Eusko Jaurlaritzak Euskadin goi-mailako kirol lehiaketak antolatzeko 300.000 euroko dirulaguntza bideratuko du

0

Eusko Jaurlaritzak Euskadiko goi-mailako kirol lehiaketen antolaketa diruz laguntzen du eta, horretarako, 300.000 euroko dirulaguntza bideratuko du, iaz baino 100.000 euro gehiago.

Gaur onartu du Gobernu Kontseiluak deialdia eta, bertan jasotzen denaren arabera, goi-mailako kirol lehiaketatzat joko dira nazioarteko eremua eta izaera duten lehiaketak. Bestalde, deialdi honetatik kanpo geratuko dira kirol-erakusketa edo ikuskizunak eta nazioarteko eremu eta izaera ez dutenak.

Honako hauek dira deialdi honetan lagundu daitezkeen jarduerak:

  • Nazioarteko federazio baten, europar federazio baten edo nazioarte-mailako liga profesional baten egutegi ofizialaren barruan egotea.
  • Mundu-mailako lehiaketetan, bi kontinentetako edo gehiagotako kirolariek parte hartzea.
  • Lehiaketa guztietan, bi herrialdetako eta gehiagotako kirolariek parte hartzea.
  • Zirkuitu edo liga formatuko lehiaketetan, bi herrialdetan edo gehiagotan antolatzea.
  • Tenisaren kirol-modalitateari dagokionez, honako hauek izango dira dirulaguntzen helburu: Europar Federazioaren, Tenis Profesionalaren Elkartearen eta Kirol Egokituaren Nazioarteko Federazioaren egutegi ofizialean sartuak diren kirol-lehiaketak.
  • Surfaren kirol-modalitateari dagokionez, honako hauek izango dira dirulaguntzen helburu: Nazioarteko Elkartearen, Europar Federazioaren eta Surflari Profesionalen Elkartearen egutegi ofizialean sartuak diren kirol-lehiaketak.
  • Boxeoaren kirol-modalitateari dagokionez, honako hauek izango dira dirulaguntzen helburu: nazioarteko titulu ofizial bat lor daitekeen goi-mailako kirol-lehiaketak.

Dirulaguntza eskatzeko epea hilabetekoa izango da deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

2024ko deialdian 29 goi mailako kirol proba lagundu ziren, besteak beste: Zornotzako Nazioarteko Krosa, Zegama-Aizkorri mendi maratoia; Karrantzako eta Igorreko nazioarteko ziklokrosak; Gran Premio Ciudad de Eibar (UCI Pro), Araba World Tennis Tour Femenino, Durango-Durango Emakumeen Saria; edo Ordiziako Klasika.