- Alberto Martínez Osasuneko sailburuak adierazi du “Ituna behin betiko fasean sartzen da» eta “historikotzat” jo du, etapa hau amaitzea espero du, osasun-eredu unibertsal, jasangarri, ekitatibo eta pazientean oinarritutako ibilbide-orri partekatua lortu baita, Euskadiko herritarren etorkizuneko ongizatea bermatzeko
- Lehendakariak bultzatutako foroaren bederatzigarren saioan buru izan da gaur eta, bertan, 8 dokumentu berri onartu dira; Osasun Saileko arduradun nagusiak berretsi egin du eragileek egindako lanean duen konfiantza, Osasunaren Mundu Egunean itunaren laugarren jarraipen-faseari ekin ahal izateko
Euskadiko Osasun Itunaren hirugarren fasea azken txanpan sartu da, kide guztiek izendatutako adituen lan-taldeek landu eta partekatutako 24 ildo estrategikoetatik 22tan adostasuna lortu baita; helburua da euskal osasun-sistema hobetzea, euskal osasun-zerbitzu publikoa indartzea, ongizatea handitzea eta etorkizuna prestatzea.
Alberto Martínez Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburua Itunaren Mahaiaren bederatzigarren bileraren buru izan da gaur, Gasteizko Europa Jauregian. Bilera horretan, 8 dokumentu berri onartu dira eta, aurreko saioetan bezala, talde bakoitzeko profesional dinamizatzaileek aurkeztu dituzte. Honako hauek dira:
- One Health ikuspegia, osasuna eta klima-aldaketa: osasun-plangintzan gizakien, animalien eta ingurumenaren osasuna txertatzea. Alde batetik, osasun-eredua jarrera erreaktiborantz baino, aurrea hartzeko jarrerara bideratzea (erakunde eta eragile guztiek parte hartuko duten “Osasun bakarra” aliantza sortzea aurreikusten da). Ikuspegi horretan profesionalak eta herritarrak ere inplikatu eta gaituta, eta ezagutza ikuspegi orokor horrekin kudeatuta. Eta, jakina, pertsonen osasunaren babesa indartuta, mehatxu globalak (agertzen eta berragertzen ari direnak aurrea hartuta), kutsadurak eta ingurumen-faktoreek eragindako arriskuak minimizatuta, elikagaien segurtasuna bermatuta eta zoonosiaren aurkako borrokan eta mikrobioen aurkakoekiko erresistentzian aurrera eginda. Ez dira ahaztu behar ingurune osasungarriak sortzen dituzten sektore arteko ekintzak, eta ekitatearen eta inklusibitatearen printzipio nagusiak.
- Osasunaren prebentzioa eta zaintza: detekzio goiztiarra eta osasun-mehatxuei eman beharreko erantzuna indartzea. Ardatz estrategiko honetan, besteak beste, helburu hauek zehaztu dira: gaixotasun kutsakorren zaintza eta kontrola indartzea; populazioaren immunizazio eta screening programa guztiak txertatzea osasun publikoaren prebentzioan eta zaintzan; kontingentzia-planak garatzea eta osasun publikoko larrialdietan azkar prestatzeko eta erantzuteko mekanismoak sendotzea; informazio-sistemak errealitate eta ikuspegi berrien arabera eguneratzea; herritarren parte-hartzea sustatzea; eta profesionalen prestakuntza, ezagutza eta esperientziaren transmisioa sustatzea. Era berean, Osasun Publikoaren Euskal Institutuari egitura sendoa eta egokia emateko helburua da nabarmentzekoa.
- Osasunaren sustapena eta ekintza komunitarioa: Jokabide osasungarriak eta adikzioak. osasun-arloko ekitaterik ezaren murrizketa gizarte-determinatzaileetan oinarrituta. Helburu eta ekimen hauek lehenesten dira: sektore arteko eta erakunde arteko koordinazio-egitura egonkorra eratzea eta herritarren parte-hartzea sustatzea; osasunaren aldeko espazio eta esparruen sorrera bultzatzea; tokiko ekintza komunitarioa bultzatzea eta administrazioen eta eragile komunitarioen arteko elkarrizketa erraztea: herritarren osasunerako hezkuntza sustatzea; adikzioak dituzten pertsonei arreta emateko zerbitzuak hobetzea, haien egoera edozein dela ere. Ezarritako funtsezko beste bi xede dira osasun-sistema eta Euskadiko osasun publikoko sistema osasuna sustatzera bideratzea; eta osasun arloko desberdintasun sozialak murriztea.
