Eusko Jaurlaritzak inklusiorako hamalau proiektu bultzatu ditu 1,2 milioi eurorekin, pertsona zaurgarrienen enplegua eta bizi kalitatea hobetzeko

0
Sede del Gobierno Vasco, Lakua

Eusko Jaurlaritzak 1,2 milioi euro inbertitu ditu inklusiorako hamalau proiektu pilotu abian jartzeko, pertsona zaurgarrienen enplegagarritasuna eta bizi kalitatea hobetzeko. Programa esperimental horiei esker, 359 pertsonak hobetu dute euren egoera dagoeneko. Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak eta Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak sustatutako laguntza ibilbide mistoak dira, eta ongizate estatua osatzen duten sistema instituzional desberdinen artean sektoreen anitzeko arreta koordinatua edo sarekoa eskaintzea dute helburu.

“Emaitza oso positiboak ari dira ematen”, Sara Buesa Inklusio zuzendariak gaur, asteartea, Oarso-sarea proiektu pilotuaren aurkezpenean azpimarratu duenez. Oarso-sarea inklusio eta laneratze ekimen bat da, Oarsoaldean (Gipuzkoa) kolektibo zaurgarrienekin abian jarritako esku hartzeak indartzeko, Errenteriako eta Intxaurrondoko (Donostia) Lanbideren bulegoei, Oarsoaldeko mankomunitateari eta Errenteria, Lezo, Oiartzun eta Pasaiako gizarte zerbitzuei esker.

“Inklusioa Bermatzeko Sistemaren Legeak erronka argi bat ezartzen digu: sistemen arteko lankidetza artikulatuko duen eredu baterantz aurrera egitea, pertsona zaurgarrienei arreta integrala eskaintzeko”, azpimarratu du Buesak. Eta horixe da proiektu pilotu hauek bilatzen dutena: modu koordinatuan lan egitea hainbat sistematako profesionalen artean, esaterako, Lanbide, Osakidetza eta foru eta udal mailako gizarte zerbitzuen artean, bazterketa arriskuan dauden pertsonei ahalik eta modurik eraginkorrenean arreta emateko.

Programa horietan parte hartzen dutenek inklusio prozesu luzeak behar dituzte, bai enpleguaren eta prestakuntzaren eremuan, bai arlo soziopertsonalean. Lortutako emaitza onak ikusita, Eusko Jaurlaritzak laguntza eredu hori beste erakunde maila batzuetara orokortu eta estrapolatu nahi du orain. Hori dela eta, dagoeneko lantalde bat jarri du abian, osasun arloko, hezkuntzako, etxebizitzako, gizarte zerbitzuetako eta enpleguko 30 eragile publiko pribatuk osatua, sistema guztiak integratuko dituen eta arreta integrala eskaintzeko estrategia komun bat ezarriko duen eredu partekatu bat definitu eta ezartzeko.

Ildo horretan, oinarrizko dokumentu bat eta koordinazio eta gobernantza egituraren proposamen bat prestatu ditu Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak, laguntza pertsonalizatua eskaintzeko. Dokumentu horiek lantalde horri helarazi zaizkio dagoeneko, hedapen estrategia baterako esparru izan daitezen. “Lanean jarraituko dugu sektoreen arteko lankidetza hori arreta sistema pertsonalizatu, eraginkor eta gizarte premien konplexutasunarekiko sentikor baten oinarri bihur dadin”, adierazi du Sara Buesa Inklusio zuzendariak.

Eredu erreplikagarria

Oarso-sarea 2023an sortu zen, Eusko Jaurlaritzako Inklusio Zuzendaritzak sistemen arteko koordinazioa indartzeko hautatutako hamalau ekimenetako bat izanik. Prebentzio ikuspegi pertsonalizatu batekin, mankomunitateak, Lanbidek eta Oarsoaldeko gizarte zerbitzuek osatutako mahai tekniko bat sortu zen, eta 18 hilabetez eskualdeko 24 pertsonen arreta optimizatzeko tresnak eta prozesuak ebaluatu ditu. Izandako arrakasta tarteko, proiektu hori erreferente da, eredu erreplikagarri bihurtuz.