Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak, Visesa – Euskadiko Etxebizitza eta Lurra SAren Akziodunen Batzar Nagusia eratuta, 2024ko ekitaldiari dagozkion urteko kontuak eta kudeaketa-txostena onartu ditu gaur.
Joan den martxoaren 25ean Administrazio Kontseiluak formulatu zituen eta PKF ATTEST enpresa independenteak aldeko ikuskaritza egin zuen. Kontuek sozietatearen helburu publikoekin bat datorren kudeaketa ekonomiko-finantzario sendoa islatzen dute.
Ekitaldia 11.569.681 euroko emaitza positiboarekin itxi zen, eta horren aplikazioa finantza-zuhurtasuneko eta inbertsio publikorako orientazioko irizpideekin planteatu da. Horrela, emaitzaren % 10 legezko erreserbara bideratuko da, eta gainerakoek enpresa-kapitalizazioa sustatzeko erreserba indartuko dute, eskuraezin gisa. Bi tresna horiek Visesaren kaudimena indartzeko eta etorkizuneko jardueren finantzaketa ziurtatzeko aukera ematen dute.
Emaitza horren zati handi bat Zorrotzaurreko (Bilbo) eremuan lursail bat besterentzetik dator, eta eragiketa horrek aukera emango du hiri-garapen horretan oraindik egiteko dauden urbanizazio-kargak estaltzeko.
Visesaren ohiko jarduerari dagokionez, alokairuko etxebizitza babestuaren sustapena, oreka ekonomiko-finantzarioa lurzoruak doan lagatzen dituzten udalekin lankidetzan lortzen da; hauek, gainera, EIOZren % 95eko hobaria ezartzen dute, tasak eta abalak kentzen dituzte eta, kasu batzuetan, oreka hori lortzeko ekarpen ekonomikoak egiten dituzte.
Aldi berean, Visesak sustapen-jarduera handia izan du 2024an, eta 508 etxebizitza babesturen behin betiko kalifikazioa lortu du. Horietatik 388 alokairura bideratuko dira, eta 120 salmentara (azken sustapen hori, modalitate honetako azkena). Jarduketak Gasteizen, Getxon, Bilbon, Orion eta Zumarragan egin dira.
Urbanizazioan eta lurzoruaren garapenean 8,7 milioi euroko inbertsioa egin da, eta interbentzio nabarmenak egin dira Sestao-Vega Galindon, Zorrotzaurren eta Boluetan. Sustapen-jarduerari dagokionez, Visesak 82,2 milioi euroko inbertsioa egin du abian diren sustapenetan; guztira, 1.628 etxebizitza.
Ekitaldiko negozio-bolumena 77,8 milioi eurokoa izan zen. Urte amaieran, sozietateak 392 milioi euroko aktiboa zuen guztira, 126,8 milioiko ondare garbia eta finantza-zorra ia nulua, eta horrek operadore publiko sendo eta kaudimendun gisa irmotzen du.
2024an, gainera, Eusko Jaurlaritzak eta Visesak Kontratu-Programa berri bat sinatu zuten, alokairu sozialerako 467 etxebizitza babestu sustatzea aurreikusten duena, laguntzetan 20,2 milioi euroko aurrekontu zenbatetsiarekin.
Emaitza horiekin, Visesak Eusko Jaurlaritzaren etxebizitza-politiken zerbitzurako tresna publiko gisa duen zeregina indartzen jarraitzen du, lurraldeko gizarte-premiei erantzungo dien alokairuko parke publiko baten garapenarekin konprometituta