“Kalitatezko enpleguak eta industria berritzaileak eskutik joan behar dute nahi dugun gizarte eredua eraikitzeko”, dio Alfonso Gurpeguik

0
  • Enplegu eta Inklusio sailburuordeak azpimarratu du euskal industrian beharra  dagoela parekotasunerantz aurrera egiteko, sektore horretan lan egiten duten pertsonen % 22 bakarrik baitira emakumeak
  • Gurpeguik nabarmendu du, halaber, Lanbideren etapa berriak azkartasun eta eraginkortasun handiagoa ahalbidetuko duela lan merkatuaren beharrizan aldakorretara egokitzeko eta enplegu eskatzaileei arreta emateko

Alfonso Gurpegui Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Inklusio sailburuordeak inauguratu du gaur WORKINN TALENT HUBren edizio berria, Euskadiko industria, talentu eta enplegurako erreferentziazko ekitaldia. Inaugurazio hitzaldian, Gurpeguik azpimarra egin du enpleguak duen garrantzian, gizarte bidezkoago eta kohesionatuago bat garatzean, Lanbide zuzenbide pribatuko erakunde publiko gisa eraldatzean eta euskal industria sektorean parekotasunaren erronkan.

“Enplegua funtsezko tresna da gizarte justuagoa eta kohesionatuagoa eraikitzeko”, adierazi du Gurpegui sailburuordeak. “Horregatik, WORKINN bezalako foroak aukera bat dira etorkizuna duten pertsonak eta etorkizuna eraikitzen duten enpresak konektatzeko. Kalitatezko enpleguak eta industria berritzaileak batera joan behar dute nahi dugun gizarte eredua eraikitzeko”, gaineratu du.

Gurpeguik, halaber, nabarmendu du Euskadiko enplegu politiken kudeaketan berriki izandako mugarri bat: Lanbide zuzenbide pribatuko erakunde publiko bihurtzea. “Lan merkatuaren behar aldakorretara egokitzeko eta enplegu eskatzaileei arreta emateko bizkortasun eta eraginkortasun handiagoa ahalbidetuko digu”, azaldu du. Etapa berri bat, baliabideak optimizatu eta enpleguaren erronkei erantzun azkarragoak eta pertsonalizatuagoak eskaintzea bilatzen duena.

Aurten ere, Lanbide WORKINN TALENT HUBen izango da, stand propio batekin, orientazio pertsonalizatua eta enplegu bilaketari, lan elkarrizketei, sortzen ari diren enpleguei eta funtsezko gaitasunei buruzko tailer praktikoak eskaintzeko. Industria sektoreari lotutako 387 lan eskaintza baino gehiago ere eskainiko ditu.

Azkenik, sailburuordeak gaur egungo erronka nagusietako bati heldu dio: zenbait sektoretan dagoen genero arrakalari. “Gaur egun, euskal industrian lan egiten duten pertsonen % 22 baino ez dira emakumeak. Hamar urtean % 3 baino ez dugu aurreratu”, zehaztu du Gurpegik. “Talentua badugu, baina enplegurako benetako aukera bihurtzea falta da. Bai Lanbidetik, bai Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailetik, behin eta berriz esango dugu etorkizuneko industria jasangarria izango dela baldin eta inklusiboa ere bada”.

WORKINN TALENT HUB, aurten +INDUSTRY azokan baitan dago, euskal ekosistema industrial osorako erreferente da, eta funtsezko gunea da erronka horiek eztabaidatzeko eta Euskadin lan merkatu inklusiboagoa, dinamikoagoa eta ekitatiboagoa bultzatuko duten irtenbide berritzaileak aurkitzeko.