- Diktaduraren osteko lehen Eusko Jaurlaritza omentzeko ekitaldi hunkigarria egin da Ajuria Enean
- Carlos Garaikoetxea lehendakariak, Pedro Miguel Etxenike, Javier Lasagabaster eta Pedro Luis Uriarte bere hiru sailburuek eta jadanik zendu diren sailburuen familietakoek oroigarri bana jaso dute eta ohorezko aurresku batekin omendu dituzte
Diktadura frankistaren osteko hauteskundeen ondorengo lehen Eusko Jaurlaritza omentzeko ekitaldia egin dute gaur Ajuria Enea jauregian. Lehendakariak hitzaldian nabarmendu du diktaduraren osteko lehen Jaurlaritza hori: “Urrats bat eman zenuten aurrera, eta zuen ibilbide profesionalak alboratu. Gatazkak konpontzeko etengabeko elkarrizketaren eta negoziazioaren printzipioak aplikatuz; irmo Euskadiren interesen defentsan eta, era berean, euskal gizarteak bere etorkizun politikoan aurrera egiteko duen borondate demokratikoaren errespetuan. Zerotik hasi zineten, dena zegoen egiteke, eta ez zenuten nahikoa esperientzia, egitura, langile, egoitza, kapital ezta baliabiderik ere”.
Une historikoa izan zen hori, gogoratu du Imanol Pradalesek, ETAren jarduerak Euskadiko giroa “arnasezina” egiten zuen horretan, langabezia galanta zen eta industria gainbeheran zegoen. “Zuei zor dizkizuegu gaur egun ditugun erakunde eta egitura sendo hauek. Zuei zor dizuegu gure ongizatea”, adierazi du, une zail haietan euskal autogobernuaren oinarriak garatzea posible egiteko orduan erakutsitako ausardiagatik, hala nola, oinarri hauek: Ertzaintza, Euskal Unibertsitate Publikoa, Euskararen Legea, Euskotren edo Kontzertu Ekonomikoa. “Oinarriak jarri zenituzten, eta lekukoa hartu dugunoi tresnak eman zenizkiguten oparotasunean eta ongizatean hazten jarraitzeko” eskertu du, amaitzeko, Imanol Pradales Lehendakariak.
Garaikoetxea Lehendakariak, berriz, bere esker ona adierazi dio Imanol Pradales Lehendakariari “ekitaldi gozo honengatik”, eta adierazi du “iraganari esker onez begiratzeko, elkarrekin eraikitakoa ospatzeko eta erronkaz betetako etorkizunari ilusioz heltzeko” unea dela gaurkoa.
“Erabat ziur nago, Euskadik nota onarekin gainditu du iragana, bihar-etziko erronka konplexuei aurre egingo die, desafio horiek bere mesedetan moldatzeko gai izango da, eta garapenerako eta ongizaterako aukera bihurtuko ditu. Etorkizuneko desafioak handiak dira, baina handiagoa da erronka horiek gainditzeko daukagun gaitasuna. Nazio ausarta gara, sortzailea, langilea eta batua. Eta elkarrekin, eta elkarrekin bakarrik, lankidetzatik eta aniztasunarekiko errespetutik, Euskadi hobea lortuko dugu, justuagoa, oparoagoa eta jasangarriagoa”, adierazi du.
Ekitaldi hunkigarri honetan Pedro Miguel Etxenike Landiribar, Javier Lasagabaster Etxarri eta Pedro Luis Uriarte Santamaría sailburuek ere labur-labur hitza hartu dute, hasierako une horiek zailak eta gogorrak izan zirela gogorarazi dute, eta honetan bat egin dute: Carlos Garaikoetxeak “ausardia eta berritzeko gaitasuna erakutsi zituen”, Etxenikeren ahotan. Era berean, hiru sailburuek Garaikoetxea lehendakariari bere esker ona adierazi diote, beraiengan sinesteagatik. “Gu asmo batengatik sakrifikatu ginen, Euskadirengatik, herri hau aurrera ateratzeagatik”, laburbildu du Pedro Luis Uriartek.
Ekitaldia
Garaikoetxea, haren hiru sailburu Pedro Miguel Etxenike Lanbiribar, Javier Lasagabaster Etxarri eta Pedro Luis Uriarte Santamaría, eta dagoeneko hilda dauden beste sailburuen senideak –Javier Caño Moreno, Ramón Labayen Sansinenea. Luis María Retolaza Ibargüengoitia, Mario Fernández Pelaz, Javier García Egotxeaga, José Luis Robles Canibe, Carlos Blasco De Imaz, Javier Aguirre Bilbao, Félix Ormazabal Askasibar- Ajuria Enea Jauregian hartu ditu Imanol Pradales Lehendakariak, bilera pribatu batean. Ondoren, Jauregiko lorategietan jarritako karpa batean egin da ekitaldi instituzionala: Euskadiren Ereserkiarekin hasi da, eta Agirre Lehendakariaren Parisko bulegoan zegoen ikurrina jarri da; alemaniarrak Frantziako hiriburuan sartu ondoren, Alberto Onaindiak (Padre Olaso) jaso zuen eta 1984ko uztailaren 18an Garaikoetxea Lehendakariari eman zion.
Gainera, ekitaldian zehar, bi bideo proiektatu dira: bata, efemeridearena eta garaiko testuinguru politikoarena, eta bestea, Carlos Garaikoetxea Lehendakariaren figurari buruzkoa, Jaurlaritza hura osatu zuten Etxenike, Lasagabaster eta Uriarte sailburuen solasaldiari bide emateko. Garaikoetxea Lehendakariak, haren sailburuek eta hildako sailburuen familiek ikurra jaso dute eta ohorezko aurreskuarekin omendu dituzte.
