Emakumeen enpleguak Euskadiko fundazioetan duen pisua %57 da eta desparekotasuna murriztu egin da fundazioetako erabaki-organoetan

0
  • Fundazio-sektoreak pisu eta garrantzi handia du Euskadin, arlo ekonomikoan, zein sozialetan, 2023an aktibo zeuden 481 fundazioren eskutik
  • Euskal fundazioek 7.800 milioi eurotik gorako ondare garbia dute, balio erantsiko 700 milioi euro baino gehiago sortzen dituzte eta 1.560 milioi euroko diru-sarrerak kudeatzen dituzte
  • EAEko fundazioek 2023an 700 lanpostu zuzen berri baino gehiago sortu dituzte, aurreko urtean baino % 4,7 gehiago

Eusko Jaurlaritzako Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburu Maria Ubarretxenak, gaur, 2025eko ekainaren 17an, Gobernu Kontseiluan Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako Zuzendaritzari atxikitako Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzak egindako txostena aurkeztu du. Bertan, sektoreak euskal gizartean eta ekonomian duen eraginari buruzko 2023ko datuak erakusten dira.

Halaber, joan den 2025eko martxoaren 7an, Sailak «EAEko fundazio-sektorea eta onura publikoko elkartegintza» estatistika-eragiketari buruzko informazio eguneratua argitaratu zuen.

Fundazio-sektoreak pisu eta garrantzi handia du Euskadin, bai maila ekonomikoan, bai sozialean, eta hori urtetik urtera islatua geratzen da fundazioei buruzko txostenean.

2023.urtearen amaieran, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan guztira 677 erakunde zeuden inskribatuta, eta horietatik 196 ez-aktibotzat jotzen dira. Hala, aztertutako fundazio aktiboetatik, % 28k gizarte-zerbitzuen eta osasunaren arloetan jarduten dute, % 17k garapen ekonomiko eta komunitarioko eremuetan, eta %16k kulturan eta euskara jardueratan.

Soldatapeko langileei dagokienez, sektorean lan egiten duten 15.700 pertsonatik % 57 emakumeak dira, aurreko ekitaldian kontsignatutakoa baino ehuneko puntu bat handiagoa. Aztertutako fundazioen gobernu-organoak osatzen dituzten 3.000 pertsonetatik, emakumeak % 36 dira, eta tasa hori % 31ra murrizten da presidente-postuetan eta % 46ra igotzen da idazkaritzakoetan, euskal ekonomia orokorrean baino ehuneko handiagoak, non emakumeen presentzia % 31koa den. Beraz, joera positiboa ageri da, ehuneko puntu batekoa, erabaki-organoetan, aurreko ekitaldiko datuekin alderatuta, eta zazpi puntukoa, Eusko Jaurlaritzaren 2017ko txosten aitzindariaren datuekin alderatuta. Garai hartan, emakumeek patronatuetan zuten presentzia % 29koa zen.

Kontuak aurkeztu dituzten euskal fundazioek 7.800 milioi eurotik gorako ondare garbia dute, eta 1.560 milioi euroko diru-sarrerak lortu dituzte; haien artean nabarmentzen dira  zientzia- eta teknologia-fundazioek (%26) eta gizarte- eta osasun-zerbitzuetako fundazioek ( % 26) jasotakoak.

Aztertutako euskal fundazioek 2023an 707 milioi euro inguruko balio erantsia sortzen lagundu zuten, ondorio zuzenak soilik kontuan hartuta, hau da, emaitzen kontutik lortutako produkzio-inpaktuak. Zifra hori EAEko BPGaren % 0,84 da 2023an. Zuzeneko eta zeharkako ondorioak kontuan hartuta, txosten honetan aztertutako euskal fundazioek 896 milioi euroko balio erantsia sortzen lagundu zuten, hau da, BPGaren % 1,08.

2023 urtea Kopurua %
Fundazio aktiboen kopurua 481 71,0
Aktibo ez dauden fundazioen kopurua 196 29,0
Fundazio aktiboen kopurua x 100.000 bizt. 22
Soldatapeko enplegua 15.715 100,0
Soldatapeko emakumeak 9.028 57,0
Emakumeak patronatuetan 1.088 36,0
Diru-sarrerak (milaka eurotan) 1.560.624 100,0
Gizarte-Zerbitzuak eta Osasuna 411.398 26.6
Hezkuntza 133.937 8,6
Kultura eta euskara 112.218 7,2
Kirola 28.870 1,8
Garapen sozioekonomikoa eta komunitarioa 113.309 7,3
Zientzia eta teknologia 414.691 26,6
Beste jarduera-eremu batzuk 343.241 22,0
Gastuak (milaka eurotan) 1.280.028 100,0
Balio Erantsi Gordina (BEGd) uneko prezioetan (milaka eurotan) 706.991
% BPGd-ren gainean 0,8