Eusko Jaurlaritzak 2026ko aurrekonturako jarraibideak finkatu ditu, gizarte-ongizatea, hazkunde jasangarria eta finantza-egonkortasuna ardatz hartuta

0

Eusko Jaurlaritzak % 1,8ko hazkundea proiektatu du 2026an, 12.000 lanpostu sortzea aurreikusten du eta jasangarritasunaren, eraldaketa digitalaren eta berdintasunaren aldeko apustua indartzen du

Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak gaur onartu ditu Euskal Autonomia Erkidegoaren 2026rako Aurrekontua egiteko ardatz izango diren jarraibide ekonomikoak. Noël d’Anjou Ogasun eta Finantzetako sailburuaren hitzetan, helburu nagusia da “herritarren ongizatea eta hazkunde ekonomikoa bermatzea, ziurgabetasun globaleko testuinguru honetan”, betiere finantza-egonkortasuna arriskuan jarri gabe.

Akordio horrekin, hasiera formala ematen zaio aurrekontu-prozesuari, Eusko Legebiltzarrean Aurrekontuen Legea onartzearekin abenduan amaituko den prozesuari. D’Anjou sailburuak azaldu duenez, aurrekontuan uztartuko dira “premiazko beharrei erantzungo dieten epe laburreko ekintzak” eta “Euskadi Europako eskualde aurreratuenen artean kokatuko duen epe luzeko ikuspegia”.

Aditzera eman duenez, 2026ko kontuak bideratuko dira “pertsonak erdigunean izango dituen Euskadi jasangarriagoa eta digitalagoa” eraikitzera, eta genero-ikuspegia politika guztietan zeharka txertatzera. Eusko Jaurlaritzak adierazten duenez, aurrekontu horren helburua berehalako erronkei erantzuteaz gain, epe luzerako eraldaketa estrategikoak bultzatzea izango da.

Eusko Jaurlaritzaren aurrekontu-estrategia legealdi hau gidatzen duten bost ardatz nagusiren inguruan egituratzen da:

  1. Pertsonen bizitza hobetzea.
  2. Hazkunde ekonomikoa eta ongizatea bultzatzea.
  3. Energia-eraldaketan eta jasangarritasunean aurrera egitea.
  4. Bizikidetza-eredu sendoa eta zuzena sustatzea.
  5. Autogobernua indartzea.

Aurrekontuetako gidalerroek gorantz berrikusitako koadro makroekonomikoa dute ardatz. Eusko Jaurlaritzak barne-produktu gordina (BPG) 2025ean % 2,1 haziko dela eta 2026an % 1,8 haziko dela aurreikusten du (hamarren bat gehiago urte bakoitzean, aurreko aurreikuspenekin alderatuta).

Kalkuluen arabera, enpleguaren arloan, 2026an 12.000 lanpostu berri inguru sortuko dira, hau da, % 1,2 gehiago. Halaber, 2025ean, langabezia-tasa % 7raino jaistea aurreikusten da eta 2026an maila horri eutsiko litzaioke edo hobetu ere egingo litzateke.

Eusko Jaurlaritzak nabarmendu du datu horiek politika publikoen orientazioa bermatzen dutela, eta Euskadiren egiturazko erronkei errealismoz, baina anbizioz, aurre egitea ahalbidetzen dutela.

1.1.1     Inbertsio estrategikoa eta lankidetza publiko-pribatua

Aurrekontuaren funtsezko zutabeetako bat inbertsio estrategikoa izango da. Eusko Jaurlaritzak bere esku dituen baliabide guztiak aktibatzeko konpromisoa hartu du, barnean dela Ekonomia Itunaren optimizazioa eta lankidetza publiko-pribatuaren aldeko apustu irmoa.

“Helburua ekonomia indartsuagoa, lehiakorragoa eta inklusiboagoa bultzatzea da, inor atzean utzi gabe”, adierazi du Ogasun eta Finantzetako sailburuak. Horretarako, aurrekontuetan lehentasuna emango zaie hezkuntza, osasuna, etxebizitza, segurtasuna, gizarte-zerbitzuak eta talentua erakartzea gisako arloei.

