Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministerioa eta Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Saila unibertsitateen kalitatea bermatzeko akordio batera iritsi dira

0
PRUEBA
  • Bi administrazioek erabaki dute onlineko unibertsitateak Eusko Jaurlaritzaren eskumenekoak izatea honako kasu hauetakoren bat betetzen denean: prezio publikoak izatea, irakaskuntza gehienbat euskaraz ematea, edo horien finantzaketa guztiz edo partzialki publikoa izatea
  • Kasu horietatik kanpo, eskumena Estatuari dagokio

Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministerioak (MICIU) eta Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak (DCUI) akordio bat lortu dute Espainian unibertsitate-zentroak sortu, aitortu eta baimentzeko irizpideak aldatzen dituen Errege Dekretuari dagokionez, unibertsitateen kalitatea bermatzeko helburuarekin.

Bi administrazioek bat egin dute, hainbat astez elkarrekin lan egin ondoren, ikasketa-eskaintza gehienbat online duten unibertsitateak eskumen autonomikokoak izatearekin, hiru baldintza hauetako bat betetzen denean:

  1. Autonomia-erkidego bakoitzak finkatutako prezio publikoak izatea.
  2. Berezko hizkuntza koofiziala duten lurraldeetan izatea egoitza, eta irakaskuntzaren %50, gutxienez, hizkuntza horretan ematea.
  3. Autonomia-erkidegoaren finantziazio partziala izatea, unibertsitatearen aurrekontuaren %20 gutxienez.

Kasu horietatik kanpo, eskumena Estatuari dagokio.Gainera, unibertsitate berriak sortzeko eta daudenak aitortzeko proposamenak ebaluatzeko prozesua garatzean, autonomia-erkidegoetako kalitate-agentziek 640/2021 Errege Dekretua aldatzeko proiektuaren 4.3 artikuluan ezarritako irizpideetan oinarritutako kalitate-zigiluak sartu ahal izango dituzte, beren eskumenak eta autonomia baliatuta.

Era berean, bi administrazioek, Errege Dekretuaren kalitate-irizpideak indartzeko eta globalizazioaren eta ezagutzaren nazioartekotzearen premia berrietara egokitzeko esparruaren barruan, berariazko aurreikuspen bat adostu dute unibertsitate bati Goi Ikasketen Zentro izena emango dioten zentroak eratzeko aukerari buruz, Eusko Jaurlaritzak ikasketa aurreratuen zentroak sustatzeko duen proiektuarekin bat etorriz. Proposamen hori Estatu osoan aplikatuko da.

Euskadirako hobekuntzak

Euskal Autonomia Erkidegoan, adostutako testuak nabarmen hobetzen du jatorrizko proiektua, honako arrazoi hauengatik:

  • Estatuaren eskumena mugatzen du irabazi-asmoa duten online unibertsitateetara, beren autonomia-erkidegoaren eragin-eremua gainditzen duten unibertsitateetara eta, are, Espainiako Estatuarenera.
  • Irakaskuntza norberaren hizkuntzan eskaintzea – euskara, EAEren kasuan – txertatzen du, unibertsitate telematikoen gaineko eskumena esleitzeko irizpide gisa.
  • Bere egiten du Eusko Jaurlaritzak proposatutako kalitate-zigiluen sistemaren egokitasuna, eta, aldi berean, bere egiten ditu Errege Dekretuaren proiektuaren 4. artikuluan ezarritako kalitate-irizpideak.
  • Berariazko aurreikuspen bat jasotzen du Goi Ikasketetarako Zentro bat sortzeko aukerari buruz, Eusko Jaurlaritzak Ikasketa Aurreratuen Zentro bat sustatzeko duen proiektuarekin bat etorriz.
  • Euskal unibertsitate-sistema anitza eta unibertsitate osagarriak dituena eratzeko eta sendotzeko aukera ematen du, kalitate-estandar handien eskakizunari uko egin gabe.
  • Hori dela eta, EAEn unibertsitate-politika bat garatzeko aukera ematen du, unibertsitateko irakaskuntza-eskaintza anitza eta kalitatezkoa sustatzeko, bai eta gure asmoen mailako ikerketa-jarduera bat ere.