- Arreta Soziosanitarioa. Lehenengo helburua da arreta soziosanitario sendo, integral eta koordinatuko eredu baterantz aurrera egitea. Eredu horrek pertsonak eta haien harremanak izango ditu ardatz, eta informazioa eman eta laguntza-prozesua sinplifikatuko du. Etxeko eta komunitateko zainketak indartzea barne, instituzionalizazioaren aurrean lehentasunezko alternatiba gisa. Era berean, konpromisoa da dauden baliabideak optimizatzea, berriak proposatzea eta asistentzia-mailen eta -eragileen arteko koordinazioa hobetzea. Horrekin batera, honako hauen aldeko apustua egiten da: prebentzioa bizitzaren etapa guztietan (horrek esan nahi du diziplina arteko taldeak sortu behar direla lehen mailako arretan, eta gizarte-langileek eta beste profesional batzuek parte hartuko dute); zaurgarritasunaren aurrean detekzio goiztiarra eta esku-hartze komunitario koordinatua; asistentziaren jarraitutasuna indartzea; arreta pertsonalizatzea; arreta soziosanitarioaren arloko sentsibilizazioa, prestakuntza eta ikerketa; zaintzaileei arreta espezifikoa eta babesa, laguntza-programak barne.
- Osasun-arloko ikerketa, garapena eta berrikuntza (I+G+B): medikuntza pertsonalizatua eta terapia aurreratuak bultzatzea, besteak beste. Era berean, berrikuntza digitaleko zentro/zerbitzu bat eta osasun-datu anonimizatuen biltegi bat sortzea aurreikusten da; sektoreko eragileen arteko aliantzak indartzea; euskal osasun-sistemaren benetako beharrak identifikatzea; Osakidetzan eta osasun-ikerketako institutuetan ikerketa-karrera egiteko plan bat ezartzea, EHUren laguntzarekin; erosketa publiko berritzailea sustatzea; emaitzak sistemara transferitzea; eta abar.
- Osasun-arloko digitalizazioa: Eraldaketa digitala. Teknologiaren erabilera laguntza, plangintza, kudeaketa eta ikerketa hobetzeko. Horrek barne hartzen ditu: osasun-datuen gobernantza etiko, seguru, aurreratu eta estandarizatua garatzea; etorkizuneko erronka demografiko, ekonomiko eta sozialen aurrean jasangarritasuna aintzat hartzea; profesionalak eta herritarrak digitalki gaitzea eta ahalduntzea; informazio-sistemak eta azpiegitura informatikoak hobetzea; osasun digitalaren arloko ikerketa eta berrikuntza sustatzea; eta zibersegurtasun-estrategia bat garatzea, oinarrizko datuak, azpiegiturak eta zerbitzuak blindatzeko.
- Osasun-arloko azpiegiturak: Aurreikusitako ekimenen bidez, osasun-azpiegitura publikoen plangintza estrategikoa, urte anitzekoa eta parte-hartzailea bermatu nahi da, lurralde-ekitatearen, irisgarritasun unibertsalaren eta energia-efizientziaren printzipioei buruzkoa. Halaber, azpiegiturak biztanleriaren eta profesionalen beharretara egokitzeko helburua dute, ikuspegi humanizatzailetik; lehen mailako arretako eta EAGko azpiegitura indartzea, modernizatzea eta egokitzea; eta osasun publikoa, osasun-arreta, gizarte-zerbitzuak eta larrialdietakoak integratzen dituzten azpiegiturak bultzatzea, besteak beste.
- Pazienteen eta profesionalen hizkuntza-eskubideak. Helburua da kalitatezko arreta ekitatiboa ematea, irisgarritasun osoz eta hizkuntza-beharrei erantzunda, arreta eta historia klinikoa erabiltzaileak hautatutako hizkuntza ofizialean bermatuta. Gainera, Osakidetzako erakunde bakoitzean hizkuntza-politikaren koordinazio- eta jarraipen-organoak sendotuko dira; euskara lan-hizkuntza gisa sustatzeko sakonduko da; osasun-arloan euskarazko prestakuntza eta ikerketa bultzatuko dira; eta profesionalen artean euskararen ezagutza eta erabilera indartuko dira.
IBILBIDE-ORRI PARTEKATUAREN GAINEKO ITUN HISTORIKOA
Diagnostikoaren eta printzipio eta balioen inguruan kide guztien artean lortutako adostasunaren ondoren, Euskadiko Osasun Itunak hirugarren faseari ekin zion joan den otsailaren 26an, Barakaldoko BECen egindako bileran. Bertan, 24 lantalde espezifiko jarri ziren martxan, eta 400 bat adituk, profesionalek eta pazientek hartu dute parte, Mahaiko kideek berek hautatuta.
Gaur, Osasuneko sailburuak Ituna behin betiko fasean sartzen dela esan du eta konfiantza osoa adierazi du orain arte parte hartu duten eragileek asmo handiko eta batere erraza ez den prozesu osoan zehar erakutsi duten erantzukizun eta inplikazioa dela eta, horrek emango baitu aukera “historikotzat” jo duen itunaren etapa hau amaitzea. “Izan ere, osasun-eredu unibertsal, jasangarri, ekitatibo eta pazientean oinarritutako ibilbide-orri partekatua da, Euskadiko herritarren etorkizuneko ongizatea bermatzeko”. Ildo horretan, jarraipenari eta ebaluazioari buruzko laugarren faseari ekiteko aurreikuspena mantendu du; datorren apirilaren 7an, Osasunaren Mundu Egunean, egingo da bilera.
