Eusko Jaurlaritzak EGF+ 2021-2027 programaren proiektuetan egindako bidea aurkeztu die Europako ordezkariei

0
PRUEBA

Eusko Jaurlaritzak Europako ordezkariei azaldu ahal izan die, gaur, tarteko berrikuspena egin ondoren, zer mailatan egikaritu diren Europako Gizarte Funtsak “EGF+ Euskal Autonomia Erkidegoa 2021-2027” programan kofinantzatzen dituen proiektuak. Horrela, Mario Nava Europako Batzordeko Enplegu, Gizarte Gai eta Gizarteratzeko zuzendari nagusiak eta María Luis Cabral Enplegu, Gizarte Gai eta Gizarteratzeko zuzendari nagusiak garapen hori baloratu ahal izan dute eta proiektu horietako batzuk bertatik bertara bisitatu eta ezagutu ahal izan dituzte.

Jose Enrique Corchón Finantza Politikako eta Aurrekontuetako sailburuordearen eta Juan Alberdi Ekonomia Politikako eta Europako Kohesioko zuzendariaren eskutik, ezagutu dute Europako ordezkariek Asle enpresa-elkarteak autoenplegua sendotzera eta enpresen sorrerara begira egiten duen lana, baita “pertsona zaurgarriei zuzendutako gizarteratze- eta laneratze-ibilbideak” lerroko beste bi proiektu ere (Peñascal Fundazioaren Sendotu Elkartea eta EDE Fundazioa), lan-munduratzeko zailtasun handiak dituzten pertsonen erabateko lan-garapena sustatzen dutenak.

“Europako politikaren egungo testuinguruan, Eusko Jaurlaritzak Europa gehiagoren alde egiten duen apustua partekatu nahi izan dugu haiekin, eta Europako kohesio-politikaren beharrezko modernizazioari buruz dugun ikuspegia azaldu nahi izan diegu”, laburbildu du Corchón sailburuordeak.

Ildo horretan, Ogasun eta Finantza Sailak, Urte Anitzeko Finantza Esparruaren kontsultaren barruan, Eusko Jaurlaritzarekin egindako ekarpenak helarazi dizkie Nava eta Cabrali. Hain zuzen, Esparru hori Europar Batasunaren epe luzerako aurrekontua da, eta bertan ezartzen dira hainbat arlo politikotarako gastuaren gehieneko mugak, gutxienez bost urteko aldirako. Esparru horrek Europar Batasunaren aurreikusgarritasuna eta finantza-plangintza bermatzen ditu, eta gastua bere baliabideen barruan modu ordenatuan garatzen dela ziurtatzen du.

Kontsulta horretan, Eusko Jaurlaritzak aditzera eman du Europar Batasunaren autonomia estrategikoa, industria-lehiakortasuna eta lurralde-kohesioa indartu behar direla. Euskadin lan-bisitan izan diren Europako ordezkariei hala adierazi zaie, eta jakinarazi zaie Eusko Jaurlaritzak, planteamendu horren ondorioz, elkartasunaren, jasangarritasunaren eta berrikuntzaren balioekin bat datorren aurrekontu-politika proposatu duela.

Eusko Jaurlaritzak Urte Anitzeko Finantza Esparrua lantzean aurkeztutako ekarpen nagusien artean, hauek nabarmentzen dira: Europar Batasuneko aurrekontua Europar Batasuneko Produktu Nazional Gordinaren % 2ra arte handitzea, egungo eta etorkizuneko erronkei eraginkortasunez aurre egin dakien; eta funtsen plangintzan eta betearazpenean estatu bakoitzak zentralizatutako plan bakar bat errefusatzea eta eskualdeen funtsezko zeregina aitortzen duen arkitektura benetan inklusiboa proposatzea.

Jardunaldiari hasiera eman zaio Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografiko Saileko Xabier Legarreta sailburuordearekin lehen orduan egindako bilera batekin. Bilera horretan EGF+ 2021-2027 programaren barruan dagoen Trapezistak proiektua aztertu dute besteak beste. Eta jardunaldia amaitzeko, bisita kulturala egin dute Bilboko Guggenheim Museora, berrikuntza- eta eraldaketa-ahalmenaren ikurrera.