Hezkuntza Sailak Eskola-hizkuntzaren  garapena nabarmentzen du, hezkuntza-arrakasta eta ekitatea lortzeko oinarritzat

0

Pedrosa sailburuak Udako Ikastaroetan egindako ponentzian hizkuntza akademikoaren garapena, emaitzen hobekuntza eta ikastetxeen eta unibertsitatearen arteko lankidetza nabarmendu ditu.

Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak «Hezkuntza-arrakasta eta inklusiorako gakoak: eskola-hizkuntzaren garapenerako ebidentziak eta tresnak» hitzaldia aurkeztu du gaur UPV/EHUko Udako Ikastaroetan. Bertan, euskal hezkuntza-sistema bultzatzen ari den eraldaketa-ildo nagusiak azaldu ditu. Bere hitzaldian, eskola-hizkuntzak ikasleen garapen akademiko eta sozialaren oinarri gisa duen zeregina nabarmendu du, emaitzen hobekuntza eta hezkuntza-ekitatea azpimarratuz.

Bere azalpenean, sailburuak gogorarazi du Euskadik Estatuko eta Europako batez bestekoak baino datu hobeak dituela funtsezko adierazleetan, hala nola eskola goiz uzten dutenen ikasle kopuruan edo 0-3 etapan eskolatuen kopuruan, ekitatearen, inklusioaren eta hobekuntzarekiko konpromiso partekatuaren aldeko apustu jarraituaren ondorioz. Era berean, hezkuntza-emaitzak hobetzen eta gizarte-arrakalak murrizten jarraitzeko beharra azpimarratu du.

Pedrosak Emaitzak Hobetzeko Estrategia Integrala egituratzen duten hiru zutabe nagusiak zehaztu ditu: sistemaren ebaluazio integrala, funtsezko gaitasunen garapena (irakurmena, matematika eta zientzia), eta ongizate emozionala eta bizikidetza positiboa. Era berean, Euskal Eskola Publikoa Eraldatzeko I. Plan Estrategikoaren bultzada ere nabarmendu du. Izan ere, Plan horretan, euskararen sustapenean, eleaniztasunean eta ikastetxeen kulturarteko ikuspegi berrian oinarritutako ardatz bat nabarmentzen da.

Sailburuak, gainera, Euskararen eta Hizkuntzen Ikaskuntzarako Institutu berriaren sorrera azpimarratu du, bai eta errealitate soziolinguistiko bakoitzarekin koherenteak diren hizkuntza-proiektuen garapena ere. Ikasle etorri berriei harrera egiteko estrategia ere azpimarratu du. Estrategia horrek ikasleen garapen akademikoan jartzen du arreta, bai eta alderdi psikosozialetan, emozionaletan eta kulturartekoetan ere.

Ikastetxeen eta unibertsitatearen arteko lankidetza ere lehentasunezkoa da ebidentzietan oinarritutako inpaktuko praktika pedagogikoak garatzeko: «Gure begirada etorkizunean jarrita dago, baina gure ikastetxeak gaur egun egiten ari diren benetako ekarpenen gainean eraikitzen da. Hori da euskal hezkuntza-sistemak aurre egin behar dien erronka sozial, kultural eta linguistikoei erantzuna bilatzen eta hobetzen jarraitzeko oinarririk sendoena».

Ikastaroan, eskola-hizkuntzaren garapenak testuinguru askotariko eta eleaniztunetako hezkuntza-arrakastarako duen garrantzian jartzen du arreta. Ikerketak babestutako ikuspegi horretatik, ikasleen irakurmena eta integrazioa errazten duten estrategia inklusiboak sustatzen dira, bereziki hizkuntza- edo kultura-kalteberatasun handieneko egoeretatik abiatzen direnena.