Euskadi klima-aldaketara egokitzeko erreferentziazko eredu Europan

0

Eusko Jaurlaritzak KAIA ekimena jarri du abian, klima-aldaketara egokitzeko 5 proiektu garatzeko helburuarekin. 27,5 milioi euro inbertituko dira ekimen honetan.

Mikel Jauregi sailburuak azaldu duenez, aipatu bost proiektuak Zarauzko malekoian, Bakioko paduran, Gasteizko Astegietako meandroan, Bilboko itsasadarrean eta Txingudiko badian gauzatuko dira.

Europar Batasunaren Egokitzapenerako Misioaren urteko txostenak Euskadi klima-aldaketara egokitzeko erreferentziazko eredu gisa nabarmendu du eta txostenak dio Euskadiko ikuspegi eta eredua aplikagarriak direla Europako beste eskualde batzuetan.

«Klima-arriskuei aurre hartu eta aurre egiteko erakutsi dugun gaitasunari esker da Euskadi erreferente Europan- adierazi du sailburuak- plangintza aurreratu baten bidez, erakundeen arteko lankidetzaren bidez eta tokiko eta eskualdeko eremuetan irtenbide berritzaileak sustatuz”.

20 milioi langabezia handiko eremuetako enpresa-ehuna babesteko

Gobernu Kontseiluak enpresa ehuna babesteko Indartu programa onartu du gaur. SPRIren bidez, 20 milioi eurorekin enpresa-inbertsioak eta enplegu-aukera berriak sortzen dituzten sustatzaileei laguntza integrala emateko inbertsioak bultzatuko dira, bereziki Ezkerraldean eta langabezia tasa altuak dituzten udalerrietan, estrategikotzat eta lehentasunezkotzat jotzen diren inbertsioak sustatzeko.

Mikel Jauregi Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuak azaldu duenez, «Indartu programak Euskadiko eremu behartsuenetako jarduera ekonomikoari bultzada eman nahi dio; zehazki, Bizkaiko Ezkerraldean eta Euskadiko urteko batez besteko langabezia-tasa (%7,4) edo handiagoa duten udalerrietan kokatutako enpresek eska ditzakete laguntzak».

Transferentzien Batzorde Mistoa

Gobernu kontseiluan jorratutako gaiekin hasi aurretik, pasa den ostiralean, egindako Transferentzien Batzorde Mistoari buruz mintzatu da Jaurlaritzako bozeramaile eta Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburua. Batzorde horretan itxi baitzituzten atzerritarren  hasierako lan-baimenei buruzko eskumena eskualdatzeko ixtear zenituen eginkizun eta zerbitzuen inguruko xehetasunak, Estatuko lan-legeria betearaziz.

Era berean, ekainaren 24ko 895/2011 Errege Dekretuaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatutako Estatuko Administrazioaren eginkizunak zabaltzeko akordioa ere berretsi zen bilera hartan, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzaren Ikuskaritzako Funtzio Publikoaren arloan. Baita, meteorologiaren eta klimatologiaren arloan, Estatuko Administrazio Orokorraren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko eskumenak eta lankidetza-harremanak mugatzeko akordioa ere.

Ubarretxenak azaldu duenez, hasierako lan-baimenei dagokienez, 2023ko Estatuko aurrekontu orokorren aurrekontu-partiden urteko guztizko kostuaren proiekzioaren bidez egin da balorazio ekonomikoa, estatu-mailan.

“Lehenik eta behin, kontuan hartu dira eskualdatzeak eragindako aurrekontuetako gastuak, guztira 1.456.540 euro; halere, zenbateko hori baldintzatuta geratzen da eskualdatutako funtzioengatiko tasa gisa sartuko diren eta aurreikusi diren zenbatekoen arabera (3.533.930 euro). Zenbateko horiek ez dira behin betikoak, hau da, gastuei diru-sarreren aurreikuspenak kendu behar zaizkie, eta horrek esan nahi du saldoa negatiboa izango dela 2.077.390 eurotan; izan ere, Estatuko aurrekontuetan gastuetarako esleitutakoa baino gehiago biltzea aurreikusten baita tasen bidez” aipatu du sailburuak.

