Osakidetzak eta Gasteizko Udalak aurrera egin dute Erdi Aroko Hiriguneko osasun zentro berriaren sorreran

0
  • Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburu Alberto Martínezek eta Gasteizko alkate Maider Etxebarriak osasun-zentro berria izapidetzen hasteko akordioa sinatu dute gaur, antzinako babes-etxea erabiltzea ahalbidetuko duena
  • Zentroa handiagoa eta irisgarriagoa izango da, eta, gainera, auzo horretan askotan eskatutako esku-hartze komunitarioa zabalduko du

Gasteizko Erdi Aroko Hiriguneko Osasun Zentro berria babes-etxe zaharrean kokatuko da, eta auzo horretako bizilagunei, bai eta Koroatzeko eta Zabalgunekoei, 30.000 guztira, emango die zerbitzua. Hiriko eremu hau ekipamendu berri batez hornitzeko proiektua beste urrats bat da Osakidetzak Lehen Mailako Arreta indartzeko eta herritarrei kalitatezko laguntza-arreta emateko duen konpromisoan. Horretarako, ekipamendu irisgarriak eta behar diren zerbitzu guztiez hornituak sortuko ditu.

Osasun-zentro berria eraikitzeko, Vitoria-Gasteizko Udalaren lankidetza behar da. Horrek Osasun Sailaren eta Osakidetzaren eskura jarri du gaur egungoa baino zabalagoa den espazio bat, Hedegile kaleko 108. zenbakian kokatua, aipatutako ekipamendua erabili ahal izateko. Proposatutako kokapen berria, hots, babes-etxe zaharra, San Prudentzio adinekoentzako eguneko arretako LAR zerbitzuak okupatzen du gaur egun. Udalarekin lortutako akordioaren arabera, Osakidetza arduratuko da zerbitzu hori beste kokaleku batera eramateaz, bai eta beharrezko eraberritze-lanak egiteaz ere, osasun-zentro batek behar dituen zerbitzuak barne hartzeko. Azaldutako guztirako, Osakidetzak 13,1 milioi euroko inbertsioa aurreikusi du.

Gaur, hain zuzen ere, lankidetza-esparru hori gauzatu egin da, Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburu Alberto Martínezek eta Gasteizko alkate Maider Etxebarriak osasun-zentro berria izapidetzen hasteko akordioa bat sinatuta. Susana López Altuna Osakidetzako zuzendari nagusia ere bertan izan da.

Alberto Martínez Osasun sailburuak ziurtatu du Udalak, Osasun Sailak eta Osakidetzak elkarrekin lan egingo dutela hiri horretako osasun-zerbitzu publikoa hobetzeko «helburua zerbitzu publikoak hobetzen aurrera egitea da. “Hiriburu Hiri» baterako kalitatezko osasun-zerbitzua”. Osasuneko sailburuak ETORKIZUNEKO OSASUN-ZENTROAZ hitz egin nahi izan du, bere gaikuntzaren aurreko zereginek denbora, lana eta, ziurrenik, pazientzia beharko dutelako, baina konpromisoa hartu du San Prudentzio AMIAren Eguneko Arretarako Udal Zentroa, lehenik, eta hiriko Alde Zaharreko Osasun Zentroa, bigarrenik, babes-etxe zaharraren eraikinera egoki birkokatzeko, behin dagokion ondare-eragiketa formalizatzen denean, Eusko Jaurlaritzako Ogasun Sailaren laguntzarekin. «Gasteiz lehentasuna izan da legegintzaldia hasi genuenetik. Lehendakariak berak hiru konpromiso handi hartu zituen. Hiru ekimen: San Martin EAG, Santiagoko Larrialdiak, eta Alde Zaharreko Osasun Zentroa, emandako hitza bete dugu «, adierazi du Alberto Martinezek.

Bestalde, Etxebarriak ziurtatu duenez, «konpromiso bat betetzen dugu eta azkenean lekualdaketa desblokeatzen dugu, Erdi Aroko Hiriguneko bizilagunei mesede egingo diena, azken urteotan osasun-zentro berri bat eskatzen baitute. Akordio hori lehen urratsa da auzoak epe ertainean osasun-zentro moderno, zabal eta irisgarri berri bat estreinatzeko. Lan asko dago aurretik, baina gaur eragiketaren konplexutasunagatik egun gehiegi luzatu den kontu bati karpeta-kolpea emango diogu».

Osasun-zentro berriak 5.000 metro karratutik gorako azalera eraikia izango du. Horrek esan nahi du espazioen zuzkidura nabarmen handituko dela, aurrekoarekin alderatuta. Kontsultak zabaltzeaz gain, zentroak artatutako biztanleriaren profilaren ondorioz egiten den jarduera komunitario biziari eutsi ahal izango dio, eta areagotu ere egin ahal izango du. Izan ere, hori zen Osakidetzaren kezka handienetako bat kokapen berria bilatzean.

Gainera, ekipamendu berriak erreserbatutako espazioak izango ditu etorkizuneko handitzeetarako edo beste laguntza-erabilera batzuetarako. Horrekin batera, irisgarritasunari dagokionez beharrezkoak diren neurri guztiak hornitu ahalko dira, erabiltzaileen erosotasuna hobetuz.