Osakidetzaren historiako EPE-rik jendetsuena, helmugatik gertuago plazen % 60 esleitu ostean

0

Osakidetzako azken hautaketa-prozesuaren lanpostuen egonkortzea eta finkatzea azken fasera iritsi dira. Euskal osasun zerbitzuaren historian izan den EPErik jendetsuen honetan, deitu diren 7.642 lanpostuetatik % 60 dagoeneko esleitu da. Osakidetzak uste du prozesuan dauden gainerako kategoriak gehien bat ekainean ebatziko direla, eta horrek aukera emango du behin-behinekotasuna % 37tik % 9ra murrizteko.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren eta Osakidetzaren konpromisoa argia da: alde batetik, plantillari egonkortasuna ematea eta zerbitzu publikoa indartzea; bestetik, Europako estandarrarekin bat egitea, enplegu publikoaren egonkortasun-tasari dagokionez. Hala, 2023an, bi enplegu-eskaintza ireki ziren aldi berean: Egonkortzeko EPEa, zeinean esperientziak funtsezko garrantzia baitzuen eskainitako 3.723 destinoetako bat lortzeko orduan; eta 2020, 2021 eta 2022ko ohiko EPEa, zeinean guztira 3.919 lanpostu eskaini baitzitzaien batez besteko notarik altuena zuten izangaiei, kontuan izanda ez soilik esperientzia, baizik eta azterketaren nota ere.

100.000 pertsonak baino gehiagok parte hartu dute azken fasera iritsi den prozesu jendetsu honetan. Une honetan, Egonkortzeko prozesuko lanpostu eta kategoria guztiak jada esleitu dira. Ohiko prozesuan, aldiz, bihar, ostiralean, 10 kategoria berri argitaratzen direnean, guztira dauden 103 kategoriatik, 58 ebatzita geratuko dira. Gainerako kategoriak, oro har, ekainean zehar ebatziko dira. Azken batean, eskainitako hamar plazatik sei dagoeneko esleitu dira, eta lanpostuaz jabetzeko prozesua bukatzea baino ez da falta.

Josune Retegik, Osakidetzako Giza Baliabideen zuzendariak, prozesu jendetsu honen konplexutasuna azpimarratu du, profesionalen lantokietan aldaketak eragin ditzakeelako. «Prozesu konplexu batean gaude, aldaketak egon daitezke, baina prozesuak, behin amaitu eta gero, egonkortasuna emango dio sistemari, eta, ondorioz, arretaren kalitatea hobetuko da», ziurtatu du.

LMAko betetzeko zailak diren lanpostuen EPE

Osakidetzak enplegu publikoko hainbat deialdi jarri ditu abian egonkortzea aurrera eramateko eta, gainera, estaldura sanitarioa hobetzeko betetzeko zailak diren lanpostuetan. Duela gutxi, LMAko betetzeko zailak diren lanpostuen EPE prozesua amaitu da. Prozesu horretan 143 plaza eskaini dira, kategoria hauetan banatuta: Familiako Medikuntza, Pediatria, Ospitalez Kanpoko Psikiatria eta Ospitalez Kanpoko Haurren Psikiatria. Nabarmentzekoa da eskaeren % 10 Euskaditik kanpoko medikuek egin dituztela.

Aurten, 4.000 plaza baino gehiagoko deialdia

Gainera, urtearen amaieran ohiko EPE berri bat deituko da, 2023, 2024 eta 2025ekoa, eta guztira 4.245 lanpostu eskainiko dira. Azterketak 2026an egingo dira, eta EPEaren eredu berria aplikatuko da. Eredu horren oinarriak mahai sektorialean negoziatzen ari dira, Osakidetzako hautaketa- eta hornidura-prozesuak arintzeko helburuarekin.