Beste behin ere, Alberto Martínezek bere esker ona adierazi nahi izan die Itunean parte hartzen duten eragileei, bai pazienteen elkarteetako ordezkariei, bai osasun arloko adituei: Medikuen, Erizainen, Farmazialarien, Psikologoen, Odontologoen, Optiko eta Optometristen, Gizarte Langileen, Fisioterapeuten, Biologo eta Albaitarien elkargo ofizialei, Medikuen Sindikatuari, SATSE eta SAEri; baita alderdi politikoei ere.
Jarraian bildu dira foro honetako kide guztiek izendatutako taldeek azken hilabeteetan landu dituzten 24 ildo estrategikoak. Urdinez markatuta daude adostutako 22 ildoak:
I. OSASUNAREN PREBENTZIOA ETA SUSTAPENA
1.- One Health ikuspegia, osasuna eta klima-aldaketa: osasun-plangintzan gizakien, animalien eta ingurumenaren osasuna txertatzea.
2.- Osasunaren prebentzioa eta zaintza: Detekzio goiztiarra eta osasun-mehatxuei eman beharreko erantzuna indartzea.
3.- Osasunaren sustapena eta ekintza komunitarioa: osasun-arloko ekitaterik ezaren murrizketa gizarte-determinatzaileetan oinarritutako ikuspegi baten bidez, haurrak, nerabeak, ugalketa-osasuna, emakumeak eta kolektibo kalteberak bereziki kontuan hartuta.
4.- Lehen mailako arretaren eta arreta komunitarioaren indartzea: Arreta-eredu integral, eskuragarri, proaktibo eta luzetarako baten garapena, sistemaren gobernantzaren ikuspegitik.
II. GAIXOTASUNAREN ARRETA
5.- Denbora-mendekotasuneko patologiak: Denbora biziraupenarekin eta desgaitasunarekin zuzenean lotuta dagoenean eman beharreko laguntza-erantzunaren optimizazioa.
6.- Kronikotasuna: Gaixotasun kronikoen kudeaketaren eta bizi-kalitatearen hobekuntza.
7.- Arreta soziosanitarioa: Osasun-sistemaren eta gizarte-zerbitzuen arteko koordinazioa arreta integratua eskaintzeko.
8.- Bizitzaren amaierako zainketak: Pertsona ardatz duen arreta duina
III. LEHENTASUNEZKO OSASUN-ARLOAK
9.- Onkologia: Minbiziari modu integralean aurre egitea, prebentzioa, arreta eta errehabilitazioa barnean hartuta.
10.- Gaixotasun kardiobaskularrak: Gaixotasun-kargaren murrizketa prebentzioa eta tratamendua hobetzearen bidez.
11.- Osasun mentala: Sustapena, prebentzioa eta asistentzia-eredua optimizatzea.
12.- Gaixotasun neurodegeneratiboak: Arreta eta detekzio goiztiarra indartzea eta pazienteak eta familiak babestea.
13.- Gaixotasun arraroak eta diagnostiko genetikoa: Diagnostikoaren hobekuntza eta tratamendu pertsonalizatuak jasotzeko aukera.
IV. KALITATEA, BERRIKUNTZA ETA JASANGARRITASUNA
14.- Osasun-arloko balioa eta emaitzak: Sistema osasun-arloko emaitza hobeak lortzera bideratzea, efizientziaren eta ekitatearen ikuspegiarekin
15.- Antolamendu-berrikuntza eta laguntza-ereduak: Eskuragarri dauden baliabide guztien efizientzia areagotu dezakeen laguntza integral eta integratuaren sustapena
16.- Zerbitzu-zorroa.
17.- Osasun-arloko ikerketa, garapena eta berrikuntza (I+G+B): Medikuntza pertsonalizatua eta terapia aurreratuak bultzatzea, besteak beste.
18.- Osasun-arloko digitalizazioa: Teknologiaren erabilera laguntza, plangintza, kudeaketa eta ikerketa hobetzeko.
19.- Azpiegiturak eta lankidetza-eredua.
V. OSASUN-ARLOKO PROFESIONALEN GARAPENA
20.- Osasun-arloko prestakuntza eta irakaskuntza: Ezagutzaren zabalkundea eta profesionalen etengabeko trebakuntzaren sustapena.
21.- Pertsonengan oinarritutako politika: atxikipena, fidelizazioa, parte-hartzea eta lidergo profesionala osasun-sisteman.
VI. GOBERNANTZA
22.- Eztabaida eta erabaki partekatuak hartzeko aukera: Osasun-sistemaren kudeaketan herritarren parte-hartzea eta gardentasuna bultzatzea.
23.- Lankidetza publiko-pribatua eta hitzarmen-araubidea.
24.- Pazienteen eta profesionalen hizkuntza-eskubideak.