1.600 gaztek, 3D betaurrekoen bidez, migrazio eta harrera-prozesuak ezagutu dituzte

0
  • Migrazio eta harrera-prozesuei buruzko sentsibilizazioa sustatzen duen Loturak Zabaldu proiektua Bizkaiko eta Gipuzkoako 33 ikastetxetara iritsi da eta udazkenean Araban hasiko da. 
  • Programan parte hartu duten gazteen %90ak esperientzia hau bere gertukoei eta lagunei aholkatuko lioke

Ongizate, Erronka Demografiko eta Gazteria Sailak 60.000 eurorekin finantzatzen duen Loturak Zabaldu programaren  helburu nagusia Euskadiko migrazio-prozesuei eta kulturarteko aniztasunari buruzko sentsibilizazioa sustatzea da, bereziki gazteen artean. Programa hiru emakume gazte migraturen testigantzak biltzen dituen errealitate birtualeko ikusentzunezko baten oinarrituta dago. «Murgiltze-esperientzia horren bidez, gizartean harrerak eta bizikidetzak dituzten erronken inguruan enpatia sortu, estereotipoak zalantzan jarri eta elkarrizketa kritikoa bultzatu nahi da. Azken finean, gure gazteak pertsona konprometituagoak, bidezkoagoak, toleranteagoak eta arduratsuagoak bihurtzea nahi dugu» adierazi du Nerea Melgosa Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburuak, Bilboko Otxarkoaga Ikastetxean (EBI-Elizabarrutiko Ikastetxeak) gaur egindako tailerrean.

Istorio bakoitzak, ikuspegi intersekzionaletik abiatuta, emakume horiek beren jatorriagatik, generoagatik eta adinagatik dituzten erronka pertsonal eta sozialak erakusten ditu. Narratiba bere ahotsekin eraikitzen da, eta horrek berezko irudia  ematearekin batera esperientziaren inpaktu emozionala indartzen du.

Programaren metodologia ikastetxeetan ikaskuntza eta elkarrizketa-espazioak sortzean oinarritzen da. Ibilbideak barne hartzen ditu hasierako aurkezpen bat, murgiltze obra errealitate birtualeko betaurrekoekin ikustea, eta emozioak zein ikaskuntzak partekatzeko hausnarketa kolektiboko dinamikak.

Tailerretan, ikasleen sormena sustatzen da, jarduera grafikoen, talde txikietako eztabaiden eta talde-erakusketen bidez. Egitura horrek aukera ematen du migrazio-fenomenoari arrazionaltasunetik ez ezik, emozionaltasunetik eta bizipenetatik ere heltzeko.

Hezkuntza-ikuspegiak pedagogia aktiboa eta parte-hartzailea du ezaugarri eta ez du eduki itxiak transmititzea bilatzen, bai ordea galderak irekitzea, ahotsak entzutea eta ezagutza modu kolektiboan eraikitzea. Horrek gazteek beren inguruneko aldaketa-eragile gisa duten zeregina indartzen du. Pertsona guztiek haien tokia izateko etorkizuna elkarrekin irudikatzearen eta eraikitzearen aldeko apustua egiten duen proiektua da.

Ongizate, Erronka Demografiko eta Gazteria Sailak bultzatutako programaren esparruan, Loturak Zabalduk sentsibilizazio lan nabarmena egin du Euskadiko ikastetxeetan. Orain arte, 86 tailer egin dira hainbat ikastetxetan, eta guztira 1.600 ikaslek parte hartu dute. 14 eta 16 urte bitarteko gazteak dira, eta DBHko bigarren edo hirugarren mailako zein Oinarrizko Lanbide Heziketako ikasleak izaten dira.

Bizkaian, aurten, 41 tailer egin dira honako udalerrietan: Bilbo, Derio, Muskiz, Ermua, Mungia, Gernika, Berriz, Getxo, Durango, Santurtzi eta Mungia. Gipuzkoan 40 tailer egin dira honakoetan: Errenteria, Andoain, Ordizia, Oiartzun, Oñati, Tolosa, Zarautz, Hondarribia, Pasaia, Tolosa eta Irun. Arabako lurraldera tailerrak udazkenean iritsiko dira.

Ikasleen jatorriari dagokionez, 1.301 parte-hartzailek (%82,1) bertoko sustraiak  dituzte, eta 283 (%17,9) migrazio-testuinguruetakoak dira. Jatorri-aniztasun horrek nabarmen aberastu du tailerren garapena, kulturen arteko elkarrizketa eta enpatia.

«Eusko Jaurlaritzak Immigrazioaren aldeko Euskal Ituna irmo defendatzen du, maila guztietako sentsibilizazio-ekintzen garrantzia azpimarratzen duena. Euskadik 20 urte daramatza bere harrera-ereduan erreferente izaten, eta gure gizartea gero eta anitzagoa zein kulturaniztunagoa da. Immigrazioari buruzko albiste faltsuekin edo buloekin amaitzeko, onena immigrazioaren errealitatea bertatik bertara ezagutzea da, eta sentsibilizazio-programek horretara hurbiltzen gaituzte» adierazi du Nerea Melgosa sailburuak.

Balorazioa eta ondorioak

Ikasleen balorazio-inkestetan, ikasleen % 80k onartzen du esperientziak balio izan diela migratzaileek aurre egin beharreko zailtasunak hobeto ulertzeko.

Gainera, % 90ek esperientzia gomendatuko lieke lagunen bati, eta zentroak migrazio-esperientziekin lotutako jarduera gehiago antolatzearen alde agertu da. Bestalde, irakasleen % 80k onartzen du Errealitate Birtualaren tresna oso eraginkorra dela beste errealitate batzuen inguruan sentsibilizatzeko orduan.

Loturak Zabaldu programak aldaketa nabarmena eragin du ikasleek migrazio-prozesuei eta harrerari buruz duten pertzepzioan. Errealitate birtualaren murgiltze-esperientziaren eta ondorengo hausnarketa-dinamiken bidez, ikasleak bilakaera nabarmena erakutsi du, hasierako ezjakintasun edo distantzia-jarreratik enpatiak eta ulermenak markatutako jarrerarantz.

Oro har, ikasleek interes handiz hartu dute programa hau. Protagonisten azalean jartzeko aukerak inpaktu emozional handia sortzen du, Josefa, Aicha eta Dayannaren kontakizunekin lotura zuzena erraztuz. Lotura horrek emozio biziak pizten ditu, hala nola tristura, amorrua, ezintasuna eta, kasu askotan, emakume migratzaileekiko miresmena, erresilientziagatik eta borrokarako gaitasunagatik.

Marrazkien, eztabaiden eta dinamiken bidez egiaztatu da ikasleek pertsona bat migratzera eramaten duten motiboen aniztasuna ulertu dutela, diskurtso sinplistak edo estigmatizatzaileak desmitifikatuz.

Hausnarketa partekatuek kontzientziazio-maila handia erakusten dute migratzaileek bizi dituzten oztopo instituzionalei, estereotipo sozialei eta emozioei buruz.

Metodologia parte-hartzailea eta tresna sortzaileen erabilera bereziki eraginkorrak izan dira adierazpen emozionala eta pentsamendu kritikoa sustatzeko.