Eusko Jaurlaritzak Euskadiko Industria Plan berria aurkeztu dio Europako Batzordeari

0

Eusko Jaurlaritzak Rzeszów-en (Polonian) parte hartu du aste honetan, EU Industry Days ekitaldian, Europako industria-politikari buruzko eztabaida-foro nagusian, Europaren etorkizun industrialaren une erabakigarri honetan, trantsizio energetikoa, autonomia estrategikoa eta susperraldi ekonomikoa ardatz dituena. Europako Batzordeak urtero antolatzen duen ekitaldi hau funtsezko plataforma da industriako liderrak, arduradun politikoak eta berrikuntza teknologikoko ordezkariak elkarrekin konektatzeko. 2025eko edizioa ekainaren 5ean eta 6an egin da Rzeszówen, Poloniako hego-ekialdean, Ukrainako mugatik gertu.

Balio instituzionalaz harago, mugako herri hori egoitza izateko hautuak mezu argia du: Europak konpromisoa hartu du Ukraina berreraikitzeko eta eskualde geoestrategiko horretan industria-erresilientzia izateko. Bi egunetan zehar, gaurkotasun handiko gaiak jorratu ditu, hala nola, lehiakortasuna eta deskarbonizazio industriala, berrikuntzaren sustapena eta Europako balio-kateen sendotasuna, baita segurtasun ekonomikoaren indartzea eta Ukrainako susperraldiaren babesa ere. Europar Batasuneko Kontseiluko presidentetza sei hilean behin aldatzen da eta orain Poloniari dagokio.

Euskal ordezkaritzak, Mikel Jauregi Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburua buru zuela, inaugurazio-jardunaldian aktiboki parte hartu ahal izan du, eta bertan izan dira Europako agintari garrantzitsuak, hala nola Stéphane Séjourné, Europako Batzordeko Oparotasun eta Estrategia Industrialeko presidenteorde exekutiboa.

Hain zuzen ere, Jauregi sailburuak eta Séjourné presidenteordeak aldebiko bilera egin dute, eta sailburuak Euskadiko Industria Plana 2030 berriaren ildo estrategikoak aurreratu dizkio. Datorren astean aurkeztuko dute plana jendaurrean.Bileran, Europako presidenteordeak adierazi duenez, «positiboki baloratzen dugu Euskadik Europaren berrindustrializazioaren alde eta industria gehiagoren eta Europa gehiagoren alde hartutako konpromisoa». Batzordeak arreta berezia jarri dio Eusko Jaurlaritzari, Euskadi Europako lurralde industrializatuenetako bat dela aintzat hartuta. Ekoizpen-profil berezia eta oso berritzailea du, eta EBko industria-politikaren lehentasunekin estuki bat dator.

Mikel Jauregik adierazi duenez, “datorren astean aurkeztuko dugu Euskadiko Industria Plan berria; lotura estua du Europar Batasuneko industria-politikarekin eta Clean Industrial Deal-ekin. Lehentasun industrial komunitarioak gureen ildotik doaz: industria gehiago, industria hobea eta emisio gutxiago”.

“Europako gainerako herrialdeak martxan daude beren industria deskarbonizatzeko, hala lehiakortasuna irabazteko.Horretan, Euskadi ezin da atzean geratu, sare elektrikoetan inbertsiorik egin ez delako. Inbertsio horiek handitu eta bizkortu behar ditugu lehiakortasuna irabazteko eta atzean ez geratzeko. Ezin dugu onartu, eta dena ematen ari gara botila-lepo energetikoa desblokeatzeko. Erantzukizun-kontua da gure industriarekin, gure Herriaren etorkizunarekin, eta egoera horrek eragiten dien 75.000 langile baino gehiagorekin eta haien familiekin”, gaineratu du Jauregik.

Ukrainarekiko gertutasunari buruz, sailburuak nabarmendu duenez, “autonomia estrategikoa eta Europaren segurtasunarekiko kezka errealitate nabarmena da Poloniako eremu horretan, Ukrainako mugatik gertu, hiru urte baino gehiago sufritzen ari baita Errusiaren inbasioa”.

Euskal ordezkaritza EU Industry Days-en

Jardunaldian zehar, Jauregi sailburuak hainbat bilera egin ditu Polonian dauden euskal enpresekin eta Europako industria-sarean paper garrantzitsua duten nazioarteko hainbat eragilerekin. Bilera horiei esker, aliantza estrategikoak indartu dira, lankidetzarako eta inbertsiorako aukera berriak identifikatu dira, eta Euskadik jasangarritasunarekin, lehiakortasunarekin eta autonomia industrialarekin konprometitutako eskualde gisa duen ikuspegia azaldu da.

Euskal ordezkariek SPRI Taldeko Basque Trade & Investment – Nazioartekotzeko Euskal Agentziaren ordezkaritza izan du, Nagore Bonilla zuzendari nagusia buru dela, Eusko Jaurlaritzak Varsovian duen bulego komertzialeko langileekin batera. Lehendakaritzari atxikitako Kanpo Harremanetarako idazkaritza nagusiko arduradunek ere parte hartu dute.

Hala, jarduera instituzional handiko Poloniako astea amaitu da: herrialdeko hainbat ministerio eta eskualderekin bilerak egin dira, eta Polonian ezarrita dauden euskal enpresen plataformarekin topaketa bat egin da —gaur egun 52 enpresek osatzen dute. Enpresen presentzia gero eta handiagoak Polonia Euskadiko bazkide estrategiko gisa indartzen du, batez ere funtsezko industria-sektoreetan.

Lehendakariak behin baino gehiagotan adierazi duenez, “Europa da gure oinarrizko eremua, Euskadiko esportazioen bi herenen helmuga da eta gure industriaren etorkizunerako lankidetza politiko, ekonomiko eta industrialerako gune nagusia”. Esparru horretan, Euskadik EU Industry Days jardunaldietan duen parte-hartzeak berretsi egiten du Euskadik Europaren bihotzean aktiboki lan egiten jarraitzeko duen konpromisoa, bere industria-eredua, berritzeko gaitasuna eta ekonomia komun indartsuago, jasangarriago eta kohesionatuago bat eraikitzeko borondatea erakutsita.