“Azkenik, – gehitu du Ubarretxenak- zenbateko honi 6,24 aplikatu behar zaio, hori baita kupoari aplikatu beharreko egozpen-indizea eta hortik ondorioztatzen da Euskadiren saldo negatiboa 129.620 eurokoa dela”.

Sailburuak jakinarazi duenez,  kontuan hartu behar da eskualdatuko diren ondare-baliabideen diru kopurua ebaluatzea erabaki dela (eskualdaketari atxikitako higiezinen azalerak), eta Estatuak kontzeptu horretan konpentsatu beharreko zenbatekoa 51.294,72 eurokoa dela.

Transferitutako giza baliabideei lotuta,, eskualdatzen diren eginkizun eta zerbitzuei atxikitako 4 lanpostu transferitzen dira. Araban (1), Gipuzkoan (1) eta Gobernuaren Bizkaiko Ordezkariordetzan (2).

Laneko eta Gizarte Segurantzako ikuskatzaileari dagokionez, kasu honetan balorazio ekonomikoa lehen aipatutako kontzeptu beretik abiatzen dela azaldu du Ubarretxenak, hau da, 2023ko Estatuko aurrekontu orokorretako aurrekontu-partiden urteko kostu osoa, estatu-mailan.

“Kasu honetan,- adierazi du Ubarretxenak- zehaztutako zenbatekoari (659.000 euro) 6,24 euro aplikatu behar zaio zuzenean, hori baita kupoari aplikatu beharreko egozpen-indizea; hortik ondorioztatzen da kupotik kendu beharreko zenbatekoa 41.140 eurokoa dela”. Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzaren Ikuskaritzako Funtzio Publikoaren arloan ez dira giza baliabideak eskualdatzen.

Bestalde, meteorologiari eta klimatologiari buruzko akordioari dagokionez, Estatuak eta Euskal Autonomia Erkidegoak arlo horretan dituzten eskumenak berretsi dira, Espainiako Konstituzioko 149.1.20 art. eta Euskal Autonomia Estatutu-ko 10.32 art, hurrenez hurren, Konstituzio Auzitegiaren araudiak eta doktrinak egindako eskumen-mugaketari argitasun handiagoa emanez. “Eskumenen mugaketa, funtzionaltasunak eta lankidetza argitzen dituena, batez ere – baina ez bakarrik – Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan meteorologiari eta klimari buruzko informazio ofiziala emateari dagokiona da” gehitu du sailburuak.

Akordioaren izaera dela eta, ez da aurreikusten giza baliabideak edo baliabide ekonomikoak eskualdatzea. Eta bi gobernuek adostu zuten Donostian dagoen Estatuaren titulartasuneko «Villa Etxaide Borda» higiezina Euskadira eskualdatzea, eta doako lagapenaren baldintzak zehaztea. Lurzoruaren balioa: 1.210.103 €-koa da eta eraikuntzaren balioa (hasierakoa): 2.321.252 €-koa.

“Eskumen hauek gauzatuta, Euskadik kudeaketa-tresna berriak irabazten ditu, erabakitzeko ahalmena irabazten du, autonomia irabazten du, eta azken batean, autogobernuan irabazten du” amaitu du Ubarretxenak.

 

15 milioi euro Astigarragako tren geltokirako

Eusko Jaurlaritzak eta ADIFek hitzarmen bat sinatuko dute Astigarragan tren-geltoki berri bat eraikitzeko. Guztira, 15 milioi euro baino gehiago inbertituko dira azpiegitura horretan.

Maria Ubarretxena bozeramaileak azaldu duenez, geltokiko obrek 11,2 milioiko aurrekontua izango dute eta Adifek ordainduko ditu oso-osorik. Geltokirako sarbideek beste 3,8 milioi euroko inbertsioa beharko dute. 2,6 Eusko Jaurlaritzak jarriko ditu, eta gainerakoa Adifek.

Udalak bere titulartasuneko lurzoruak lagako ditu geltokia eraiki ahal izateko eta sarbide-pasabidearen mantenuaz arduratuko da.

“Euskal Trenbide Sareak bere gain hartuko du Astigarragako aldirietako geltoki berri hori egitea- adierazi du Ubarretxenak- Gipuzkoako zatian abiadura handiko plataforma eraiki ondoren hasiko dira geltoki berria eraikitzeko lanak”.

