Eusko Jaurlaritzak 200.000 euro emango ditu Euskal Kultura Ondarearen babesari buruzko ikerketa-lanetarako dirulaguntzetan

0

Gobernu Kontseiluak, 2025 eta 2026 urteetan euskal kultura-ondarea osatzen duten elementuei (adierazpen immaterialak ezik) buruzko ikerketa-lanak egiteko dirulaguntzen deialdia onartu du gaur. Hala, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 200.000 euro bideratuko ditu deialdi honetara. Proiektuak %100ean lagundu ahal izango dira diruz, 15.000 eurora arte.

Diruz lagundu daitezkeen lanek ondare materialaren ondasun higiezinetan zein higigarrietan zentratu ahal izango dira, eta EAEko kultura-ondarearen ikuspegitik aztertutako ondasunen ezaugarriei edo garrantziari buruzko ezagutza berria sortu beharko dute, haien balorazio kritikoa egiten eta haien babesa hobetzen laguntzeko.

Diruz lagunduko diren proiektuak 2025eko ekitaldian hasi beharko dira, eta 2026eko azaroaren 6a baino lehen amaitu.

2025-2026ko deialdirako eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

2024ko deialdian, Euskal Kultura Ondarea babesteko 13 ikerketa-proiektu lagundu ziren diruz.