Gaur goizean, Denis Itxaso sailburuak gidatzen duen Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak gosari informatibo bat antolatu du Gasteizko Gran Hotel Lakuan, gaian espezializatutako kazetariekin batera, Jaurlaritza sostengatzen duten legebiltzar-taldeei emandako aholkularitza teknikoa azaltzeko, bai eta Etxebizitza, Lurzoru eta Hirigintza arloko Premiazko Neurriei buruzko Legean Euskadiko etxebizitza-politika publikoen etorkizunerako proposatutako ekimenak azaltzeko ere.
Ekitaldian, sailburuaz gain, bere taldeko beste kide batzuk ere izan dira, hala nola Miguel de los Toyos (Etxebizitzako sailburuordea), Juan Carlos Abascal (Lurralde Plangintzaren eta Hiri Agendaren sailburuordea), Mikel Gargallo (Lurralde Plangintzaren zuzendaria), Patricia Val (Alokabideko zuzendari nagusia) eta Mario Yoldi (Etxebizitzako Plangintzaren eta Prozesu Eragileen zuzendaria).
Araua Euskadiko erronka sozial handienetako baten berehalako erantzun gisa sortu da. Helburua da lurzoru publikoa eta pribatua mobilizatzea, hirigintza-izapideak arintzea eta babes publikoko etxebizitza (BPE) indartzea, alokairu soziala eta zuzkidura-alokairua lehenetsiz.
Legeak jasotzen dituen neurri nagusien artean, hauek nabarmentzen dira:
Lurzoruaren nahitaezko lagapena: 20.000 m² baino gehiagoko bizitegi-lurzoruek aprobetxamenduaren % 15 utzi beharko diete herri-administrazioei bizitegi-erabilera babesturako.
Izapidetze bizkortua: Lehentasunezko proiektuetarako prozedura laburtua sartzen da, JUP bezalako trabak ezabatzen dira eta burokrazia murrizteko isiltasun positiboko mekanismoak aplikatzen dira.
Hirigintza malgutzea: Udalek BPEen ehunekoa egokitu ahal izango dute sektore bideraezinetan, etxebizitza sozialetarako % 55etik jaitsi gabe.
Tentsionatutako merkatuaren erregulazioa: tentsionatutzat jotako eremuetan, etxebizitza turistiko berriak etengo dira eta etxebizitzaren funtzio soziala ez betetzeak zehatuko dira.
Zuzkidura-bizitokiak bultzatzea eta sustapenen kontratazio publikoa hobetzea, premiazko prozedura bateratuak ahalbidetuz.
Legegintza-ekimen hori bat dator 2025-2027 Etxebizitza Bideratzeko Planarekin, eta indartu egiten du Eusko Jaurlaritzak Euskadi bidezkoago, kohesionatuago eta etxebizitza-parke benetan irisgarriago batekin duen konpromisoa.