 

Kalitate gastronomikoa sustatzeko programa

Gobernu Kontseiluak kalitate gastronomikoa sustatzeko programa bat ere onartu du gaur. Gastrobikain programak 750.000 euroko aurrekontua izango du.

Bozeramaileak azaldu du proiektu honen helburua dela gastronomiaren eta elikaduraren sektorean estrategikotzat jotzen diren ekimen gastronomikoak babestea.

Bi laguntza-mota egongo dira: negozio gastronomiko berriak sustatzen dituzten eta gastronomiako titulua lortu berri duten gazteentzako laguntzak eta bikaintasuna sendotzeko laguntzak, ospe handiko gastronomia-proiektuetarako.

Nautika eta arrantzako irakaskuntzak ikasteko bekak

Gobernu Kontseiluak oniritzia eman dio, baita ere, 2024-2025 ikasturtean nautikako eta arrantzako irakaskuntzen arloko ikasketak egiteko beka-deialdiari. Ikasketa horiek  Pasaiako Blas de Lezo Lanbide Heziketako ikastetxeetan, Bermeoko Nautika eta Arrantza Eskolan eta Ondarroako Antiguako Ama ikastetxean egingo dira.

Arrantzarekin zerikusia duten sektoreetako langileen gaikuntza sustatzeko esparruan, eta arrantza-sektorearen premia eta berezitasun sozioekonomikoei erantzuteko, Eusko Jaurlaritzak beka batzuk zabalduko ditu itsasoko langileentzat eta merkatuaren eskakizunetara egokitutako prestakuntza lortzeko interesa dutenentzat, Europako eskariarekin bat etorriz eta aipatutako arrantza-sektorearen mesedetan.

1,8 milioi turismoko lurralde-proiektuetarako

Halaber, Eusko Jaurlaritzak laguntza-programa berri bat onartu du lurralde-proiektu turistikoak (LPT) bultzatzeko. Dirulaguntza horiek, guztira, 1.805.000€-ko aurrekontua dute bi urterako, eta Euskadiko turismo-helmugen erakargarritasuna eta kalitatea hobetzeko diseinatuta daude.

Laguntza-programa bi lerrotan banatzen da: Euskadiko helmugen erakargarritasuna eta esperientzia turistikoa hobetzea helburu duten lurralde-proiektu turistikoak, batetik, lehiakortasuna eta jasangarritasuna hobetzea helburu duten proiektuak bestetik.

Laguntzak askotariko entitateetara zuzenduta daude, publikoak zein pribatuak.

 

Garapen Jasangarriko Helburuetarako dirulaguntza

Beste gai batzuen artean, Gobernu Kontseiluak onartu du 50.000 euroko dirulaguntza ematea Regions4 Sustainable Development Goals (SDGs) nazioarteko elkarteari.

Maria Ubarretxena bozeramaileak azaldu du elkarte horren helburua dela indartzea eskualdeetako gobernuek Garapen Jasangarrirako Helburuak garatzeko dituzten gaitasunak.

Ekimenak eskualde-lidergoa aktibatu nahi du eta 2030 Agenda bizkortu, honako hauen bidez: jardunbide egokiak trukatu, aholkularitza teknikoa eman eta nazioarteko foroetan parte hartu.

3 milioi Lanbide Heziketako itunpeko ikastetxeek eremu estrategikoak garatzeko

Azkenik, Eusko Jaurlaritzaren gobernu-kontseiluak gaur onartu du «itunpeko ikastetxe pribatuetako irakasleen liberazio osoa edo partziala» finantzatzeko programa, 2025-2026 ikasturtean Lanbide Heziketako 6. Euskal Planean estrategikotzat definitutako eremuetako jarduera-ildoak garatzeko.

“2025eko eta 2026ko ekitaldietarako inbertsioa 3.199.050€-koa da- adierazi zu Ubarretxenak- Euskal Lanbide Heziketak, berrikuntza eta ekintzailetza aktiboa hobetzeko duen asmoan, deia egiten die itunpeko ikastetxeei, haien irakasleen bitartez parte har dezaten irakasleon prestakuntza indartuko duten jardueretan, Lanbide Heziketako ikastetxeetan gero eta espezializatuagoa den ikaskuntza-ingurunera egokitutako gaitasun eta metodo berriak garatzeko”.

Gai-zerrenda

Prentsa-txostena