Bizkaiko Aldundiak Mendekotasuna Prebenitzeko eta Autonomia Pertsonala Komunitatean Sustatzeko Bizkaiko Ituna bultzatzen du

0

Bizkaiko Foru Aldundiak beste urrats bat eman du bizkaitarren bizi-kalitatearekin eta ongizatearekin duen konpromisoan, Mendekotasuna Prebenitzeko eta Autonomia Pertsonala Komunitatean Sustatzeko Bizkaiko Ituna aurkeztu baitu.

Ekimena herritar gehienekin partekatzen den premisa batetik abiatzen da: geure etxean eta ingurunean bizitzen jarraitu nahi dugu, mendekotasun-egoeretan ere bai. Nahi hori errealitate iraunkor bihurtzeko sortu da ituna; zaintza komunitarioan eta instituzioen, gizarte-entitateen eta herritarren arteko lankidetzan oinarrituko da errealitate hori, zeinak ardatz nagusi izango baititu prebentzioaren ikuspegia, komunitateen sendotzea eta konpromiso kolektiboa.

Gaur Foru Jauregian egindako bileran, Elixabete Etxanobe ahaldun nagusia izan da, eta harekin batera bildu dira instituzio publikoetako ordezkariak (Eusko Jaurlaritza, EUDEL), Hirugarren Sektore Sozialeko federazioetakoak (FEKOOR, FEVAS, Sareen Sarea, Nagusiak), Bizkaiko Adinekoen Kontseilukoak eta ezaugarri eta errealitate desberdinak dituzten udaletakoak; hala, lurraldearen aniztasuna islatuta geratu da. Gainera, bertaratuen artean, EAEko hiru unibertsitateak eta autonomia pertsonalaren sustapenean ibilbide nabarmena duten profesionalak ere badaude. Hasierako talde horrek, itunaren sorburu gisa sortuak, ituna Bizkaian garatzeko eta hedatzeko motor gisa lan egingo du, bai eta Bizkaiko gainerako gizarte-entitateak eta instituzio publikoak, eta herritarrak, oro har, erakartzeko ere.

Elixabete Etxanobek adierazi duenez, «Itun honek paradigma-aldaketa dakar, eredu gizatiarrago, jasangarriago eta komunitarioago baterantz egiten baitu. Erronka, mendekotasun-egoerei erantzutea ez ezik, halako egoerak gure bizitzetara ahalik eta beranduen iristea ere bada, bai eta iristen direnean komunitatean bizitzen jarraitu ahal izatea ere. Horrek esan nahi du, ezinbestean, komunitatea eragile aktiboa izan daitekeela eta izan behar duela mendekotasunaren prebentzioan eta autonomiaren sustapenean. Gure lurraldeko pertsonei bizitza duina eta osoa eskaintzea. Bizkaian gehiago eta hobeto bizitzeko konpromiso kolektiboa da.»

Bileran, besteak beste, honako hauek parte hartu dute: Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburu Alberto Martínez eta Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburu Nerea Melgosa; Gizarte Ekintzako foru-diputatu Amaia Antxustegi eta Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko foru-diputatu Teresa Laespada; Portugaleteko, Durangoko, Ispasterreko eta Larrabetzuko alkate diren María José Blanco, Mireia Elkoroiribe, Garbiñe Saenz de Buruaga eta Amaia Lekue; Bilboko Udaleko Gizarte Ekintza Saileko zinegotzi Juan Ibarretxe; Barakaldoko alkateorde Mikel Antizar; Getxoko alkateorde Keltse Eiguren; Osakidetzako zuzendari nagusi Elena López-Altuna; Bizkaiko Adinekoen Kontseiluko presidente Manuel Merino; EHUko Bizkaiko Campuseko errektoreorde Estitxu Garai; Deustuko Unibertsitateko Ikaskuntzako eta Eraldaketa Digitaleko errektoreorde Elena Auzmendi; Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko koordinatzaile Leire Uriarte; eta autonomia pertsonalaren sustapenean ibilbide nabarmena duten Pablo González (Gorabideko zuzendari-gerente izandakoa) eta María Jesús Goikoetxea (Deustuko Unibertsitateko irakaslea).

Helburu argiak dituen ituna

Itunak ibilbide-orria markatzen dioten lau zutabe estrategikoren inguruan egituratzen ditu ekintzak:

  1. Bizkaitarren bizitza-kalitatea hobetzea, eragileekin eta instituzioekin elkarlanean lurraldean abiarazten diren politika, estrategia eta ekimen guztietan txertatutako zeharkako prebentziozko ikuspegi baten bidez.
  2. Lankidetza-, komunikazio- eta koordinazio-esparru bat ahalbidetzea autonomia pertsonalaren sustapena eta mendekotasunaren prebentzioa hobetzeko ekimenak abiarazteko eta garatzeko.
  3. Komunitatean autonomia pertsonala sustatzeari buruzko ezagutza sortzea eta zabaltzea.
  4. Osasuna (emozionala, fisikoa zein soziala), epe luzeko arreta eta eguneroko bizitzarako laguntzak integratzea, prebentziozko ikuspegi batetik, administrazio publikoen eta herritarren inplikazioarekin eta laguntzarekin.

Prebentziozko ikuspegi kolaboratiboa

Lehen topaketa honen bidez, Bizkaiko Foru Aldundiak ituna elkarlanean eta modu partekatuan eraiki nahi du, eta, horretarako, esparru honetan zerbait esateko duten eragile guztien konplizitatea bilatuko du. Itunak lehen lehentasun bat ezarri du: lankidetza-ekintzak eta sentsibilizazio-kanpainak abian jarriko ditu, eragile eta kolektibo gehiagoren atxikimendua sustatzeko. Halaber, ildo estrategikoetako bakoitzean izandako eragina eta lortutako aurrerapenak neurtzeko adierazle espezifikoak diseinatuko dira.

Bizkaiko Foru Aldundiak, ekimenaren sustatzaile den aldetik, nabarmendu du ezen, mendekotasunaren prebentzioa sustatzeaz gainera, pertsonak ardatz dituen eredu iraunkor bat sortu nahi duela. Ekimen horien artean daude, besteak beste, autonomiarako teknologia erabiltzea sustatzen duten etxeTIC eredua duten zentroak, edo egoitza-ingurune gizatiarragoa eta familia-girokoa eskaintzen duten bizikidetza-unitateak, lurraldean jada ezartzen hasi den ikuspegi berritzaile horren adibide dira.

Itunari buruz

Biztanleen zahartzearen erronkei aurre egiteko Foru Aldundiaren estrategien esparruan sartu behar da Mendekotasuna Prebenitzeko eta Autonomia Pertsonala Komunitatean Sustatzeko Bizkaiko Ituna. Ereduak pertsona eta haren komunitate-ingurunea ardatz dituen arretaren aldeko apustua egiten du, inklusioaren, iraunkortasunaren eta parte-hartzearen balioekin bat etorriz.

Hala, Bizkaia erreferente gisa kokatzen da ongizatera eta bizi-kalitatera bideratutako politika publikoen diseinuan, eta pertsona guztiak beren komunitateetan erabat bizi ahal izateko etorkizun bat eraikitzen da.