Txartela berriz ere martxan jartzeaz bat, hainbat hobekuntza ezarriko dira Donostiako TAOan

0

Udazken honetan, bereizgarri fisikoa berriz ere martxan jartzeaz gain, Donostiako Udalak ordenantza aldatu eta Donostian TAOa kudeatzeko kontratu berria jarriko du abian

Donostiako Udalak hobekuntza batzuk egingo ditu, datozen hilabeteetan, hiriko aparkaleku-sistema arautuan, araudia egungo beharretara egokitzeko eta egoiliarren ibilgailuei lehentasuna emateko.

Irailean hasi eta 2026ko udazkenera bitartean ezartzen joango diren aldaketen artean dira txartela fisikoa berriz ere martxan jartzea, araututako eremuak handitzea, sektoreak homogeneizatzea, eta egoiliarrentzako eremuak zaintzeko ordutegia zabaltzea –eguerdiak eta gauak ere sartuta– eta zaintzaren maiztasuna areagotzea.

Olatz Yarza Mugikortasun eta Garraio Jasangarriko zinegotziak azaldu duenez, «Mugikortasun atalak azken urteotan lurrazaleko aparkalekuaren erabileraren inguruan egin duen azterketatik abiatzen dira martxan jarriko diren hobekuntzak. Horien helburua da araututako eremu bakoitzean ibilgailuen txandakatzea bultzatzea eta egoiliarrei bertan aparkatzeko modua erraztea«.

TAO bereizgarria

Berritasun garrantzitsu eta berehalakoenetako bat da hiriko ibilgailuek berriz ere TAO txartela eraman beharko dutela. Egoiliar-baimena duten ibilgailuak identifikatzeko bereizgarria nahitaezkoa izango da 2025eko urriaren 1etik aurrera, zaintza-lanak errazte aldera, trafikoa eta aparkalekua salbuespenezko egoeretan arautu behar direnean.

Hala, irailaren 1etik aurrera eta hilabete osoan zehar, egoiliarren TAOa duten 17.000 donostiarrek komunikazio pertsonalizatua jasoko dute etxean, eta horrekin batera helaraziko zaizkie txartel berria, eremuen sektorizazioa erakusten duen plano eguneratua eta txartelaren erabilera-baldintzei buruzko informazio garrantzitsu guztia.

ABISUAK:

  • Txartela jasotzeko arazorik izan ez dadin, baimena duen norbait sektore berean bizilekuz aldatu bada eta Mugikortasun atala horren jakitun egin ez badu, datozen asteetan jakinarazi beharko dio bere helbide berria zein den.
  • Norbaitek txartel zaharra badarabil, kendu egin beharko du, eta itsasgarri berria ibilgailuaren haizetakoan jarri, ikusteko moduan, urriaren 1a baino lehen. Modu horretara, hiriko txartel guztien diseinua homogeneizatuko da, eta iruzurrezko erabilera saihestuko.

TAOaren ordenantza

Udala lurrazaleko aparkalekuak arautzeko egiten ari den birplanteamenduaren barruan, aparkaldi arautuaren zerbitzua arautzen duen udal-ordenantza (TAO) ere aldatuko da. Tresna horrekin, zerbitzua handitu edo lehendik dauden sektore batzuk bateratuko dira.

Aldaketa horri esker,

  • TAO zerbitzua eremu hauetara zabalduko da:
  • Igara ingurua (Portuetxe kalea, Igara bidea eta Lautximinieta –Diario Vasco– aparkalekua barne),
  • Rodil ingurua –Ategorrietako Galtzara Zaharra (Rodil kalea, Arbola pasealekua, Bordatxipi pasealekua eta Larraga bidea barne),
  • Antigua – Aiete inguruko beste kale batzuk ere (Gantxegi, Txanponenea eta Jauregi kaleak).

Horrela, araututako 475 plaza inguru gehitu nahi zaizkie egun dauden 18.200 plazei.

    Mugikortasun atalak dagoeneko antzeman ditu kale horiek TAO sistema behar duten bideak direla, aparkatzeko ohiturak aztertu ondoren, baina hiriko beste eremu batzuk ere aztertzen ari dira, beste behar batzuk antzemateko.
  • Aparkatzeko erraztasunak ematea egoiliarrei; izan ere, sektore batzuk jatorrian bereizitzat jotzen ziren, baina, urteekin, bertako mugikortasun-ohiturak aldatu egin dira, eta, horregatik, bateratu egingo dira.
    • 2-1 sektorea (Gros) eta 2-2 sektorea (Sagues – Rodil – Manteo)
    • 1-2 sektorea (Erdialdea) eta Urumeako 2-4 sektorea (Koipe)

Ordenantza aldatzeko prozesua datozen hilabetetan gauzatzea aurreikusten da, 2026ko udazkenean indarrean jarri ahal izateko. Udal-legeriaren gainerako aldaketetan bezala, prozesu honetan zehar kontsulta publikorako epe bat irekiko da, herritarrek horri buruzko ekarpenak egin ahal izan ditzaten.

Hobekuntzak TAOaren zaintzan

Araudiak behar bezala funtziona dezan, hura betetzen dela zaintzea da gakoetako bat; hain zuzen ere, zerbitzu horrek ingurune arautuetan txandakatzea behar bezalakoa izatea eta egoiliarrentzat gordetako espazioak babestea bermatzen du. Horregatik, Mugikortasun atala zerbitzu berriaren kontratua diseinatzen hasi da, eta 2026ko udazkenean abian jartzea da asmoa, ordenantza aldatzearekin batera.

Ezarriko diren hobekuntzen artean dira, hain zuzen ere,

  • Soilik egoiliarrek aparkatzeko eremuak gehiago kontrolatzea; horretarako,
  • kontrolaren maiztasuna areagotuko da,
  • eta kontrolatzaileen zerbitzua eguerdira eta gauetara zabalduko da.
  • Kaleko makinak gutxitzea izango da; izan ere, azken urteotako joerak erakusten du eragiketa gehienak aplikazio mugikorren bidez egiten direla.
  • Ordainketen % 65 El Parking aplikazioaren bidez egiten dira,
  • eta % 35, berriz, parkimetroetan

Horri esker, gainera, espazio publikoko zenbait eremu berreskuratuko dira, eta kale garbiagoak eta hiri-oztopo gutxiagokoak izango ditugu.