Eusko Jaurlaritzak alkohol eta droga kontrolak areagotuko ditu udako hilabeteetan

0

Alkoholemia-proba batean positibo ematea arau-hauste oso larritzat jotzen da, eta 500-1.000 € bitarteko zigorrak eta gehienez 6 puntu kentzea dakartza

Ertzaintzak, udaltzaingoekin koordinatuta, prebentziozko alkohol- eta droga-kontrolak areagotuko ditu euskal errepideetan udako hilabeteetan. Kontrol horiek, zehazki, ekainaren 16tik 22ra bitarteko astean, uztailaren 14tik 20ra bitartekoan eta abuztuaren 1etik 3ra, 15etik 17ra eta 22tik 24ra bitarteko asteburuetan burutuko da.

Bide Segurtasunari buruzko Legeak eta Zirkulazio Araudi Orokorrak jasotzen dutenez, agintaritzak edo agintaritzako agenteek prebentziozko kontrol bat egitea eskatzen badiote gidari bati, gidari horrek nahitaez egin beharko du kontrola. Proba egiteari uko egiten badio, bide-segurtasunaren aurkako delitua egotzi ahal izango zaio eta 1.000 euroko isuna jarri ahal izango zaio.

Kontrol horiek, urte osoan zehar istripu larriak eragiten dituzten arrisku-portaerak prebenitzeko helburuarekin trafikoa zaintzeko eta kontrolatzeko egingo diren 32 kanpainen egutegian sartzen dira.

Alkoholemia-kontrola

Alkoholemia-kontrolean airea botatzea eskatzen duten bi proba egiten dira, eta proba batetik bestera gutxienez 10 minutu utzi behar dira.

Errore-tarteak aplikatu ondoren:

Botatako airean 0,25 miligramo alkohol baino gutxiago agertzen bada (0,15 miligramo gidari profesionalentzat eta gidabaimenarekin 2 urte baino gutxiagoko antzinatasuna dutenentzat), gidariak bere ibilbidearekin jarraitu ahal izango du.

Botatako airean 0,25 (edo 0,15) miligramo alkohol baino gehiago eta 0,60 baino gutxiago agertzen bada, gidariak arau-hauste administratiboa egingo du. 0,60 baino gehiago agertzen bada, berriz, bide-segurtasunaren aurkako delitutzat joko da.

Agenteek alkohola edan izanaren zantzu nabariak antzematen badituzte, eta gidatzeko garaian eragina badute, gidariari bide-segurtasunaren aurkako delitua egoitziko diote, alkoholaren eraginpean gidatzeagatik.

Probaren emaitza positiboa bada, berriro egin ahal izango da proba –interesdunak eskatuta edo epaileak aginduta–, emaitzak alderatze aldera. Bigarren proba hori ahal dela osasun-langileek egingo dute odol-analisiaren bidez (behar bezala justifikatutako salbuespenezko kasuetan izan ezik).

Probari uko egiten bazaio edo proba positiboa bada, ibilgailua ibilgetuko da, salbu eta beste pertsona batek gida badezake, betiere beste pertsona horri proba egin eta negatibo eman ondoren.

Proban emaitza positiboa emanez gero, arau-hauste administratibo oso larritzat joko da, eta 500 euroko zehapena ezarriko da eta gidabaimeneko 4 puntu kenduko dira emaitza 0,50 mg/l-koa edo txikiagoa bada, eta 1.000 euroko zehapena jarriko da eta 6 puntu kenduko dira 0,50 mg/l-koa baino handiagoa eta 0,60 mg/l-koa edo txikiagoa bada.

Drogen kontrola

Drogen kontrolaren prozedura antzekoa da, baina zenbait berezitasun ditu. Proba egiteko listu-lagin bat erabiltzen da. Probaren emaitza positiboa bada, laborategiko geroko analisi batean berretsi beharko da positibo hori.

Positiboa berretsiz gero, arau-hauste oso larria da, eta 1.000 euroko isuna eta 6 puntu kentzea ekar dezake.