Eusko Jaurlaritzak, EEE – Energiaren Euskal Erakundearen bitartez, bihar ekainaren 18tik aurrera trakzio elektrikoa duten ibilgailuak erosteko MOVES III 2025 laguntza-programa argitaratuko du. Ekainaren 25etik aurrera egin ahal izango dira programa honetarako eskabideak. Programak 14,9 milioi euroko aurrekontua izango du guztira, mugikortasun jasangarria eta kargatzeko puntuen ezarpena bultzatzeko helburuarekin, 7.000 eurorainoko dirulaguntzekin auto bakoitzeko. Aurrekontuaren arabera, 8,4 milioi euro bideratuko dira auto elektriko berriak edo erakusketakoak erostera eta 6,5 milioi euro karga-puntu berriak ezartzera. Programa berriak 2.000 ibilgailu elektriko inguru zirkulazioan jartzen lagunduko du Euskadin.
MOVES III 2025 laguntza-programarako eskaerak ekainaren 25etik aurrera egin ahal izango dira Energiaren Euskal Erakundearen web-orriaren bitartez. Ibilgailuen parkearen elektrifikazioa bultzatu nahi dute laguntzek, eta motorizazio elektrikoa duten gutxi gorabehera 2.000 ibilgailu erosten ere lagunduko dute. Eskariak aurkezterakoan aintzat hartu behar da MOVES III 2025 programak atzerako eragina izango duela herritarrentzat (enpresen kasuan ez), eta beraz 2025eko urtarrilaren 1az geroztik erositako autoei eta karga-puntuei eman ahal izango zaiela laguntza.
Halaber, karga-puntuen azpiegitura indartzen jarraitzeko laguntzak emango dira. Esparru horretan, Euskadi bigarren autonomia da, 1.000km-ko 55,6 punturekin. Mota horretako instalazioek % 70erainoko dirulaguntza jaso dezakete.
Laguntza horiek jarraipena ematen diete aurreko MOVES programei, erregai fosila erabiltzen zuten autoen ordez elektrikoak erabiltzea arrakastaz sustatu baitzuten. Azken programaren esparruan, 18.000 eskaera positiboki ebatzi ziren (7.800 auto eta 6.700 karga-puntu).
Ibilgailu elektrikoak erosteko ematen ziren zenbatekoak mantendu egin dira MOVES III 2025 programan; hala, % 100 elektrikoak diren autoek, txatar bihurtutako beste ibilgailu zahar bat ordezkatzen badute, 7.000 eurora arteko laguntza jaso ahal izango dute. Gainera, karga-puntuak ezartzeko azpiegiturak % 70era arte iritsi ahal izango dira. Kolektibo batzuentzat laguntza horiek handiagoak izango dira, taxi gidarientzat eta 5.000 biztanle baino gutxiago dituzten herrietako pertsonentzat, tartean.
Sektore hartzaileen sorta zabala barnean hartzen dute laguntzek, pertsona partikularrekin hasi eta enpresak, ETEak, pertsona autonomoak, Administrazio Publikoak eta eraikinetako jabeen erkidegoak ere barnean hartuta. Eraikinetako jabeen komunitateek laguntza horiek baliatu ahalko dizute kargatzeko sistemen aldez aurreko instalazio nagusia egiteko eta, hori horrela, etxaldeetako garajeak prest uzteko mugikortasun elektrikoa iristen denerako.
Mikel Jauregi sailburuak azpimarratu duenez “gizarteari baliabideak eman behar dizkiogu isurpen gutxiago dituzten ibilgailuak eskura ditzan, bide batez euskal ekonomiarentzat oso garrantzitsua den autogintzaren alorra babesten jarraitzen dugularik, 40.000 lanpostu sortzen baititu Euskadin. Euskadiko berotegi-efektuko gas guztien % 35 garraioak sortzen ditu. Errepideko garraioa deskarbonizatu egin behar dugu, eta, horretarako, ibilgailu elektrikoa aliatu handia da emisioak murrizteko, batez ere, ingurune hiritarrenetan. Eusko Jaurlaritza, EEEren bitartez, leihatila bakarra izango da euskal herritarrek deskarbonizatutako eta gutxiago kutsatzen duten garraio-irtenbideak aukeratu ahal izateko”.
“Mugikortasun jasangarrian aurrera egiteko, Jaurlaritzaren apustua neutraltasun teknologikoan oinarritzen da. Auto elektrikoa babesten dugu, zalantzarik gabe, baina isurpen txikiagoak dituzten bestelako ibilgailu berriak ere gai dira errepide-bidezko garraioaren deskarbonizazio orekatua eta adimentsua bultzatzeko. Teknologiari dagokionez, agnostikoak izateaz ari gara: ibilgailu elektriko soilak eta hibrido entxufagarriak, autonomia hedatukoak, PGL (petrolio gas likidotua) erabiltzen dutenak, gas naturala, gasolina edo gasolioa, beti ere emisio ez elektrikoetan 125 g/km Co2 baino gutxiago igortzen duten autoak eta 150 g/km baino Co2 gutxiagoko furgonetak. Hori dela eta, MOVES III 2025 programa berria Emisio Gutxiagoko Ibilgailuentzako laguntza-programarekin batera arituko da”, esan du Jauregik.
Emisio Gutxiagoko Ibilgailuak eta MOVES III 2025 programak
MOVES III 2025 programak bat egiten du Eusko Jaurlaritzak Energiaren Euskal Erakundearen bidez apirilaren 1az geroztik emisio gutxiagoko turismo-ibilgailuen edo furgoneten erosketa bultzatzen zituzten laguntzeekin, ibilgailu horiek gasolina, gasolioa edo PGLa erretzen duten teknologiakoak zein emisio gutxiko beste teknologia batzuetakoak izanik ere. Laguntza horiek ehunka ibilgailuren aldaketa baliatu dute dagoeneko 600 espediente baino gehiago izapidetu ondoren haien ordez efizientzia handiko eta emisio gutxiko beste batzuk sartzeko. Hortaz gain, 2.000 informazio-eskaera baino gehiago ere tramitatu dira.
MOVES III 2025 programak ezartzen dituen eskakizunengatik, bere laguntzak ez dira bateragarriak beste programek emandakoekin, jaurlaritzak sortutako tartean Emisio Gutxiagoko Ibilgailuak ematen dituen diru-laguntzekin. Horregatik, beraz, ibilgailua erosteko eskaria egiterakoan, bat edo bestea aukeratu beharko da. MOVES III 2025 programak ez du behartzen ibilgailu zaharra txatar bihurtzera, baina ibilgailu berria erosteko laguntzaren zenbatekoa handitzen du horrela egiteak; Emisio Gutxiagoko Ibilgailuak programaren kasuan nahitaezkoa da aurreko ibilgailua txatar bihurtzea.
Energia-politiken eta euskal ekonomia deskarbonizatzeko politiken bidez laguntzea helburu duen Eusko Jaurlaritzaren energia-agentzia da Energiaren Euskal Erakundea, eta irizpide energetikoetan, ingurumen-arlokoetan, ekonomikoetan eta sozialetan oinarritutako mugikortasun-eredu bat sustatzen du. Errekuntzako ibilgailuen ordez ibilgailu alternatiboak sartzea fenomeno gero eta nabariagoa da parke mugikorrean, eta aurrerapauso bat da sektorearen deskarbonizazioan.