Aldundiak kalitatezko enplegu industrialaren aldeko apustua indartu du WORKinn Talent Hub-en

0

Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko Saileko Teresa Laespada foru diputatuak asteazken honetan WORKinn Talent Hub 2025 azokaren inaugurazioan parte hartu du, BECen, +INDUSTRY ekitaldiaren baitan. Baieztatu duenez, berak zuzentzen duen Sailak Bizkaian kalitatezko enplegu industrialaren, etengabeko prestakuntzaren eta askotariko talentuaren aldeko konpromiso irmoa du.

Aldundia partner instituzional gisa bertaratu da, Lanbiderekin eta Eusko Jaurlaritzarekin batera, eta, hala, ikusgarritasuna eman nahi izan die enplegu-politiketako eta aktibazio profesionalerako tresna gakoei, besteak beste Bizkaiko Enpleguaren Atariari (www.portaldeempleodebizkaia.eus) eta DEMA – Enplegu eta Ekintzailetza Foru Agentziari.

«Kudeatzaile publikoak garenez, gure erantzukizuna da testuinguru ekonomiko, sozial eta politiko egokia sustatzea industria berriz ere Bizkaiko motor ekonomikoa eta kalitatezko enplegua sortzeko iturria bilakatu dadin», baieztatu du Laespadak. Horretarako, 2024-2029ko Enplegu Plana aipatu du, horixe baita lan-eredu berriaren erronkei aurrea hartzeko aldundiak ezarri duen ibilbide-orria.

Aldundiaren ustez, espazio hori estrategikoa da enpresen, pertsonen eta lurraldearen arteko konexioa indartzeko eta berrikuntza eta inklusioa txertatuko dituen garapen jasangarriko eredua defendatzeko. «Industrian oinarritutako sistema ekonomiko baten aldeko apustua egin behar dugu. Horretarako, beharrezkoa da gazteak eta, bereziki, emakumeak industriara eta STEMera hurbilaraztea», adierazi du Laespadak. «Gure ardura da talentuaren leialtasuna sustatuko duen testuinguru sozial eta ekonomikoa sortzea».

Talentua, industria eta etorkizuna batzen dituen ekitaldia

WORKinn Talent Hub foroa ekainaren 3, 4 eta 5ean egingo da, eta, bertan, benetako 355 lanpostu eskaintzen dituzten 35 enpresa bilduko dira, besteak beste Siemens Gamesa, Renfe, H2SITE, Heidelberg Materials, LKS edo Lontana Group. Gainera, Inspire gunea ere badago, teknologia industrial berriei buruzko esperientzia interaktiboa. Azoka hau fabrikazio aurreratuaren eremuko estatu-mailako +INDUSTRY ekitaldi handian sartzen da (sei saio espezializatu ditu).

Azokan izan dira, era berean, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Inklusioko sailburuordea, Alfonso Gurpegui, eta BECeko eta AFMko zuzendari nagusiak, Xabier Basañez eta Xabier Ortueta. Teresa Laespadak alderik alde zeharkatu du azoka arduradun instituzional eta ordezkari enpresarialekin batera.

«Jarrai dezagun elkarrekin lanean ikuspegi eta konpromiso sendoz, Bizkaiak aurrerapenaren eta ongizatearen erreferente izaten jarrai dezan. Gure lurraldeak aukera eman behar du pertsona orok bere talentua gara dezan -zeinahi dela ere- eta desio dugun gizarte bidezko, ekitatibo eta kohesionatua jasangarritasunez sustatzeko», berretsi du Laespadak.

Enpleguaren Ataria eta DEMA: profil guztientzako programa publikoak

Sailaren orientazio eta hobekuntza profesionalerako tresna digital nagusia da Bizkaiko Enpleguaren Ataria. Sarbide libre eta etengabea du, eta langabetuei, lehen enpleguaren bila ari diren gazteei, beren egungo lan-egoera hobetu nahi duten pertsonei edo prestakuntza handitu nahiz lan aurreko praktikak egiten nahi dituztenei zuzentzen zaie.

Gaur egun, 90 programa aktibo baino gehiago biltzen ditu, 7.000 pertsona baino gehiago daude erregistratuta, eta 3.600 inskripzio baino gehiago ditu. Atarian sartzen diren programen artean daude DEMA Foru Agentziak kudeatzen dituenak, besteak beste ANEZKALABORLAN edo EMALAN +45, prestakuntza, laguntza eta enpresekiko harremanak uztartuz. Eta lan guzti horretan ikuspegi hurbila, pertsonalizatua eta lurraldeko erakundeekin koordinatua aplikatzen da.

«Aldunditik pertsona bakoitzaren garapena sustatzen duten politika publikoak ezartzeko konpromisoa berretsi nahi dugu. Eta, horretarako, ezinbestekoa da enpresa-sarearekin estu lan egitea», azpimarratu du Laespadak, 2024-2029 Enplegu Plana aipatuz, horixe baita lan-eredu berriaren erronkei aurrea hartzeko Aldundiak daukan ibilbide-orria.

Argibide gehiago:

Bizkaiko Enpleguaren Ataria: www.portaldeempleodebizkaia.eus

WORKinn Talent Hub azoka: www.workinntalent.com