Muga zergen ondorioak arintzeko enpresa-sektoreari zuzendutako 450M€ arteko laguntza lerroa

0

Eusko Jaurlaritzak 450M €-rainoko finantzaketa-lerro bat irekiko du enpresa-sektoreari laguntzeko, muga-zergen ondorioak arintzeko. “Horrela, Lehendakariak apirilaren 9an Industriaren Defentsarako Taldearen bileran iragarritako Finantza Laguntzako Programa aktibatuko da; honen helburu nagusia da Euskadin zuzenean eraginpean dauden eragile ekonomikoen likidezia- eta finantzaketa-premiei erantzutea” adierazi du Ogasun eta Finantzetako sailburu Noël d’Anjouk.

“Kreditu-lerro hori Elkargik eta finantza-erakundeek bideratuko dute- jarraitu du sailburuak- horretarako, Gobernu Kontseiluak Elkargirekin eta Euskadiko finantza-erakunde nagusiekin hitzarmenak sinatzea onartu du gaur, Ameriketako Estatu Batuekin merkataritza-harremana duten enpresa, enpresaburu eta profesional autonomo indibidualen likidezia-premiei erantzuteko”. Mailegu horiek 5 urteko amortizazio-epea izango dute, eta gehienez 2 urteko gabealdia.

2026ko aurrekontuetarako jarraibide ekonomikoak

Halaber, d’Anjou sailburuak Gobernu Kontseiluan onartutako jarraibide ekonomikoen berri eman du. Jarraibide horiek Euskal Autonomia Erkidegoko 2026rako Aurrekontua egiteko oinarri izango dira. Sailburuaren hitzetan, «helburu nagusia herritarren ongizatea eta hazkunde ekonomikoa bermatzea da, ziurgabetasun globaleko testuinguru batean, finantza-egonkortasuna arriskuan jarri gabe».

Horregatik, «aurrekontu berriak, berehalako erronkei erantzuteaz gain, epe luzerako eraldaketa estrategikoak bultzatzea izango du helburu; baita,  Euskadi jasangarriagoa, digitalagoa eta pertsonengan oinarritua eraikitzea ere, genero-ikuspegia politika guztietan zeharka txertatuz», nabarmendu du sailburuak.

Gobernuaren aurrekontu-estrategia egungo legegintzaldia gidatzen duten bost ardatz nagusiren baitan egituratzen da: pertsonen bizitza hobetzea; hazkunde ekonomikoa eta ongizatea bultzatzea; eraldaketa energetikoan eta jasangarritasunean aurrera egitea; bizikidetza-eredu sendo eta justu bat sustatzea eta autogobernua indartzea. Gidalerroak onartzearekin batera, aurrekontu-prozesua hasten da formalki, abenduan amaituko dena, Eusko Legebiltzarrean Aurrekontuen Legea onartuta.

Kultura eta kirola babesteko hainbat dirulaguntza

Gobernu Kontseiluak, Kultura eta Hizkuntza Politika sailak eskatuta, hainbat dirulaguntza deialdi onartu ditu gaur. Batetik, arte eszenikoak, musika, literatura eta arte plastikoak sustatzeko eta banatzeko dirulaguntza. Gobernuko bozeramaileak, Maria Ubarretxenak, azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzak 850.000 euro bideratuko ditu —iaz baino 250.000 euro gehiago— kulturaren arloko profesionalei (ekoizleak, banatzaileak, komertzialak) merkatu berriak modu irmoan irekitzen laguntzeko eta horretarako behar diren sustapen-tresnak birdimentsionatzeko.

Bestetik, arte eszenikoak ekoizteko dirulaguntzak arautzen dituen deialdia ere onartu da; zehazki, antzerki-, dantza- eta zirku-ekoizpen profesionalerako dirulaguntzak, 2025eko ekitaldian egiten edo hasten direnak. “Horrela, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 1.800.000 euro bideratuko ditu deialdi honetara, aurreko urtean baino 106.000 euro gehiago” gehitu du Ubarretxenak.

