2024an, programa horrek 138,2 milioi euroko enpresa-inbertsioak bultzatu zituen langabezia handiko eremuetan, eta 2.411 lanposturi eusten lagundu zuen
Gobernu Kontseiluak datozen egunetan Indartu programa argitaratzeko tramiteak abiarazi ditu. Programa horrek, SPRIren bitartez, 20 milioi euroko enpresa-inbertsioak bultzatuko ditu eta laguntza integrala eskainiko die enplegu-aukerak sortzen dituzten sustatzaile berriei, bereziki Ezkerralde Zabalduan eta langabezia handiko beste eremu batzuetan. Laguntza integrala eskainiko die, halaber, Euskadiko urteko batez besteko langabezia-tasa (% 7,4) edo langabezia-tasa handiagoa duten udalerrietan estrategikotzat eta lehentasunezkotzat jotzen diren inbertsioei ere.
2024an, laguntza horri esker, 138,2 milioiko enpresa-inbertsioak bultzatu ziren langabezia handiko eremuetan, eta 2.411 lanposturi eusten lagundu zen. Egikaritutako aurrekontua 19,6 milioi eurokoa izan zen.
Indartu programaren bidez, bultzada eman nahi zaio Euskadiko eremu kaltetuenetako jarduera ekonomikoari. Zehazki, Bizkaiko Ezkerraldeko enpresek eta Euskadiko urteko batez besteko langabezia-tasa (% 7,4) edo langabezia-tasa handiagoa duten udalerrietan kokatutako enpresek eska ditzakete laguntzak.
Enpresa batek gehienez ere 3 milioi euro jaso ditzake. Enpresa horrek gutxienez 1,5 milioi euroko inbertsioa egin beharko du, enpresa handia bada, edo gutxienez 200.000 euroko inbertsioa enpresa txiki eta ertaina bada.
Laguntzak ematerakoan baloratuko den beste faktoreetako bat enpleguaren sorrera da. Gutxieneko inbertsioa lortzen ez bada, laguntzak eskuratu ahal izateko adierazleak izango dira enpresa handietan gutxienez 25 enplegu sortzea eta enpresa txiki eta ertainetan gutxienez 5 enplegu sortzea.
Hauek dira Ezkerralde zabaldua osatzen duten udalerriak: Abanto Zierbena, Alonsotegi, Artzentales, Balmaseda, Erandio, Galdames, Gueñes, Karrantza Harana, Muskiz, Ortuella, Portugalete, Santurtzi, Sestao, Sopuerta, Turtzioz, Trapagaran eta Zierbena.