Begoña Pedrosa sailburua Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailak antolatu duen “Irakasleon Garapen Profesionala” azokan izan da gaur. Ekimena azken hiru egunotan izan da Bizkaiko UPV/EHUko kanpuseko Hezkuntza Fakultatean. Mila irakasletik gora parte hartu dute eta 30 praktika baino gehiago erakutsi dituzte. Azoka, ikastetxeetan egiten ari diren berrikuntzaren erakusleiho izan da eta irakasleen arteko elkarlana sustatu du.
Hain zuzen ere, Pedrosa sailburuak “irakasleen arteko elkarrekintza” azpimarratu du, azoka honek ikastetxeetan zer egiten ari diren erakusteko balio duela balioetsiz, irakasleen lana eskertu du. “Eskertu nahi nuke, bihotzez, egiten duzuen lana, atzo zuzendariekin hitz egin nuen, Euskal Eskola Publikoaren Lehen Plan Estrategikoaren aurkezpenean, eta gaur irakasleekin batu gara… gure burua formatzen ari gara eta hain zuzen irakasleen garapen profesionala azken finean hori da, elkarlanean, komunitatean lan egitea” ondorioztatu du sailburuak.
Pedrosak ikasturte honetan garatu den “hobekuntza plan sendoa”, didaktika, “hizkuntzen eta natur-zientzien didaktika”, eta hori guztia esperimentatzeko duen “eremuka aritzeak” eman duen aukera aipatu ditu.