Era berean, Euskadin nazioarteko goi-mailako kirol-lehiaketak antolatzeko dirulaguntza deialdia onartu da, 300.000 eurokoa. Halaber, Eusko Jaurlaritzak 700.000 euro bideratuko ditu 2025ean emakumeen kategoria absolutuko nazioarteko lehiaketa ofizialetan eta liga estataletan kirolariek parte har dezaten sustatzeko, talde-kiroletan eta kategoria absolutuan.

Kulturaren esparruan baita ere, 2025-2027 aldian Euskal Kultura Ondareari balioa emateko eta zabaltzeko dirulaguntzen deialdia onartu da, 4,5 milioi euroko aurrekontuarekin, aurreko deialdian baino 1,5 milioi euro gehiago.

Eta azkenik, Eusko Jaurlaritzak 4,6 milioi euro bideratuko ditu Euskadiko museo eta bildumetarako dirulaguntzen deialdira.

Bizitza pertsonala, familia eta lana bateragarri egiteko laguntzak

Ubarretxenaren hitzetan, “gobernu-kontseiluak Euskadin lantokiak dituzten enpresa eta pertsona autonomoei zuzendutako dirulaguntzen deialdi berria onartu du gaur, bizitza pertsonala, familia eta lana bateragarri egitearen arloko diagnostikoak eta ekintza-planak egiteko”. Bozeramaileak azaldu duenez, ekimen hori Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailaren 2025-2028 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren barruan sartzen da, eta 420.000 euroko zuzkidura du guztira.

Abeltzain-elkarteentzako eta arrantza-jarduerarako laguntzak eta Lehiatu Inbertsioa programa

Gobernu Kontseiluak ontzak eman ditu Euskal Autonomia Erkidegoko abere-arraza garbien abeltzain-elkarteentzako 2025eko laguntzak. “Ekoizpen-arraza garbien abeltzain-elkarteentzako dirulaguntzak dira, arraza horiek kontserbatu, hautatu, hobetu eta sustatzeko” azaldu du Ubarretxenak.

Horretaz gainera, gaur, nekazaritzako produktuak eta elikagaiak eraldatzeko, merkaturatzeko eta garatzeko 2025erako laguntzen deialdia  ere onartu da. «Lehiatu Inbertsioa” izeneko programak 15 milioi euroko zuzkidura izango du eta programaren helburua da laguntzak ematea nekazaritzako produktuak, elikagaiak eta arrantzako eta akuikulturako produktuak eraldatzeko, merkaturatzeko eta garatzeko” adierazi du bozeramaileak.

Gobernu Kontseiluak oniritzia eman dio, baita ere, Bizkaiko golkoan izurde arruntaren (Delphinus delphis) eta beste zetazeo txiki batzuen nahi gabeko harrapaketak murrizteko arrantza-jarduera aldi baterako geldiarazteko laguntzen deialdiari. Ubarretxenak azaldu du, laguntza-deialdi hau urtekoa dela, eta helburu duela egoitza-portua Bizkaian eta Gipuzkoan duen flotaren arrantza-jarduera aldi baterako geldiarazteak sortzen dituen galera ekonomikoak konpentsatzea.

Hizkuntza-gaikuntzarako ikastaroak Ertzaintzan

Gobernu Kontseiluak kudeaketa-gomendio bat onartu du gaur Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren eta HABE Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundearen artean, hizkuntza-gaikuntzako ikastaroak egiteko Ertzaintzaren lehen eta bigarren hizkuntza-eskakizunetan, eta euskara klaseak emateko Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Oinarrizko Eskalako Agente Kategorian sartzeko ikastaroko ikasleei.

Akordio horrek 1,1 milioi euroko aurrekontua du 2025eko ekitaldirako.

Gai-zerrenda

Prentsa-txostena