Eusko Jaurlaritzak Industria Plana – Euskadi 2030 aurkeztu du gaur, gure seme-alabentzako kalitateko etorkizuneko enplegurako ibilbide-orria. Ikuspegia argia da: “industria Euskadiren iragana, oraina eta etorkizuna da”.
Aurkezpen-ekitaldian izan dira Imanol Pradales Lehendakaria eta Mikel Jauregi Industriako sailburua. Haiekin batera parte hartu dute Noël D’Anjou Ogasun eta Finantzetako sailburuak eta Juan Ignacio Pérez Iglesias Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuak. Arteche enpresaren laborategi elektrikoan egin dute aurkezpena, leku sinboliko batean Arteche Mungian sortu zen duela 77 urte, eta euskal familia-enpresa bat da; gaur egun, hirugarren belaunaldiak kudeatzen du, eta munduko liderra da sektore elektrikoan.
Industria Plan berriak 3.900 milioi euroko inbertsio publikoa jasoko du, inbertsio pribatuko 12.000 milioi euro bideratuko dira eta, horrela, guztira 15.900 milioi publiko-pribatu mobilizatuko dira legegintzaldi honetan Horrek esan nahi du euskal industria-sarea sustatzera bideratutako baliabide publikoak % 50 handituko direla, eta laguntza-programen kopurua arrazionalizatuta, hori ere % 50 murriztuko dela. “Hala, programa gutxiago baina indartsuagoak izango ditugu”, azpimarratu du Mikel Jauregi Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuak.
“Industria Planaren helburu nagusia da etorkizuneko belaunaldientzat kalitate handiko lanpostuak sortzeko oinarriak finkatzea. Enplegu egonkorra eta ondo ordaindua, gure seme-alaben nahiei erantzungo diena eta beren potentziala erabat Euskadin garatzeko aukera emango diena”, nabarmendu du sailburuak.
Plana bat dator Europako lehentasun estrategikoekin: berrikuntza, deskarbonizazioa, autonomia estrategikoa eta desburokratizazioa. Hala, kontinentearen berrindustrializazio-prozesuari egiten dio ekarpena. Europako bultzada berri horren erreferente teknologiko eta industrial gisa kokatzen da Euskadi, eta hala aitortu du Europako Batzordeak. Joan den astean Jauregi sailburuak aukera izan zuen Stéphane Séjourné lehendakariorde exekutibo eta Barne Merkatuko komisarioari Industria Plan berria aurkezteko. Hark adierazi zuenez, “positiboki baloratzen dugu Euskadik Europako berrindustrializazioaren alde hartu duen konpromisoa, eta industria gehiagoren eta Europa gehiagoren alde egin duen apustua”.
Industria Planaren estrategiak hiru ardatz nagusi ditu: industria gehiago, industria hobea eta emisio gutxiago. Planak desburokratizazioa gehitu du jarduera-ardatz berri gisa, industria-inbertsio berriak onartzeko epeak % 30 murrizteko asmoz.
Sektore estrategikoak, proiektu eraldatzaileak eta gobernantza-eredu berria
Industria Planak egungo sektore eragileetan (automobilgintzako osagaiak, mugikortasun jasangarria, fabrikazio aurreratua, energia, metalurgia) eta etorkizunekoetan (sektore aeroespaziala, biosanitarioa, soluzio digital aurreratuak, sare adimendunak eta biltegiratzea, erregai berriztagarriak) inbertitzea lehenesten du. I+G+B alorrean, digitalizazioan eta energia-azpiegitura berrietan egindako inbertsioa ere indartu egingo da. Planak 15 lehentasun estrategiko ditu, eta hauek dira nabarmentzekoak: enpresa-errotzea, atzerriko inbertsioa erakartzea, talentu berria garatzea, emakumeak industriara erakartzea, deskarbonizazioa, ETEen tamaina handitzea eta AAren erabilera bultzatzea.
Jauregik azpimarratu duenez, “Plan honen berritasun nagusia proiektu eraldatzaileak dira, lehentasun estrategikoak errealitate bihurtzen dituztenak. Herrialde mailako lankidetzarako aukerak dira, industria-sare berria sortzeko; negozio-planen arabera arautuko dira, eta emaitzak eskatuko dira”.
“Ziurgabetasunaren aurrean, Herrialde gisa ditugun ziurtasunetan izan behar dugu konfiantza: industriaren eta lankidetzaren aldeko apustua, elkarlana. Orain da unea eta guri dagokigu”, amaitu du sailburuak.
Industria Plana 2030eko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planarekin (ZTBP) eta Euskal Finantza Aliantzaren etorkizuneko Inbertsio Planarekin koordinatuta garatuko da, “ez dago garapen industrialik kapitalizazio teknologikorik gabe” sinetsita.
Planak gobernantza-sistema aitzindaria izango du, eta hauek osatuko dute: Industriaren Euskal Kontseiluak, Planaren Batzorde Estrategikoak eta Kudeaketa Teknikoko Bulego batek, SPRI Taldearen bidez: 17 kluster industrialen parte-hartze aktiboa eta BRTA – Basque Research & Technology Alliance aliantza du, eta horrek Euskadiko 17 zentro teknologiko eta ikerketa kooperatiboko zentroak biltzen ditu.
Gaur aurkeztutako dokumentua Eusko Jaurlaritzak egin du, erakunde publikoen, kluster industrialen, enpresa erakundeen, enpresa erreferenteen eta Europako Batzordearen laguntzarekin. Hemendik aurrera sozializazio-prozesua abiatuko da hainbat gizarte-, ekonomia- eta enpresa-eragilerekin, plana aberasteko eta proiektu eraldatzaileak sortzeko. Behin betiko bertsioa Gobernu Kontseiluan onartuko dute eta uda ostean Legebiltzarrera bidaliko dute.






