Auzotarrekin batera, han izan ziren Nagore Alkorta alkatea eta Mikel Odriozola zinegotzia ere, eta elkarrekin mokadutxo bat eginez egin zuten inaugurazio ekitaldia.
Nuarbetarrek egindako eskaera bati erantzunez egokitu du auzo lokala udalak. Halako guneek auzoak biziberritzeko duten garrantzia nabarmendu zuen alkateak. “Espero dugu auzo lokal honek balio izatea auzotarren arteko harremanak sustatzeko eta kaleko giroa sortzeko”, esan zuen.
Udane Juaristi Udatxo artistak egindako horma irudi batek apaintzen du auzo lokalaren kanpoaldea. Auzoarekin lotura estua duten sokatira, otargintza eta nekazaritza ardatz hartuta osatu du irudia artistak.
123 metro karratu ditu lokalak, eta mahai eta aulkiez gain, zenbait jostailu eta liburu ere jarri dituzte. Kafe makina bat, ontziak eta abar ere baditu guneak. Hain zuzen ere, adin guztietako jendeak erabiltzea nahi da. Auzotarrek asko eskertu dute auzo lokal berria. Berogailua ere badu, eta, horri esker, neguan ere oso ondo etorriko zaiela diote.
Auzo elkartea ere bai
Auzo elkarte bat ere sortu dute Nuarbeko bizilagunekin, Ibaieder izenekoa, eta udalarekin egindako hitzarmen baten bidez, hark kudeatuko du auzo lokala. Nahi duten guztiek izango dute espazio berria erabiltzeko aukera. Auzo elkarte horretako kideei eskerrak eman zizkien Odriozolak egiten duten lanagatik. “Auzoetako bizitza ez da beti erraza, eta espero dugu lokal honek balio izatea auzoan mugimendua sortzeko”.
Auzo lokalaren inaugurazioaren ostean, bihartik aurrera, Trinitate jaietan murgilduko dira Nuarben. 16:30ean botako dute txupinazoa, eta astelehen gauera arte hainbat ekitaldi izango dira.