ITSASOS kanpaina abian izango da berriz Donostian, itsas kutsadurak dakarren arazoaz kontzientziatzeko
Gure itsaso eta hondartzen kutsadura-indize handiak direla eta, administrazio publikoek gizakiak gure kostaldean duen inpaktua minimizatzeko neurriak abiarazi behar dituzte. Donostiak urteak daramatza ildo horretan lanean, eta datuek erakusten dute ahalegin hori emaitza onak ematen ari dela. Udalak egindako lanari eta herritarrek ingurunea errespetatzeko duten borondateari esker, 2024an hiriko hondartzetako birziklatze-tasa % 55era iritsi zen, 2023an baino hamar puntu gehiago. Guztira, bildutako hondakinen guztizko bolumena 537 tonatik 501 tonara murriztu zen.
Hala ere, oraindik asko dago egiteko, eta Donostiako Udala anbizio handikoa da: 2030erako hondartzetan % 80ko birziklatze-tasa lortzea du helburu. Horretarako, guztion inplikazioa beharrezkoa dela jakinda, Donostiako Udalak eta Naturklima Fundazioak ITSASOS kanpainaren beste edizio bat aurkeztu dute. Herritarrak sentsibilizatzeko ekimen hori indartu egingo da aurten, eta irudi berritua izango du, zirraragarriagoa eta emozionalagoa, itsasoko hondakinek dakarten arazoaren larritasunaz kontzientziatzeko.
Iñigo García Villanueva Ingurumeneko, Aniztasuneko eta Inklusioko zinegotziak nabarmendu duenez, «kanpaina honek ispilu bat izan nahi du, gure ohituren benetako inpaktua erakutsi eta hondakin bakoitzak helmuga bat duela gogoraraziko duena. Ezin dugu onartu helmuga hori itsasoa izatea. ITSASOS hainbeste ematen digun ingurune horrekin erantzukizunez eta maitasunez jarduteko deia da».
Ohikoena: zigarrokinak
Izan ere, kalkuluen arabera, itsasoko zaborraren % 60 eta 80 bitartean plastikoa da, gehiena mikroplastikoa, eta % 80 lurretik dator, hiri-hondakinak gaizki erabili, hor zehar utzi edo desegoki kudeatu direla eta. Aztiren txosten baten arabera, hondakinik ohikoenak zigarrokinak dira, % 38 eta % 50, hurrenez hurren, Kontxan eta Ondarretan. Ondoren, 2,5 cm eta 50 cm arteko plastikozko piezak daude (% 25 eta % 16 Kontxan eta Ondarretan, hurrenez hurren), eta, horien atzetik, paper-zatiak eta bilgarriak, poltsak eta makilak (% 6 bi hondartzetan). Gainera, pelletaren 14 item ikusi ziren (plastiko primarioa, segur aski itsas garraioan izandako istripu eta galeren ondorioz edo plastikoa eraldatzeko industriatik iritsia kostara).
«Arazoa handiegia da jaramonik ez egiteko» da edizio honetako mezu nagusia, eta, horrekin batera, irudi bisual indartsu bat aukeratu da, kontzientzia mugiarazi eta fokua erantzukizun indibidualean jarri nahi duena. Kanpainaren karteletan eguneroko objektuak ikusi ahal izango dira –zigarrokin bat, plastikozko edalontzi bat, beirazko botila bat edo freskagarri-lata bat–, tamaina erraldoian, hondarretan barreiatuta edo itsasotik aterako balira bezala. Mezua argia da: gaur batere pentsatu gabe hondartzetan botatzen dugun hori zuzeneko mehatxu izan daiteke bihar gure ozeanoentzat.
Irudi berri horrekin, eta kanpaina hurbilago eta mobilizatzaileago bat eginda, Donostiako Udalak dei argia egiten du: arazoa handiegia da jaramonik ez egiteko. Keinu bakoitzak garrantzia du. Itsasoa gure eskuetan hasten da.
2025/06/11-an argitaratua