Jakin-minik handienetako bat kontzertuek eragiten dute: ea zein talde etorriko ote diren Azpeitira. Bada, honako hauek izango dira 2025eko saninazioei musika jarriko dietenak.
• Uztailak 26: Kilimak eta Heitxi
• Uztailak 30: Puro Relajo
• Uztailak 31: Zea Mays
• Abuztuak 1: Brigade Loco
“Plaza beteta eta jendea dantzan ikusi nahi dugu; horregatik, gaur egun arrakasta handia duten eta jende asko mugitzen duten taldeak izango dira saninazioetan”, esan du Mikel Odriozola Festa batzordeburuak. Nabarmendu du udalak euskal taldeei eman diela lehentasuna beste behin ere, eta, horretaz gain, adin guztietako herritarrengana iritsi ahal izateko, estilo ezberdinetako taldeen alde egin duela.
Iragarritako talde horiek guztiak plazan izango dira. Hala ere, kaleko musikak ere tarte zabala izango du festetan. Besteak beste, Euskal Herriko IV. Elektrotxaranga Lehiaketa irabazi berri duen 3indarrok taldeak joko du uztailaren 30ean, eta gainerako egun guztietan ere izango dira kaleko emanaldiak.
Umeen Eguna
Saninazioei buruzko xehetasun gehiago aurrerago emango ditu udalak, baina bada beste aldaketa nagusi bat ere: Umeen Eguna larunbatez egin izan da aurreko bi urteetan, baina aurten berriz ere igandean izango da, uztailaren 27an hain zuzen ere. Ohi bezala, erraldoi eta buruhandien desfilea, bazkaria eta abar izango dira egun horretan herriko txikienentzat.
Txupinazorako hautagaiak
Gogoratu txupinazoa nork bota proposatzeko epea ere zabalik dagoela ekainaren 13ra arte. Bi bide daude horretarako: posta elektroniko bidez, txupinazoa@azpeitia.eus helbidera idatzita, edo igerilekuan, liburutegian eta udaletxeko ate ondoan dauden buzoien bidez.
Festa Batzordeak aztertuko ditu proposamen guztiak, eta hainbat irizpideri begiratu ostean, lau finalista aukeratuko ditu. Ekainaren 20an beste bozketa bat irekiko da lau hautagaiekin, eta ekainaren 30ean jakinaraziko da nork botako duen txupinazoa.