Nafarroako Gobernuak Nafarroako Foru Komunitatean dauden irabazi asmorik gabeko entitateetan euskararen erabilera eta presentzia sustatzeko, euskara planak egiteko eta/edo ezartzeko, unean uneko neurriak hartzeko eta webguneetan eta software aplikazioetan euskararen presentzia eta erabilera areagotzeko inbertsioak egiteko laguntzak eskatzeko epea ireki du.
Laguntza hauek eskuratu ahal izango dituzte indarrean dagoen legeriaren arabera legez eratuta dauden eta Nafarroako Foru Komunitatean kokatuta dauden irabazi asmorik gabeko entitate guztiek. Deialdi honetatik kanpo geratzen dira euskararen irakaskuntzan diharduten erakundeak, administrazio publiko batek edo gehiagok % 50etik gora osatzen duten haiek, hedabideak edo sindikatuak, besteak beste.
Deialdi honetarako bideratutako aurrekontua, gehienez, 94.000 eurokoa izango da, honako partida hauen kargura: 85.000 euro, gehienez, 1., 2. eta 3. modalitateen kontura, euskara-planak egiteko eta/edo euskara-planak eta hizkuntza horren erabilera sustatzeko ekintzak gauzatzeko; eta 9.000 euro, gehienez, 4. modalitatearen kontura, euskarazko eduki digitalak sortzeko inbertsioetarako.
Diruz lagundu daitezkeen jarduerak gauzatzeko epea 2024ko urriaren 1etik 2025eko irailaren 30era bitartekoa da, biak barne. Eta eskaerak online aurkez daitezke ekainaren 30era arte, dagokion izapide-orrian.