Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak bultzatutako DenBBora Sareak XI. jardunaldia egin du gaur goizean: ‘Gazteak eta enplegua. Norberaren denbora vs lan egiteko bizitzea’. Bertan, gogoeta egin da bizitza pertsonalerako eta lanerako denboraren kudeaketari buruz, egungo gazteriaren ikuspegitik.
Yimby espazioan egindako jardunaldiaren inaugurazioan Teresa Laespada Enplegu, Gizarte Kohesio eta Berdintasuneko foru diputatuak eta Itziar Urtasun Bilboko Udaleko Berdintasuneko eta Jaietako zinegotziak parte hartu dute.
Era berean, euren enpresa estrategiaren baitan denboraren erabilera sozialetan oreka bilatzeko konpromisoa duten 102 entitatetako ordezkariak bildu dira.
Teresa Laespadak azpimarratu du erakundeek konpromisoa hartu dutela enplegua berdintasun-tresna gisa indartzen duten politika publikoak bultzatzeko. «Gure politika publikoak enplegua berdintasun-tresna gisa indartzera bideratuta daude». Halaber, benetako kontziliazioa errazteko eta erantzunkidetasuna sustatzeko beharra nabarmendu du. «Egungo gazteen beharrizana ez ezik, gizarte-zorra eta ezinbesteko baldintza ere bada, emakumeek euren bizitza- eta lan-proiektua baldintzaberdintasunean garatu dezaten».
Ildo horretan, diputatuak emakumeen eta gizonen berdintasunerako Euskadiko 2030 Agenda nabarmendu du. Agenda horren arabera, EAEko gizonek egunean gutxienez bi ordu eman behar dituzte etxeko lanetan eta zaintza-lanetan. «Urrats zehatz bat da beharrezko erantzunkidetasun horretarantz». Laespadak, bestalde, balioa eman dio enpresa-sareak prozesu horretan duen zereginari. «Erantzunkidetasuna aktiboki sustatzen duten eta denboraren erabilera sozialak malgutzen dituzten enpresek, talentu gaztea erakartzeaz gain, zuzenean laguntzen dute gizarte bidezkoago eta zuzenago bat sortzen», amaitu du.
Bestalde, Itziar Urtasunek adierazi duenez, «enpresentzat, gizarte-premia berrietara egokitzea ez da aukera bat, baizik eta euren jasangarritasunerako eta lehiakortasunerako baldintza estrategiko bat. Bizitzaren jasangarritasunari lehentasuna ematen dioten ikuspegiak txertatzeak -adibidez, denboraren kudeaketa orekatuago bat, eta giza erritmoak eta zaintzak errespetatzen dituen antolaketaren kultura bat- erakundeei aukera ematen die aldatzen ari den gizarte honekin bat egiteko».
Halaber, gaineratu duenez, «egungo gazteak balio desberdinak dituen ingurune kultural batean sozializatu dira, non bizitzan helburu bat izatea, aniztasuna, justizia soziala eta ingurumen-inpaktua baloratzen diren. Hori ulertzea funtsezkoa da talentu konprometitua erakartzeko eta atxikitzeko. Gazteak enpresaren helburuekin identifika daitezen eta erakundearen garapenean eta onuran benetan inplika daitezen, enpresek entzuten jakin behar dute, eta begirada berri horiek euren estrategia, egitura eta eguneroko jardunetan txertatu eta islatu, lantalde kohesionatuak eta berritzaileak eraikitzeko, onura partekatura bideratuak. Eta administraziook gizarte-eraldaketa hori babestu behar dugu, eta erantzukidetasuna eta denboren erabilera berriak sustatzen dituzten neurriak bultzatu. Berrikuntza ezin da soilik teknologikoa izan; soziala ere izan behar du».
Ildo horretan, hiru adituk mahai-inguru bat eratu dute. Bertan, euren ikuspegiak eta iritziak trukatu dituzte, jardunaldiaren ardatz nagusiak kontuan izanik. Vincent Borràs Català Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Soziologiako irakasleak lanean identitatea galtzeari buruzko eztabaida proposatu du; Juan Zubiaurre Atxa UPmeUp plataformaren (gizarte-ekonomiaren arloan enplegua sustatzen duen plataformaren) koordinatzaileak berrikuntzaren eta langile-belaunaldi berrien tradizioaren arteko orekaren inguruan hitz egin du; eta, amaitzeko, Libe Bastida Larrea ASLEko ekintzailetza kolektiboko teknikariak eraldatzen ari diren enpresei buruz hitz egin du, gazte batek denboraren gizarte-erabilerez duen ikuspegitik.
Juritecniako Mª José de Diego Riverak moderatu du mahaia. DenBBora Sarea DenBBora Sarea ekimen publiko-pribatu bat da, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak sustatua, erakundeetan kultura-aldaketa bat sustatzeko, denboraren kudeaketa osasungarriagoa, berdinzaleagoa eta efizienteagoa ahalbidetuko duena, eta kontziliazioa eta erantzunkidetasuna erraztuko dituena lanean, familian, bizitza pertsonalean eta sozialean.
Sareak denboraren erabilera sozialak arrakastaz lantzen ari diren enpresa edo entitateen jakintza, esperientzia eta jardunbide egokiak berritu eta trukatu nahi ditu, prozesu hori bultzatu edo indartu nahi duten beste enpresa edo entitate batzuentzat inspiratzaileak izan daitezkeelakoan. Gainera, pertsonen denboraren antolaketaren inguruan etengabe sortzen diren premia eta ekimen berriak eta errealitate aldakorra behatzen laguntzen du. Sareak elkarrizketaforoak, lan-jardunaldiak eta goian aipatutakoa bezalako topaketak proposatzen ditu.