Ordezkaritza instituzional handiena
Ekitaldira Euskadiko agintari eta ordezkari politiko nagusiak bertaratu dira. Eusko Jaurlaritzako egungo sailburuez gain, Juan Jose Ibarretxe eta Iñigo Urkullu lehendakari ohiak, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea, Legebiltzarreko Mahaiko ordezkariak; Juan Maria Atutxa presidente ohia eta Izaskun Bilbao presidente ohia izan dira. EAJ, PSE, EH Bildu, PP eta Sumar talde mistoko Legebiltzarreko taldeetako bozeramaileek ere parte hartu dute.
Halaber, Ramiro González Arabako ahaldun nagusia, Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusia eta Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusia ere bertan izan dira. Horiez gain, Irma Basterra Arabako Batzar Nagusietako presidentea; Ana Otadui Bizkaikoa; eta Xabier Ezeizabarrena Gipuzkoakoa; Maider Etxebarria Gasteizko alkatea, Juan Mari Aburto Bilboko alkatea, Eneko Goia Donostiako alkatea eta Esther Apraiz Eudeleko presidentea ere bertan izan dira. Arartekoaren izenean Inés Ibañez de Maeztu egon da, baita Euskal Autonomia Estatutua sinatu zuten Eusko Legebiltzarreko kideak eta Euskadiko alderdi politikoen ordezkari nagusiak ere.
Testuinguru historikoa
1975ean Francisco Franco diktadorea hil ondoren, lurralde historiko bakoitzeko batzar nagusiak eratu ziren behin-behinean 1977an, eta 1978ko urtarrileko errege-dekretu batek Eusko Kontseilu Nagusiaren eraketa ezarri zuen, autonomia aurreko gobernu-organo goren gisa, lurralde historiko bakoitzeko hiru ordezkarik osatua. Euskal Parlamentarien Biltzarrak erabakitakoari jarraiki, 1978ko abenduan Estatutuaren aurreproiektua idazteko ponentzia eratu zen.
Aurretik, 1979ko urriaren 25ean Euskadiko Autonomia Estatutua onartu zen, Gernikako Estatutua ere deitua. Baiezko botoa eman zuten alderdi gehienek. Abstentzioa izan zen Herri Batasunak eta EMK, Ezker Komunistaren Erakundea eta LKI alderdiek defendatutako alternatiba. Bestalde, Alianza Popularrak eta Union Nacionalek kontrako botoa eskatu zuten.
Estatutuaren arabera, Euskadiko botereak bere Legebiltzarraren, Jaurlaritzaren eta Lehendakariaren bidez egikaritzen dira, eta 1980ko martxoaren 9an Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak egin eta martxoaren 31n Legebiltzarra eratu zen Gernikako Juntetxean. Egun hartan, funtzionamendurako behin-behineko arauak onartu zituzten lehen legebiltzarkideek kargua hartu zuten.
Apirilaren 9an, Carlos Garaikoetxea Urriza aukeratu zuten lehendakari, karguaren zina eta jakinarazpen ekitaldian, Gernikako Juntetxean.
Apirilaren 29an lehen Gobernu Kontseilua bildu zen Bizkaiko Foru Aldundiko aretoetan eta exekutiboko sailburuek kargua hartu zuten. Lehen bilerak eraikin horretan egin zituzten, Jaurlaritzak ez zuelako egoitzarik oraindik. Aipatu behar da Agirre Lehendakariaren lehen Eusko Jaurlaritzak leku horretan bertan egin zituela lehen bilerak, gaur egun Bilboko Carlton Hotelak duen egoitza egokitzen zuten bitartean.
Apirilaren 29 hartatik aurrera, Jaurlaritzak hainbat eta hainbat erabaki hartu zituen, batzuk oso oinarrizkoak, baina garrantzitsuak eta ezinbestekoak, Lehendakariak nabarmendu duenez, diktaduraren ostean “»erakunde-sare osoa zegoen zabaltzeke”. Besteak beste, Gobernuari buruzko Lege proiektua, erakundeetako egoitzei buruzko Lege proiektua, lan-kontratuko langileen administrazio-kontratuen idazketa, sailen organigrama eta egitura, ordainsariak, legegintza-programaren prestaketa, langileen lan-ordutegiak, sailburu eta langileen oporrak, Transferentzien Batzorde Mistoaren negoziazioak eta Kontzertu Ekonomikoa.
1980ko maiatzaren 23an Eusko Legebiltzarrak erabaki zuen Vitoria-Gasteiz izendatzea euskal erakundeen egoitza, eta horrek Euskadiko agintari gorenaren, Lehendakariaren, bizileku izatea erabaki zuen. Eusko Legebiltzarrak onartu zuen lehen Legea izan zen hori. Ekainaren 9an, Jaurlaritzak erabaki zuen Ajuria Enean ezartzea Eusko Jaurlaritzaren Lehendakaritzaren eta Idazkaritzaren egoitza, eta Lakuan (Eusko Jaurlaritza – Etxea), Ospitale Geriatrikoaren antzinako bulegoetan, Eusko Jaurlaritzako gainerako sailak, gaur egun dauden tokian.
Ekainaren 16an, Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritza eta Idazkaritza Nagusia ofizialki eraman ziren Ajuria Enera, eta lehen Gobernu Kontseilua egin zen Jauregi horretan.
1992ra arte, Ajuria Enea Jauregia izan zen Jaurlaritzaren Lehendakaritzarako gune bakarra, baina, 1993tik aurrera, Lehendakaritzak bi eraikin ditu: Ajuria Enea eta Lehendakaritza.