Bizialdi osoko ikaskuntza bultzatuko du Hezkuntza Sailak, laguntza-plan baten bidez

0
Sede del Gobierno Vasco, Lakua

Eusko Jaurlaritzak, Hezkuntzako sailburuak proposatuta, Agindu bat onartu du gaur, bizialdi osoko ikaskuntzako jarduerak burutzeko dirulaguntzatarako deialdia egiten duena. Deialdi honek 930.000 euroko diru-kopurua du.

Bizialdi osoko ikaskuntzako bi jarduera mota laguntzen ditu diruz. Jarduera horiek ezagutzaren edozein arlotakoak izan daitezke, betiere helduen ezagutza, konpetentzia eta gaitasun-maila zabaltzeko eta herritar aktiboak sustatzea helburu hartuta:

  • Prestakuntza-jarduera espezifikoak, pertsona talde jakin baten prestakuntza-beharrei erantzuteko diseinatu eta planifikatutakoak (180.000 euro).
  • Ikaskuntzako bitartekaritza-zerbitzuak (750.000 euro).

Etengabeko ikaskuntza

Hezkuntza Sailak bizialdi osoko ikaskuntzako estrategia anbiziotsu baten buru izan nahi du, honako faktore hauek direla eta: jakintzan emandako aldaketa azkarrak eta hainbat alorretako beharrezko trebetasunak, hezkuntza-teknologien bilakaera eta trantsizio demografikoa, besteak beste (biztanleriaren zahartzea da landu beharreko gai nagusietako bat).

Pedrosa sailburuaren iritziz, globalizazioak eta teknologiak ikaskuntza aldatu dute. Etengabeko ikaskuntza proposatzen du, bizialdi osokoa eta hainbat testuingurutan.

Onartuak gertatzen diren proiektuek, eta ondorioz deialdi honen bidezko finantziazioa eskuratzen dutenek, 2025ean zehar hasi beharko dute, eta dirulaguntza hauen onuradun izan daitezke: Lanbide Heziketako ikasketak eskaintzen dituzten ikastetxe pribatuak; udalak; tokiko edo eskualdeko garapen agentziak; euren helburu sozialen artean formazioa duten udal-elkargoak; Euskadin egoitza duten unibertsitateak; bizialdi osoko ikaskuntzaren arloan jarduerak burutzen dituzten irabazi asmorik gabeko elkarteak; eta euren helburuen artean formazioa duten merkataritza-elkarteak edo ekonomia sozialeko elkarteak.

2024an, aurreko deialdiaren bidez, 26 erakundek aurkeztutako 34 proiektu  lagundu ziren diruz.