.000 euro 2025eko ekitaldiari dagozkio, eta 500.000 euro 2026ko ekitaldiari

Gehieneko zuzkidura global horretatik, 250.000 euro proiektu gastronomiko berriak sustatzeko programarako erabiliko dira, 100.000 euro 2025erako eta 150.000 euro 2026rako.

Gainerako zuzkidura, hau da, 500.000 euro, bikaintasuna sendotzeko programara bideratuko da; horietatik, 150.000 euro 2025eko ordainketa-kredituari dagozkio, eta 350.000 euro, 2026ko konpromiso-kredituari.

Programetako baten zuzkidura agortzen ez bada, soberako kopurua besteari gehituko zaio, bertan diruz lagundu daitezkeen proiektuak geratzen badira.

Itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak izango dira, honako zenbateko hauekin: gastronomiako negozio-proiektu berriak: diruz lagun daitekeen inbertsioaren % 40 gehienez, eta 50.000 euro gehienez proiektu bakoitzeko. Eta, bestalde, bikaintasuna sendotzea: diruz lagun daitekeen inbertsioaren % 40ra arte, gehienez 80.000 euro proiektu bakoitzeko.