Ildo horretan, Eusko Jaurlaritzak iragarri zuen ikerkuntzan, garapenean eta berrikuntzan (I+G+b) inbertitzeko konpromisoari eutsiko diola, eta inbertsio horrek urtean gutxienez % 6ko igoera izango duela. “Mundu digitalean eta teknologikoan lehiatzeak gure ahalmen estrategikoak indartzea exijitzen du”, adierazi du.

Eusko Jaurlaritzaren arabera, goi-geruzetako depresio isolatua (GOIDI) gisako fenomeno klimatikoek edo “itzalaldiaren” kasua gisako gertakariek agerian utzi dute jasangarritasuna eta energia-eraldaketa “premiazko beharra» direla, eta ez “etorkizunerako aukera”.

Esparru horretan, Eusko Jaurlaritzak ahaleginak areagotuko ditu trantsizio energetikoa bizkortzeko, ekoizpen-sektorea modernizatzeko eta lehiakortasuna modu jasangarrian irabazteko. Eusko Jaurlaritza prest azaldu da eskumenak bere gain hartzeko eta arlo horretan beste inbertsio batzuk zuzenean kudeatzeko.

1.1.2     Gizarte-kohesioa, berdintasuna eta eskubideak

Ildo ekonomikoek gizarte kohesionatuago, bidezkoago eta berdintasunezkoagoaren aldeko konpromisoa indartzen dute. Ildo horretan, bizikidetzaren, errespetuaren eta giza eskubideen printzipioei erantzungo dien aurrekontua diseinatzeko beharra nabarmentzen da.

“Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna, memoria historikoa eta oinarrizko eskubideen defentsa ez dira erreferentziazko balio hutsak, Euskal Autonomia Erkidegoko eredu demokratikoaren zutabeak ere badira”, adierazi du d’Anjou sailburuak. Izatez, genero-ikuspegia zeharka txertatzen da aurrekontuak diseinatzeko funtsezko ardatz gisa, eta gogorarazi du genero-ikuspegia inplementatzeko estrategia hori ere onartu dela Gobernu Kontseiluak gaur egin duen bileran.

Eusko Jaurlaritzak, indarrean dagoen lege-esparruaren barruan, autogobernua indartzeari ere jartzen dio arreta. Era berean, Euskadiren nazioartekotzeak eskaintzen dituen aukerak aprobetxatzea planteatzen du, lurraldea berrikuntzaren, jasangarritasunaren eta ongizatearen arloko Europako erreferente gisa koka dadin.

1.1.3     Zorroztasun fiskala eta egonkortasuna

Jasangarritasun finantzarioarekin hartutako konpromisoak markatzen du 2026ko aurrekontuaren prestaketa. Eusko Jaurlaritzak zorroztasun fiskalaren eta inbertitzeko ahalmenaren arteko orekaren alde egiten du, batik bat herrialdearen ekonomia- eta gizarte-garapenerako giltzarri diren arloetan.

“Egungo egoerak zuhurtzia eskatzen du, baita erabaki estrategikoak hartzeko ausardia ere”, adierazi du d’Anjou sailburuak, eta gogorarazi du zerga-bilketaren bilakaerak eta egonkortasun fiskaleko araudien ondoriozko murrizketek ere eragina izango dutela jarduteko aukeran.

1.1.4     Aurrekontu-egutegia

Aurrekontua onartzeko prozesua abian da jada. Irailean prest izango da lehen zirriborroa, Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluaren ondorioekin osatuko dena. Aurreproiektua urriaren 28ko Gobernu Kontseiluan onartuko da, eta urriaren 31 baino lehen igorriko da Eusko Legebiltzarrera, indarrean dagoen araudiak ezartzen duen moduan.

Eusko Jaurlaritzaren iritziz, aurrekontuak ez dira finantza-tresna hutsa, “Euskadiren etorkizuna eraikitzeko benetako bide-orria” dira. Horrela, 2026ko erronkei aurre egiteko ilusioz, arduraz eta herri ikuspegiarekin lan egiteko prestasuna berretsi du.