Eusko Jaurlaritzak 800.000 euroko dirulaguntza emango du kultura-arloko jaialdiak antolatzeko

0

Gobernu Kontseiluak 2025ko dirulaguntzen deialdia onartu du gaur, kultura-arlo jaialdiak antolatzeko, bereziki musikan, antzerkian, bertsolaritzan, dantzan, liburugintzan, ikus-entzunezkoetan, ikusizko arteetan eta sormenezko jardueretan. Hala, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak iazko kopurua bikoiztuko du (%100 igoera) eta, guztira, 800.000 euro bideratuko ditu deialdi honetara.

Diru kopuru hori honela banatuko da:

  • 340.000 euro arte bizietako jaialdiak antolatzeko (arte eszenikoak, zuzeneko musika, bertsolaritza…). Iaz 160.000 euro (%112,5 igoera)
  • 240.000 euro arte ikus-entzunezko jaialdiak antolatzeko. Iaz 130.000 euro (%84,6 igoera)
  • 130.000 euro arte ikusizko arteetako eta literaturako jaialdiak antolatzeko. Iaz 80.000 euro (%62,5 igoera)
  • 90.000 euro arte diziplina anitzeko eta sormenezko kultura-jardueretako jaialdiak antolatzeko. Iaz 30.000 euro (%200 igoera).

Atal honetan diruz lagundu daitezkeen jardueren artean sormenezko jarduerak sartu dira. Sormenezko jardueratzat hauek hartuko dira: argitalpenak eta medio inprimatuak, kultura ondarea, arkitektura, artisautza, diseinua, sormen-gastronomia, hizkuntzaren industriak, moda, publizitatea eta marketina eta bideojokoak.

Diruz lagundu daitezkeen programak edo jarduerak Euskal Autonomia Erkidegoan garatu beharko dira, 2025eko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean, eta haien edukia batez ere kulturala izanik, programazio artistikoa espezializazio-maila handikoa eta Euskal Autonomia Erkidegoko kultura-panoramarako interes berezikoa izan beharko du. Gainera, jaialdiak aldizkakoak izan beharko dira eta irauteko bokaziodunak, eta gehienez 45.000 euro jasoko dituzte.

Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Iazko deialdian 25 jaialdi lagundu ziren diruz.