Eusko Jaurlaritzak urratsak egiten jarraitzen du emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasuna esparru gehiagotara zabal dadin, gizartean berdintasuna erabatekoa izatea lortu arte. Joan den urtean kontratazio publikoan genero-ikuspegia eta berdintasunerako klausulak barne har daitezen errazteko instrukzioa onartu zen. Gaur, asteartea, Gobernu Kontseiluak genero-ikuspegia Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren aurrekontu orokorretan aintzat hartzeko estrategia onartu du.
Estrategia horrek, Estatuaren aitzindarien artean eta autonomia-erkidegoen mailan erreferentzia izanik, Berdintasunerako Legearen arau-aginduei erantzuten die, bai eta XIII. legegintzaldiko programa-aginduei ere, eta bide-orri bat da, proposatutako helburuak lortzearekin batera, Euskadin emakumeen eta gizonen berdintasunerantz benetan aurrera egiten den egiaztatzeko.
Proposatutako helburua lortzera begira, dokumentu hori onartzeak berekin dakar konpromiso politiko esplizitua hartzea eta, ondorioz, baliabideak esleitzea, eta lidergo politiko aktiboa izatea Euskal Autonomia Erkidegoko sail, organismo autonomo, partzuergo, zuzenbide pribatuko entitate publiko, sozietate publiko eta sektore publikoko fundazio guztietan.
Ildo horretan, Estrategiaren Koordinazio eta Jarraipen Batzordea sortzea aurreikusten da. Batzorde horrek talde tekniko baten laguntza izango du, eta partekatzeko eta proposamenak egiteko espazio gisa eratuko da, Estrategiaren kudeaketa eta emaitzak optimizatzea helburu duten sinergiak sortze aldera. Batzordearen eginkizunen artean egongo da egindako ekintzen eta erabilitako bitarteko eta baliabideen urteko jarraipen-txostena egitea.
Estrategia horretan, planteatutako helbururako zenbait mugarri zehazten dituen bide-orria landuko da. Gaur onartutako dokumentuan bildutako proposamenen artean daude, besteak beste, egoeraren diagnostikoa egitea, genero-ikuspegia aurrekontuetan sartzearen garrantziari buruzko sentsibilizazio-jardunaldia egitea legealdi bakoitzaren hasieran, berdintasun-politikak zehaztu eta kuantifikatzea, eta langileen gastuei buruzko I. kapitulua zehaztea, genero-ikuspegia duten aurrekontuen barruan.
Bide-orri horretan finkatutako beste ekimenetako bat da estrategia abian jarri eta lehen hiru urteetako ebaluazioa egiteko kanpoko txostena eta etengabeko hobekuntzarako gomendioak kontratatzea, emaitzak argitaratzea, eta genero-ikuspegia duen zerga-politika sustatzea, Euskadiko Zerga Kontratazioko Organoaren (EZKO) barruan.
Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren aurrekontu orokorretan genero-ikuspegia aintzat hartzea proposatzen duen estrategiarako mugarriak dira, eta gaur jarriko dira abian, Gobernu Kontseiluaren onarpen horrekin.