Eusko Jaurlaritzak 420.000 euro bideratuko ditu 2025ean enpresetan lana, familia eta norberaren bizitza bateragarri egitea sustatzeko

0

Deialdiaren bidez, enpresak sentsibilizatu eta lagundu nahi dira, beren plantillen kontziliazio-beharrak identifika ditzaten eta neurri egokiak susta ditzaten, enpresa-sarearen ekoizpen-errealitateak eta -mugak ere kontuan hartuta

Gaurko Gobernu Kontseiluak Euskadin lantokiak dituzten enpresa eta pertsona autonomoei zuzendutako dirulaguntzen deialdi berria onartu du, bizitza pertsonala, familia eta lana bateragarri egitearen arloko diagnostikoak eta ekintza-planak egiteko.

Ekimen hori Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailaren 2025-2028 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren barruan sartzen da, eta 420.000 euroko zuzkidura du guztira, honela banatuta: 210.000 euro 2025erako eta 210.000 euro 2026rako. Laguntzak edozein tamainatako erakunde pribatuei zuzenduta daude, baldin eta aholkularitza-zerbitzu espezializatuak kontratatu behar badituzte beren diagnostikoa eta kontziliazio-plana garatzeko.

«Kontziliazioa gure egungo gizartearen erronka handienetako bat da», azpimarratu du Nerea Melgosa sailburuak. Langileen ongizatea eta gogobetetasuna hobetzeaz gain, kontziliazio-neurri eraginkorrak ezartzeak eragin positiboa du erakundeetan: efizientzia hobetzen du, absentismoa murrizten du, irudi korporatiboa indartzen du eta talentuari eustea errazten du.

Deialdi honen bidez, enpresak sentsibilizatu eta lagundu nahi dira, beren plantillen kontziliazio-beharrak identifika ditzaten eta neurri egokiak susta ditzaten, enpresa-sarearen ekoizpen-errealitateak eta -mugak ere kontuan hartuta.

Programa Eusko Jaurlaritzak enpleguan berdintasun eraginkorra sustatzeko eta soldata-arrakalaren aurka borrokatzeko hartutako konpromisoen parte da. Gainera, kontziliazioaren arloko ebaluazio- eta aitorpen-sistema bat garatzearekin bat dator. Sistema horrek lau maila izango ditu, eta lehenengoa diagnostikoa eta ekintza-plana egitea izango da. Urrats horietarako, laguntza ekonomiko zuzena emango da.

Izapideak erabat telematikoak izango dira, indarrean dagoen araudiak ezartzen duen bezala. Eskabideak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren bidez aurkeztu beharko dira, eta bertan eskuragarri egongo dira, halaber, behar diren inprimakiak eta dokumentazio teknikoa.