eLankidetzak GGKE-ei zuzendutako lankidetza proiektuak aurkexteko deialdia ireki du

0

Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziak 40 milioi euro bideratuko ditu hiru esku-hartze ildoren deialdira

eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziak, garapenerako lankidetzako proiektuetarako dirulaguntzen deialdia argitaratu du. Guztira, 40 milioi euro bideratuko ditu, eLankidetzaren aurrekontua 2.5 milioi euro handitu ondoren. Dirulaguntzek lagunduko dute desberdintasunei aurre egiten eta herrialde pobretuetako biztanleen bizi baldintzak hobetuko dituzten ekimen solidarioak sustatzen.

Deialdia Euskadin egoitza duten GGKEei zuzenduta dago, eta hiru modalitatetan banatzen da: garapenerako lankidetzako proiektuak; garapen produktiboko, prestakuntzako eta laguntza teknologikoko proiektuak, eta gizarte-eraldaketarako hezkuntza proiektuak.

eLankidetzak funtsen %20 Saharaz hegoaldeko Afrikan gauzatutako proiektuetarako gordeko ditu eta %10 emakumeen ahalduntzerako ekimenetarako. GGKEek hilabeteko epea izango dute proiektuak aurkezteko, bihartik aurrera.

Lankidetzarako proiektuak

Garapenerako lankidetzako proiektuetarako lan-ildorako 32 milioi euro bideratuko dira guztira. Proiektuek balioko dute pobreziaren eta desberdintasunen aurka borrokatzeko eta Hegoko herrialdeetan ahalduntze prozesuak indartzeko.

2024an, eLankidetzak 31,7 milioi euro bideratu zituen 23 herrialdetako tokiko erakundeekin lan egiten duten Euskadiko GGKEen 59 proiektuetara. Horien artean, nagusiak honako hauek izan ziren: emakumeen ahalduntzerako eta horiek jasaten dituzten indarkeria anitzen aurkako borrokarako; herri indigenen eta LGTBI+ pertsonen eskubideen babesera, komunitateen elikagai burujabetzara edo erakundeen sendotzera. Herrialde nagusiak izan ziren Guatemala, El Salvador, Peru, Mexiko, Ekuador, Kolonbia, Senegal eta Kongoko Errepublika Demokratikoa.

Garapen produktiboko, prestakuntzako eta laguntza teknologikoko proiektuei dagokionez, 1,3 milioi euro bideratuko dira. Iaz, ia milioi bat euroko hiru proiektu onartu ziren Bolivian, Kuban eta Ekuadorren.

Azkenik, aurten gizarte-eraldaketarako hezkuntzako proiektuetarako aurrekontua 6,7 milioiko izango da. Diruz lagunduko diren ekimen horiek Euskadin egingo dira, eta euskal herritarren elkartasuna bultzatzeko eta baita Hegoko lurraldeen errealitateak Euskadikoekin konektatzeko balioko dute.

2024an, eLankidetzak 25 proiektu onartu zituen. Laguntzei esker, GGKEek hainbat gai jorratzen ari dira aurten herritarren artean, hala nola feminismoak eta genero ekitatea, giza eskubideak, migrazioak eta asiloa, edo ekonomia sozial eta solidarioa; beti ere, Euskadik eta hegoko lurraldeek dituzten arazoak eta errealitateak konektatuz.